JOSÉ MIGUEL TOLOSA, Team Sancheski taldeko kide ohia: “Auzoko pribilegiatuak izan ginen”

Irunen, Tolosa abizena estu lotuta dago skateboard-arekin eta Sancheskirekin. Luis, José Miguel eta Juantxo anaiak haurrak zirela hasi ziren patinatzen, Anaka auzoan. Fabrikatik 200 metrora bizi ziren, eta Sánchez anaiek Team Sancheski talderako errekrutatu zituzten. 1980 urtearen inguruan hamahiru-hamalau urteko haurrentzat pentsaezinak ziren esperientziak bizi izan zituzten. José Miguelek kontatu ditu garaiko oroitzapenak.skate35(1)
Noiz izan zenuten skateboard-aren berri, lehen aldiz?

70eko hamarkadan hasi ginen dendetan monopatinak ikusten. Gu, haurrak ginela, bizikletan ibiltzen ginen, eta ikaragarri gustatzen zitzaigun abiadura. Baina bagenuen Donostiako lehengusu helduago bat, surf munduan ibiltzen zena, eta dagoeneko monopatina erabiltzen zuena. Harekin hasi ginen patinatzen, eta lehen trukuak ikasten.

Auzoko espaloietan hasi ginen patinatzen”
Non patinatzen zenuten Irunen?

Auzoko espaloietan hasi ginen. Anakako plazoleta zen erdigunea, Casinoaren parean dagoena. Han ibiltzen ginen auzoko gazte guztiak. Lagun batzuek egurrezko arrapala bat ere eraiki zuten. Gogoratzen dut gazte batzuk autobusaren atzeko aldeari helduta igotzen zutela malda, gero ziztu bizian jaisteko. Gidaria ez zen konturatzen.

Iparraldera ere joaten ginen tarteka, zaletasun handiagoa zegoelako han. Jendeak esperientzia gehiago zuen, eta material hobea ere bai. Donibane-Lohizunen skate pista zegoen, Erromardia hondartzan. Larunbat arratsaldetan gurasoek hara eramaten gintuzten. Gurasoak paseoan ibiltzen ziren, eta gu, bitartean, pistan patinatzen. Asfaltoz egindako pista zen, oso bitxia.

Material berriena ematen ziguten, eta probatu ere egiten genuen”
Nola sortu zitzaizuen Sancheski taldean patinatzeko aukera?

Fabrikatik oso gertu bizi ginen. Nire aitak Tolosa inprenta zuen, eta harreman komertzialak zituen Sancheskirekin. Gu patinatzen hasi ginenean, Sánchez anaiekin hitz egin zuen, fabrika erakusteko, eta hango arrapaletan ibiltzen uzteko.

Orduan taldea sortzen ari ziren. Haiek monopatina atera zutenean, dendetan jartzen zuten salgai, baina jendeak ez zekien erabiltzen. Gehienek taularen gainean eserita maldak jaisteko erabiltzen zuten. Taldearekin, monopatinaren erabilera zabaldu nahi zuten. Arabako eta Bizkaiko jendea zuten, baina Irungo patinatzaileak ere nahi zituzten taldean. Ondo moldatzen ginela ikusi zutenez, taldeko kide izatea eskaini ziguten. Guretzat ikaragarria izan zen. Auzoko pribilegiatuak izan ginen aurrerantzean. Material berriena ematen ziguten, eta probatu ere egiten genuen, fabrikako arrapaletan.

Estatu osoan zehar bidaiatu zenuten, gainera. Nolako esperientzia izan zen?

Volkswagen furgonetarekin joaten ginen alde batera eta bestera. Gu haurrak ginen oraindik, baina Gasteizkoak, adibidez, helduagoak ziren. Bospasei urte gehiago zituzten, eta neska-lagunak eramaten zituzten. Aterpetxeetan egoten ginen, eta haiekin elkar bizitzea oso erakargarria zen guretzat. Bestalde, famatuen gisan sentitzen ginen. Jendearentzat oso harrigarria zen monopatinarekin egiten genuena, eta ikusle mordoa izaten genuen.

Skate-arekin oso ondo ibiltzen zen jendea ezagutuko zenuten.

Bai, Bartzelonan adibidez, oso jende ona zegoen. Hori bai, talde moduan, Sancheski estatuko onena zen. Bakarka, patinatzaile onak zeuden, eta asko ikasi genuen haiengandik. Bartzelonako Arenys de Munt-en antolatu zuten Espainiako Txapelketa gogoratzen dut bereziki.

Noiz arte aritu zineten taldearekin?

Lauzpabost urte eman genituen, baina gero utzi egin genuen. Hasierako aparra baretu egin zen, eta monopatinak indarra galdu zuen pixkanaka, patinekin alderatuta, adibidez. Sancheski ere patinetan zentratu zen. Patinekin jarraitzeko animatu nahi izan gintuzten, baina guri ez zitzaigun gustatzen. Ez zen gauza bera.

Beranduago ere izan ditu bolada onak monopatinak.

Bai. Bospasei urte beranduago skate parkeak eraikitzen hasi ziren hirietan. Denborarekin egonkortu egin da, eta kirol bat gehiago da orain. Instalazioak daude hiri gehienetan, zale fidelak ere bai, eta gazteak harrapatzen ditu. Zenbait ezaugarri erakargarri dituela uste dut: abiadura, adrenalina, arrisku puntu bat etab. Gainera, gazte alternatiboaren eta errebeldearen ikurra ere bada.

Patinatzen jarraitu al zenuten, taldea utzi ondoren?

Alde batera utzi genuen, ikasketekin eta beste jarduera batzuekin hasi ginenean. Azken aldian, seme-alabak eta ilobak patinatzen hasi dira, eta zaletasuna berreskuratu dugu, haiekin batera. Baina neurri berean ez, jakina. Ni gaur egun ez naiz skate parkean sartzen. Jada ez ditugu hamabost urte, eta eroriz gero min handia hartu dezakegu.

Gaur egun kaskorik eta babesik gabe patinatzen dute gazte askok. Zuen garaian ere bai?

Ez. Gu kaskoarekin eta ukondoetako eta belaunetako babesekin ibiltzen ginen. Profesionalak ere horrela aritzen dira. Gaztetxoek babesik gabe patinatzen dutela ikusten dut, eta arrisku handia hartzen dute, egia esan, zementuzko pistan erortzeak lesio larriak eragin ditzakeelako. Babesen erabilera derrigortu behar litzateke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude