
Betti Gotti Euskara Kultur Elkartea da eta elkartearen proiektu handiena Udalekuak dira. Hala ere, urtean zehar bestelako ekintza kulturalak bul-tzatzen dituzte, hala nola, Koadrilen Eguna, Olentzeroren etorrera eta bestelakoak. Ekintza guzti horien artean, elkarteak begirale berriak lortzeko deialdia ireki du.
Zeintzuk dira elkartearen helburuak?
Euskara da elkartearen helburu nagusia. Euskaraz bizi ahal izateko aukera eskaini nahi dugu, izan ere, udalekuen antolaketaren bitartez eskualdean gurea den hizkuntzan bizi ahal izateko tartean sortzen diren zailtasunez ohartzen garelako.
Euskararekiko konpromezua elkarteak antolatutako ekintza guztietan islatzen duzue?
Euskara gure hizkuntza naturala da eta hizkuntzarekin zailtasunak dauzkanari erraztasunak ematen ahaleginduko gara. Euskaldunentzako udalekuak antoaltzen ditugu eta urtean zehar antolatutako beste ekintzetan mintzaera arintzeko erraztasunak ematen ditugu.
Ekintza guzti horien artean, elkartean begirale berriak behar dituzue?
Bai, deialdia ireki dugu begiraleak Betti Gotti elkartearen parte izatera etor daitezen. Horrela, guregana hurbiltzen den jendea elkartearen helburuekin sentsibilizatu nahi dugu, haiek ere elkartearen parte izan daitezen.
Azkenaldian begirale kopuruan beherakada nabarmenik izan duzue?
Bolondres izatea ziklikoa dela dirudien arren, badira okerragoak diren urteak. Horregatik, jende berria aurkitzea ezinbestekoa da talde berria osatzeko. Jendeak gure proiektuan sinisten badu, elkartearen parte izatera gonbidatu nahi ditugu. Udalekuen barnean hiru proiektu dauzkagu: Txikien txanda, handiena eta nerabeena. Horregatik, urtero guregana hurbiltzen den jendeaz gainera, begirale gehiago topatzeko deialdia zabaltzea ezinbestekoa zaigu.
Zein lan egin beharko dute begiraleek?
Udalekuetara sartzen den begiraleak, Udaleku egunetako begirale lanaz gainera, aurretik egiten diren antolaketa lanetan ere parte hartuko du. Hortaz gain, norbaitek Betti Gotti elkartearen parte izan nahiko balu Koadrilen Egunean, Olentzeroren etorreran edo Euskararen egunaren inguruan antolatutako ekintzetan lagundu ahalko du.
Zeintzuk dira begirale izateko bete beharreko baldintzak?
Antolaketa eta administrazioari begira titulua duten pertsonen kopuru minimoa bete behar dugu. Hala ere, titulua lortzeko praktikak egin nahiean jendea hurbiltzen zaigu eta guztien eskakizunak betetzea ezinezkoa zaigun arren, ahal izanez gero praktikak egiteko aukera eskain-tzeko prest gaude.
Administraziotik haratago, zein ezaugarri izan behar ditu begirale on batek?
Betti Gottin urtero formakuntza bat egiten dugu elkartean lan egiteko era azaltzeko. Hitzak esaten duenez, begiralea behatzeko gai den pertsona bat izan behar da eta, gainera, umeengana iristeko gai dena. Dohain horiek izanda, enpatiaren bitartez umeenganako hezitze prozesu batean parte hartzeko modua aurkitzea erraza da eta, bestela, ikasteko aukera dago beti.
Begiraleen lana hartu-eman gisa definitu daiteke?
Egunero gure ebaluaketak egiten ditugu eta egiten dugun lana pertsona bezala betegarria dela esan dezakegu helburuak betetzen direnean. Ume bakoitzarengana iristeko estrategiak antolatzen ditugu eta gauzak ondo ateratzen direla ikustea oso esperientzia aberasgarria da.
Nola jarri daitezke bolondresak elkartearekin harremanetan?
Webgunean informazio guztia dugu, baina, guretzako kontakturik zuzenean posta elektronikoa da (bettigotti@hotmail.com).
Deialdiak bere fruituak eman ditu jada?
Oso erantzun polita jaso dugu orain arte. Hautaketa egiteko elkarrizketak egiten dizkiegu bolondresei taldeak orekatu ahal izateko. Oraindik begiraleen bilaketan murgildurik gabiltza, baina, esan beharra dago nerabeen udalekuetarako izen-ematea zabalik dugula. Horrela, 16 eta 17 urte arteko gazteak udaleku berezi batzuetan parte hartzera animatu nahi ditugu, beraiek izango baitira Udalekuak sortuko dituztenak euskara estandarte hartuta.
Datozen hilabeteetara begira lan asko duzue elkartean?
Bai, agenda urtarrila hasieratik lotuta dugu. Begirale bilaketaren azken urratsak ematen ari gara eta nerabeen udalekuen izen-emateak irekita daude. Martxo inguruan, berriz, txiki (8 eta 11 urte artekoak) eta handien (12 eta 15 urte artekoak) txandak irekiko ditugu.Gainera, Koadrilen Eguna prestatzeko lanean ari gara ere, denbora asko eskatzen baitigu egun horretan mugitzen dugun pertsona kopuru handiarengatik.
Elkarrizketaren bideo osoa Txingudi Onlinen ikusgari.