Josune Lasa: “Monitoreak aktiboa eta dinamikoa behar du izan”

Aisialdiko begirale aritzea izaten da gazte askorentzat lehen lan esperientzia. “Irakasle-eskolako ikasleontzat batez ere, momentuko irtenbidea da. Hala ere, ezberdintasun handiak daude, irakastea edo entretenitzea ez baita berdina”, azaldu du Josune Lasak. Donostiako Txintxirrin KKEn ari da irundarra begirale lanean, udalekuetan, irteeretan eta urtebetetze festetan.

txintxirri

– Zeintzuk dira aisialdiko begirale izateko bete beharreko baldintzak?
Begiralearen helburu nagusia umeak entretenitzea, ondo pasaraztea izango da. Horretarako, pertsona aktiboa eta dinamikoa behar du izan. Imajinazioa ere beharrezkoa da, gauza berriak bilatu behar direlako beti. Saiatua eta arduratsua ere izan beharko du, sor daitezkeen arazoei aurre egin ahal izateko.
– Zein arazo egon daiteke?
Izan daitezke portaera arazoak, haurren artean sor daitezkeen eztabaidak edo istiluak. Integrazio arazoak ere badaude, horiek larriagoak dira. Bestalde, hezitzaile modura, ezusteak topa ditzakezu. Eguraldia dela eta, aurreikusitako ekintza bertan behera gera daiteke, adibidez. Horretarako “B” planak edukitzea ezinbestekoa da.
– Txintxirrin KKE elkartean ari zara lanean. Nolako elkartea da?
Aisialdira dedikatzen den enpresa da, beti ere haurren zaletasunak kontuan hartuta. Denok ezagutzen ditugun udaleku orokorrak antolatu beharrean, espezializazioa bilatzen du: kiroletako udalekua, ingeleseko udalekua… Hori da bere arrakastaren giltza. Bestalde, urte osoan zehar ere jarduerak antolatzen ditu, Gabonetako eta Aste Santuko oporretako irteerak, eskiatzera joateko irteerak, edo urtebetetzeak, besteak beste. Etxeko lanak egiteko eta eskolako zalantzak argitzeko laguntza ere eskaintzen du.
– Urtebetetze festak antolatzen dituzue?
Proiektu berritzaileetako bat da. Gurasoak Txintxirrinekin harremanetan jartzen dira, eta elkarteak dekorazioa, janaria, edaria edo tarta prestatzen ditu. Ondoren monitore bat joaten da, haurrekin jolasean aritzera. Bideo-jokoak alde batera utzi, eta jolas zaharrak, jolas kooperatiboak berreskuratzeko helburuarekin.
– Irunera ere iritsi nahi du Txintxirrinek.
2015ean udaleku itxiak antolatzea da asmoa, aipatutako sailkapenei jarraituz beti ere. Gainera, beste jardueretan edozein irundarrek ere parte har dezake. Izen emandako haurren kopuruaren arabera, irteerak Irundik atera daitezke.
– Zer ikasi duzu zuk hezitzaile modura Txintxirrinen egin duzun lanean?
Alde batetik, hizkuntzek programazioan duten eragina ikusi dut: aurten euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta errusieraz egiten zuten haurrekin egin dut lan. Bestetik, anai-arrebak talde berean egoteak sortzen dituen arazoei aurre egiten. Zaila da horrelako egoerak kudeatzea. Gainera, ipuin eta jolas asko ikasi ditut. Aisialdiak duen gauzarik politenetarikoa da haurtzaroan jasotakoa transmititzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude