Joxan Elosegi, 2021eko Euskadi Literatur Saria Euskarazko Literatura Itzulpenean: “Askotan liburuak irakurtzen ditugu nork itzuli dituen jakin gabe”

Joxan Elosegik Euskadiko Literatur Saria jaso du Irene Solà kataluniarraren “Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak” eleberriaren itzulpenarengatik. Itzulpengintzaz harago, irundarrak euskararen irakaskuntza, denbora-pasen sorrera eta euskara bultzatzeko hainbat proiektutan murgildu da bere bizitzan zehar. Zehazki, Aitor Errazkinekin batera, 2020ko Jose Antonio Loidi bekaren ikerketa gauzatzen ari da “Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean” proiektua aurkezteko. Joxan Elosegik bere bizitzan zehar landutako arlo guztiez hitz egin du.

Saritutako liburuaren lanaren itzulpenarengatik saririk jasotzea espero zenuen?
Beti eskergarria da sari bat jasotzea, errekonozimendu bat baita. Beraz, alde horretatik oso pozik nago.

Zertan bereizten dira itzulpen arrunt bat eta saria merezi duen lan bat?
Nik ere, egia esan, ez dakit. Inoiz ez naiz izan epaimahaiko partaide eta ez dakit zer aztertzen duten. Egia da liburu berezi eta bitxia dela, literaturako liburu guztiak bezala. Gu lana ahalik eta hobekien egiten saiatzen gara. Ez dakit zergatik bereziki hau aukeratu duten eta ez beste bat.

Itzultzailearen lana oharkabean pasatzen da?
Neurri handi batean hala behar duela uste dut. Zuk liburu bat eskutan hartzen duzunean, liburu bera eta bere sortzailea hartzen dituzu kontuan. Egiazko sortzailea idazlea da. Askotan liburuak irakurtzen ditugu nork itzuli dituen jakin gabe. Hala ere, uste dut orokorrean itzultzaileei gustatuko litzaigukeela gure lanaz zabalago hitz egin dadila. Gure lana nolakoa den ezagutzeko, lanean nolako erronkak izaten ditugun kontatu beharko litzateke. Sarritan behar hori sentitzen dugu eta, besteetan, aldiz, ez. Itzulpen mota asko dago, orain, adibidez, itzulpen literarioaz hitz egiten ari gara. Gure oinarrian beti testua dago, testuak itzultzen ditugu eta itzultzaileak testuaren bertsio berri bat sortzen du. Zintzotasunez jokatzen badugu, jatorrizko testuaren bertsio egokia izan behar du. Hori da gure lana. Gu irakurleak gara eta, aldi berean, gure hizkuntza ulertzen duen jendeari guk irakurritako testua eskaintzen diogu, haiek nahi duten hizkuntzan. Kasu honetan, euskaraz.

Beste hizkuntzekin alderatuta, euskarazko itzulpen lanak egitea konplikatuagoa da?
Teorian ez dago alde handirik. Praktikan, behar bada, euskarazko itzulpengintzaren tradizioa ez da horren zabala eta beste berezitasun batzuk izango ditu. Azkenaldian itzulpen automatikoan aurrerapauso handiak eman dira eta baita euskararen kasuan ere. Itzulpengintzaren tradizioa murritzagoa izanda, euskara oraindik ere proiektuan dagoen hizkuntza bat da, beraz, baditu bere berezitasunak.

Itzulpenek euskararen biziraupenean laguntzen dute?
Bai, hizkuntza bultzatzeko bide bat dira, baina, batez ere, beste hizkuntzetan egiten diren gauzak euskaraz, gure hizkuntzan, emateko modua dira. Normaltzat hartu behar dugu beste hizkuntzetan egiten diren produkzioak guk euskaraz jasotzea. Gainera, ez dut uste gauza bera denik erdaraz edo euskaraz irakurtzea. Hizkuntza bakoitzak bere ezaugarriak dauzka eta euskaldunok euskaraz testuak beste modu batera jasotzen ditugula uste dut, naturalago behar bada.

Itzulpenez gainera, 2020ko Jose Antonio Loidi bekaren ikerketan murgilduta zaude. Zergatik erabaki zenuten XIX. mendeko bertsolaritza ikertzea?
Proiektu bat da eta oraindik ez dugu bukatu. XIX. mendean bertsoak Irunen eta inguruko herrietan nolako ibilbidea egin zuen jakin nahi dugu. Inguruko herriak diogunean Hondarribia eta bestaldeko eremuaz ari gara, ez besterik. Bertso bilduma bat eskainiko dugu eta hainbat bertsolari aipatuko ditugu. Ziur horietako asko ezezagunak izango direla. Bertsoa garai horretan eguneroko kontua zela ikusiko dugu, bertsoa euskaldunak berarekin daraman zerbait baita. Batzuk bertso emaileak eta bertso jartzaileak dira eta gehienak kantu horien hartzaileak dira. Oraindik lanean ari gara eta lana entregatu aurretik esan dezakegu ziurrenik jendeak emaitza harriduraz jasoko duela. Izan ere, espero ez duen materialarekin egingo baitu topo.

Zuk idatzitako “Euskaraz, Irunen barrena” liburuak Irunero aldizkariarekin harreman estua du. Zein da liburu horren berezitasuna?
Interesgarria da. Bilduma horretan argitaratzen dira garai batean Irungo La Sallen ibili zen anaiak 1959. urtearen bueltan euskaraz jasotako kontuak. Era askotako testuak biltzen dira bertan, “El Bidasoa” aldizkarian argitaratu zirenak. Besterik gabe, horiek bildu eta liburu batean eman genituen. Bestetik, duela zenbait urte Lopetegi bertsolariaren liburua argitaratu nuen. “Joxemari Lopetegi errepublikanoen bertsolaria” liburuak nolabaiteko lotura du bilduma honekin. Joxemari 1875ean sortu baitzen eta, XIX. mendean jaio arren, XX. mendeko bertsolaritzat hartzen dugu.

Euskararekin lotutako hainbat arlo landu ostean, oraindik egiteke dagoen proiekturen bat duzu buruan?
Beti ere asmoren bat baduzu. Ahal izanez gero itzulpen lanetan segituko dudala uste dut. Beste zertan? Ba ez dakit. Dakizuen bezala prentsan eta hainbat aldizkaritan kolaborazioak egin ditut. Nire bizitza Irungo AEKn euskarazko klaseak ematea eta itzultzea izan da. Bestetik, hitz-gurutzatuen eta denbora-pasen sortzailea naiz aspaldidanik. Garai batean arlo hori asko landu nuen eta Luma izeneko aldizkaria atera genuen. Ez dakit berriro horretan sartuko naizen, behar bada bai.

 

https://txingudionline.com/joxan-elosegi-2021eko-euskadi-literatur-saria-literatura-itzulpenean/

https://txingudionline.com/joxan-elosegi-2021eko-euskadi-literatur-saria-literatura-itzulpenean/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude