JUAN CARLOS INFANTE, etxegabetzea jasan duen irundarra: “Ezinbestekoa da banketxeei presioa egitea”

Komunikabideetan oihartzuna izan zuen lehen etxegabetze kasua izan zen Irunen. 1996an, etxebizitza erosi zuen Juan Carlos Infantek, Larretxipi kaleko 36.ean. Hamasei urtez hipoteka ordaintzen aritu zen, langabezian geratu zen arte. Ordaintzeari utzi behar izan zion orduan, eta etxegabetze prozesua hasi zen. 2012an epaitegitik pasa behar izan zuen Infantek, pisuaren jabe den Kutxabank-ek bide penaletik eraman zuelako auzia. Epaileak ez zuen aintzat hartu, eta negoziatzera presatu zituen bi aldeak.
Infantek salatu du ez dela negoziaziorik egon, eta behin eta berriro aldatu diotela etxebizitzako sarraila. Aldiro, hura ireki eta etxea okupatu izan du Infantek. Urtarrilaren 3an, ate osoa aldatu duten arte. Momentu honetan pentsio batean bizi da Infante, Irungo Udaleko Gizate Ongizatea arloaren bidez. Banketxearekin harremanetan dago Irungo Udala, aterabide baten bila.

Zerk eraman zintuen hipoteka ordaintzeari uztera?

Nik lanpostu finkoa nuen, gozotegi batean. Hasieran ez nuen inolako arazorik eduki hipoteka ordaintzeko. Gero gozotegia erre egin zen, eta ni langabe geratu nintzen. Hipoteka ordaintzen jarraitu ahal izan nuen denbora batez, langabezia prestazioa amaitu zitzaidan arte. Ordaintzeari utzi behar izan nion orduan, eta kaleratze prozesua hasi zen.

Enkantera irten den etxebizitza, eta Kutxabankek eskuratu zuen. Etxegabetze prozesuari ekin zion segidan?

Sarraila aldatzen hasi ziren orduan, baina nik bertan bizitzen jarraitu nuen. Banketxeak epaitegietara eraman ninduen, bide penaletik gainera. Bi urteko kartzela zigorra ere eskatu zuten niretzat. Epaileak ez zuen akusazioa onartu, eta sententzian esaten zuen banketxearen eta nire arteko negoziazio bat egon behar zuela, eta bitartean, nik etxean bizitzen jarraitu ahal izango nuela.

Azken urteetan urik eta argirik gabe egon naiz etxean”
Hori ez da bete?

Negoziazioa hutsaren hurrengoa izan da. Gu saiatu gara beraiekin harremanetan jartzen, baina ez dute erantzunik ere eman. Bitartean, makina bat aldiz aldatu didate sarraila. Nik ez dut beste bizitokirik, eta aldiro atea ireki eta sartu izan naiz. Azken urteetan urik eta argirik gabe egon naiz etxean, banketxearen aginduz moztu zizkidatelako. Ur botilekin moldatu izan naiz batzuetan, eta lagunen eta senideen laguntza ere eskertu behar dut.

Etxebizitza okupatu izan duzunean, udalak horren berri izan du?

Bai, baina ez du inoiz neurririk hartu. Azken aldiz sarraila ireki nuenean, bizilagunen batek udaltzainei deitu zien, eta bertara agertu ziren. Nire kasua azaldu nien, eta polizia-etxera joan behar izan nuen, salaketa jartzera. Baina gero etxean bizitzen jarraitu ahal izan nuen.

Prozesuak iraun duen bitartean, lan egiteko aukera izan duzu?

Bai, gasolindegi batean lanean egon nintzen. Baina orduan ere, banketxeak ez zuen negoziatu nahi izan. Are gehiago, kontua enbargatu egin zidaten, eta gutxieneko soldatatik gorako diru guztia kentzen zidan.

Stop Kaleratzeak plataformaren babesa izan duzu prozesu osoan zehar.

Nire kasua hasi zenean, sortu berria zen Irunen. Babes handia izan da, eta ez psikologikoa bakarrik. Nire abokatua, adibidez, plataformakoa da.

Oraingoan ez dizute sarraila aldatu, ate osoa baizik.

Bai, ate blindatua jarri dute, eta ezinezkoa da irekitzea. Pentsio batean geratzeko aukera eman dit Irungo Udaleko Gizarte Ongizatea arloak. Bitartean, apartamentu baten bila ari naiz. Udala Kutxabank-ekin hitz egiten ari da, akordio baten bila. Nik ezinbestekoa dut udalaren babesa, norbanako batek baino botere askoz handiagoa baitu negoziaziorako.

Bi helburu argi ditut nik: zorraren ordainketari buruzko akordio bat lortzea, eta etxetik nire ondasunak atera ahal izatea. Denbora gehiegi eman dut egoera bidegabe honetan sufritzen, eta topea jarri dut jada. Konponbidea behar dut, lehenbailehen.

Zorrak ikaragarri mugatzen du nire bizitza”
Zein neurritan baldintzatzen du zorrak zure bizitza?

Akordioren bat lortzen ez badut, ezin izango dut inoiz gainetik kendu. Gora egiten jarraituko du gainera, %30eko interesa ezartzen diotelako. Pentsa, prozesua hasi zenean, niri gutxi falta zitzaidala pisua ordaintzen amaitzeko. Momentu honetan, 100.000 eurotik gorako zorra dut banketxearekin.

Ni berankorren zerrendetan nago, eta ezin dut telefono konpainia batekin kontratu bat egin, banketxe batean kontu bat ireki, atzerrira irten, edo kotxe bat erosi edo alokatu. Lana lortzeko ere, zailtasun handiak ditut. Autonomo gisa, adibidez, ezingo nuke inoiz jardun. Ikaragarri mugatzen du nire bizitza. Eta eskerrak bikoterik eta seme-alabarik ez dudan.

Stop Kaleratzeak plataformaren bidez, beste bizilagunen kasuak ezagutu dituzu. Zein da kaleratzeen errealitatea Irunen?

Jendeak uste du ez dagoela kaleratzerik, ez dutelako oihartzun handirik. Baina jakina Irunen kasuak daudela. Horiek konpontzeko, ezinbestekoa da banketxeei presio egitea. Stop Kaleratzeak-en partetik, herri mobilizazioen bidez, baina udalaren laguntzaz ere bai. Duela gutxi, 180.000 euroko zorra zuen lagun baten kasua negoziatu genuen beste banketxe batekin, eta 5.000 euroan utzi zioten, etxea emanez. Nire kasua antzekoa izan liteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude