Juanjo Acosta Aita Mari ontziko bigarren ofiziala da. Abenduan Pasaiako itsasontzian bere lehen bidaia egitekoa zen, Aita Mariko kapitainak izandako istripuaren ondorioz bidaia bertan behera gelditu zen arte. Hala ere, aurretik, Juanjo Acosta migratzaileen krisialdian boluntario gisa lanean ibili zen Kihos uhartean.
Zergatik erabaki zenuen Aita Mari ontzian lan egitea?
Aita Mari ontziaren jarduera ezagutzen nuen, armadorea Itsas Salbamendu Humanitarioa elkartea da. Aurretik haiekin Grezian izan nintzen, Kihos uhartean istilu handiko garai batean eta boluntario bezala egun asko eman nituen bertan. Aitari minbizia antzeman ziotenean 4 urtez geldirik egon nintzen eta aita zendu ostean haiekin lanera itzultzea erabaki nuen. ISH erankundeari mezu bat bidali nion itsas gizona naizela azalduz eta nire laguntzeko prestutasuna azalduz. Mezua bidali eta hamar minuturen ostean telefono dei bat jaso nuen eta bi egun barru itsasontziarekin ateratzeko ofizial bat behar zutela esan zidaten.
Aurten aurreikusi baino egun gutxiago eman ditu Aita Mari ontziak itsasoan lanean?
Bai, ez gara nahi genuen guztia egitera iritsi. Gauza da, gatazka burokratiko asko izan ditugula eta gure esku zegoen guztia egiten ahalegindu gara. Kapitainak itsasontzian istripu bat izan zuen eta azken bidaia bertan behera utzi behar izan genuen.
Pandemiak nolabaiteko eragina izan du zuen jardueran?
Bai, asko gainera. Izan ere, pandemiaren eraginez tramite burokratikoak konplikatu egiten dira, protokolo berriak antolatu eta kutsatzerik gertatzea saihesteko kontu handiagoz ibili behar zara. Hortaz, itsasontziko lanari, lurrean egin beharreko tramite guztiak gehitu behar zaizkio.
Italiako portuan gobernuaren aginduz itsasontzia 49 egunez blokeatuta egon zen?
Azken finean, Italiako gobernuari ez zaio interesatzen zuk bertara migratzaileak eramatea, beraz, ahal duen guztia egiten du zure jarduera eteten saiatzeko. Horretarako, ikuskatze zorrotzak egiten dituzte itsasontzian, hobetu beharreko gauzak antzeman eta itsasontzia geldiarazteko.
Ondorioz, itsasontzian konponketa lanak egin behar izan dira?
Bai, bestela, ezinezkoa zen berriro itsasoratzea. Gobernuak agindutako lanak teknikoki gazteleraz MARPOL siglez ezagutzen den, ontziek eragindako kutsadura prebenitzeko nazioarteko hitzarmenarekin zerikusia duten gauzak izan dira. Zaborraren kudeaketa oso modu zehatz eta zorrotzean egitea exijitzen digute. Bestetik, hondakin-urentzako biltegi erraldoia izatea eskatzen ziguten, merkataritza-ontzi bat bagina bezala.
Gobernuek, lagundu beharrean, Aita Mari ontziaren jarduera oztopatzen dute?
Bai, azken finean, itsasora atera eta lanean hasi ahal izateko haien baimena behar duzu eta baimenak lortu bitartean denbora asko galtzen da. Horregatik, ezinbestekoa da Gobernuz Kanpoko Erakundeek eskaintzen diguten babesa, izan ere, guztion artean laguntzeko bidea dira eta.
Migratzaile kopuruan aldaketarik nabaritu duzue azken urte honetan?
Oso zaila da zenbaki zehatzak ematea, azken finean, inguru horretan lanean gabiltzan itsas salbamenduko ontziak eta GKEak gara itsasoan topatutako migratzaileen inguruko datuak bildu eta nolabaiteko kontrola daramagun bakarrak. Portutik atera eta Mediterraneora iritsi arte ez dakigu zenbat migratzaile aurkituko ditugu, non edo zein baldintzatan. Interes kontua da dena, Libiako autoritateei ez zaie interesatzen informazioa zabaltzea, beraz, ez dago datu ofizialik.
Noiz aurreikusten da Aita Mari ontziaren hurrengo bidaia egitea?
Otsailean lehenengo irteera egitea aurreikusita dago. Jendea etengabe itsasoa zeharkatzen eta asko bidean itotzen ari direla dakigu, nabigatzeko baimenaren esperoan gauden bitartean. Beraz, dena espero bezala ateratzen bada, otsailean Aita Mari itsasora itzultzea espero dugu.
“Orain guri dagokigu beharrezkoa den erantzuna ematea”
Zein da Aita Mariren irteera bat antolatzeko jarraitu beharreko prozedimendua?
Aita Mari ontziaren bidai bat antolatzeko ikusten ez den lan asko dago atzetik. Itsasora atera aurretik, itsasontziko tripulazioa osatzeko jendea bilatu, PCR probak egin edo beste herrialdeetatik datozen tripulazio-kideen bidaiak antolatu behar dira. Pandemiarekin, gainera, prozedura guzti hauek ohi baino konplexuagoak dira. Dokumentazioaz gainera, itsasontziko ekipamendua eta hornidura guztiz prest egon behar dira itsasoratzeko unea iristen denerako. Aita Mari portuan geldirik ikusi arren, atzetik dagoen lana ez da inoiz eteten.
Erreskate baten kasuan, berriz, zein da zuen egitekoa?
Migratzaileak uretan aurkitu ostean, patera hori erreskatatzeko baimena eskatu behar dugu. Adibidez, Libiako kostaldean migratzaileak erreskatatuz gero, Italiari pertsona horiek bertan uzteko baimena eskatu behar da eta orduan hasten dira itsasontzia porturatzea lortzeko tramite guztiak.
Ontzia zenbat pertsona erreskatatzeko prestatuta dago?
Aita Mari ontziak 90 pertsona artatu ahal izateko baimena duela esango nuke. Kopuru zehatza da eta bidaiarien segurtasuna bermatzeko kopurua ezin daiteke inondik inora ere gainditu. Bestela, itsasontzia geldiarazi edo isunak jasotzeko arriskua dago. Covid-19a dela-eta, erreskatatu daitezkeen migratzaileen kopurua murriztu da, lehen 120 pertsonentzako lekua genuela uste dut.
Bizipenek markatutako lana dela esango zenuke?
Istripuaren ondorioz Aita Marirekin egitekoa nuen lehenengo bidaia bertan behera gelditu zen. Dena dela, Grezian boluntario gisa egondako garaiko bizipen ugari gogoratzen ditut, migratzaile etorrera handiko garai baten egon nintzelako bertan. Itsasoan ez, baina, bertan lurrean arazoak bere horretan jarraitzen du inolako konponbiderik gabe. Horregatik, ISHk mediku zein erizainekin lanean jarraitzen du inguruan. Azkenean, itoalditik salbatu arren, lurrera iritsi eta migratzaileen bizi baldintzak okertzen direla ikustea kezkagarria da. Ihesean datozen pertsona horien bizitza hobetzen saiatzeko grinak bultzatzen gaitu, baina, saihestezina da lurrera iritsitakoan espero zaien errealitateak tristura eragitea.
Portura iristerakoan itsasontzian bizitako guztia ahaztu egiten da?
Zaila da itsasoan bizitako guztiak atzean uztea. Itsasoan nabilenez ni neu ohituta nagoela esan dezaket, beraz, lan eta gau gogorretara ohituta nagoela uste dut. Portura iritsi berritan oraindik burua itsasoaren beste muturrean duzula sentitzen duzu askotan. Pertsonaren izaeraren araberakoa izan ohi da hori, batzuei besteei baino gehiago kostatzen zaie.
Gizartea egun oraindik migratzaileek bizi duten egoeraz kontziente dela uste duzu?
Denetarik dago. Bada migrazio krisiaren gorabeheren berri duen jendea eta badira ere gaiaren inguruan ezer gutxi dakitenak edo jakin nahi dutenak. Errealitate hortaz jabetzeko nahikoa da alderdi politikoen jarrerari erreparatzea. Egia da, pandemiaren eraginez gaia oraindik gehiago baztertu dela, gizartearen osotasunari erreparatu beharrean, bakoitzak bere arazo indibidualetan zentratzea eragin baitu.
Zure ustez, zer aldatu beharko litzateke migrazio krisialdiari nolabaiteko konponbidea eman ahal izateko?
Arazoa benetan konpontzeko mundu osoa hobetzea beharrezko ikusten dut. Hain zuzen ere, migrazioaren atzean, gerrak, esplotazioa, Giza Eskubideen urraketa eta bestelako arazo erraldoiak ezkutatzen dira. Ez dugu ahaztu behar migratzaileek haien jatorrizko herrialdeetatik ihesean datozela, bertan bizi duten egoeraren ondorioz. Hortaz, laguntza esker datorren jendeari beharrezko harrera eta babesa eskaini beharko litzaiokeela uste dut. Iraganean gure arbasoak gai batean migratzaile izan zirenez gero, orain guri dagokigu beharrezkoa den erantzuna ematea.
Nola planteatzen duzue 2021. urtea Aita Mari ontzitik?
Argi eta garbi dago urte gogorra izango dela, pandemiaren eboluzioaren arabera gure jarduera egokitu beharko baitugu. Migratzaileek Mediterraneoa inolako segurtasun bermerik gabe zeharkatzen jarraituko duten bitartean guk lanean segitzeko asmoa dugu. Beraz, gure helburua bertan egon ahal izatea da, jendeari behar duen laguntza eskaini eta mundu osoari itsasoaren zati batean gertatzen ari denaz informatu ahal izateko.