Oiasso Museoan “Izurriteak antzinaroan: Erroma gaixotasunen aurrean” izeneko erakusketa martxan dago. Momentuko testuingurua aprobetxatuz, erakusketaren helburua ia 800 urtez mundu erromatarrak pairatu zituen izurriteen inguruko informazioa eta datu esanguratsuak zabaltzea da. Juanjo Jiménez Oiasso Museoko zuzendariak urtarrilaren 31ra arte martxan egongo den erakusketaren xehetasunak azaldu ditu.
Zer ikusi daiteke erakusketan?
Oiasso Museoan panelez osatutako erakusketa txiki bat prestatu dugu hainbat zibilizazioek historian zehar jasandako izurriteen inguruan hitz egiteko. Horrela, egun bizi dugun egoera orain dela 2.000 urte ere gertatu zen zerbait dela konturatuko gara. Erakusketa atal desberdinetan banatuta dago. Izurriteen testuingurua azaltzeaz gainera, tratamendu, sintoma eta ondorioen inguruko informazioa bildu dugu. Bukatzeko, izurriteek Baskonian nolako eragin izan zuten aztertzen da.
Urte hasieratik aurreikusita zegoen erakusketa hau egitea?
Ez, egoera honek gure planak guztiz aldatu ditu. Covid-19ak bakoitzari gogoeta ezberdinak planteatzen dizkigu eta historian atzera eginez gero, adibidez, orain dela mende bat Gripe Espainolak eragindako ondorio larriak topatuko ditugu. Horrela, pandemiak historian zehar jazotako gertakari arruntak izan dira eta Erromatar kulturak horren adibide ematen digu. Konparaketa eginez gero, orain dela 2.000 urte izurriteen aurrean biztanleriak zein politikariek hartutako jarrera hain desberdina ez zela ikusiko dugu.
Alde handia dago egungo eta antzinako pandemien artean?
Gaur egun zorionez zientziaren garapenaren abantaila daukagu eta Erromatar garaian, ordea, ez zegoen horrelako aurrerapenik. Hala eta guztiz ere, Erromatar garaian jendea kutsatutako hirietatik aldentzea bezalako gomendioak zabaltzen zituztela dakigu, gaixotasuna gehiago zabaltzea ekiditeko. Hortaz gain, zenbait tokietan ohi baino garbitasun neurri zorrotzagoak ere exijitzen zituzten. Egun gertatzen den bezala, horrelako egoeren aurrean biztanleriak momentuko agintariei babesa eskatzen zien eta gerra, gosete edo izurriteen errua haiei egozten zien. Erromatarrek mosaikoak sortzen zituzten, adibidez, honelako gaitzek aberats eta txiroen artean ezberdintzen ez zutela adierazi eta izurriteen aurrean heriotza saihestea ia ezinezkoa izaten zela erakusteko. Erromatarrek mosaikoak izurriteen aurrean “carpe diem” gisako mezuak zabaltzeko erabiltzen zituzten.
Orduan ere izurriteen inguruan diskurtso sozial eta politikoak eraikitzen ziren?
Bai, pandemiek krisialdi sakonak eragin ohi zituzten, gerra edo goseteekin loturik. Askotan armadaren bitartez izurriteak asko zabaltzen ziren. Ondorioz, orain bezala, biztanleriak gertakarien inguruko gogoeta egitera behartuta zegoen. Hain zuzen ere, denborak aurretik hartutako neurrien akatsak eta hobetu beharrekoak azaleratzen baititu.
Zein egun eta ordutegian bisitatu daiteke erakusketa?
Doako erakusketa da eta museoaren ordutegi normalean bisitatu daiteke. Orain Oiasso Museoan neguko ordutegia daukagu, hau da, goizeko 10:00etatik 14:00etara, asteartetik igandera. Ostiral eta larunbatetan ere museoa zabalik dago, arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara.
Gaurkotasun handiko gaia denez, erakusketa bisitari asko erakartzen ari da?
Bai, gainera, zenbait ikastetxeetako arduradunek ikasleekin erakusketa bisitatzeko interesa erakutsi dute. Hala ere, momentuko egoera dela eta, protokoloak bete eta ikasle taldeekin bisita gidatuak egin ahal izateko gauzak nola antolatu behar ditugun aztertzen ari gara oraindik, egoera oso aldakorra baita. Orokorrean, erakusketa inauguratu genuenetik erakusketarekiko interesa erakutsi duten bisitari asko jaso ditugu. Azken finean, gaurkotasunezko gaia denez, jendearen interesa piztea errazagoa da, iraganean gertatu bezala egun ere izurrite honi aurre egin eta aurrera jarraitzeko gai izango garela ikusteko.
Momentuko testuingurua dela eta, erakusketa bisitatzeko neurri bereziak dituzue?
Bai, noski. Museoaren edukierak murriztuta dugu eta eraikinera sartzerakoan eskuak garbitzea beharrezkoa da. Instalakuntzetan eta bisita osoan zehar maskara erabiltzea derrigorrezkoa da. Neurri guzti hauen bitartez berriro jendea museora erakarri nahiko genuke, segurtasun gomendio guztiak betez konfinamendu aurreko ohiturak berreskuratzeko.
Nola egokitu da Oiasso Museoa normaltasun berrira?
Egoera guztiz desberdina da. Ikastetxeen bisitak egokitzeaz gainera, mota honetako bisiten kopurua era nabarmenean murriztu da. Momentu honetan museoak bizi duen egoera erraza izan ez arren, datozen hilabeteak ahal den moduan igarotzeko egokitu beharko gara, pixkana egoera honetatik ateratzea lortu arte. Dena dela, Oiasso Museotik eskaintza kulturala, hau da, erakusketak, hitzaldiak edo FICAB bezalako jardunaldiak antolatzen jarraitzeko ahalegin guztia egingo dugu, beti ere, unean uneko segurtasun neurriak errespetatu eta horietara egokituz.
Elkarrizketaren bideo osoa Txingudi Onlinen ikusgai.