Laugarren urtez jarraian, 140 kilometroko ibilbidea antolatu du Juanma Garateren omenez Irungo Txirrindulari Elkarteak. Aurten, 300 bat zikloturistak parte hartu dute inongo lehia izaerarik ez duen martxa dibertigarri horretan.
Goiz hasi zuten eguna San Juan Harria plazaren inguruetan elkartu ziren txirrindulariek. Ekimenak merezi zuen; izan ere, edozeinek ez die egunero pedalei eragiten txapeldun bat aldamenean izanda. Juanma Garatek gutxi batzuen esku dauden garaipen garrantzitsuak lortu ditu bere ibilbide profesionalean zehar; tartean, Frantziako Tourrean, Italiako Giroan eta Espainiako itzulian. Hori dela eta, Irungo Txirrindulari Elkarteak, bera omentzeko, Bidasoaldeko eta eta Oarsoaldeko txokoak zeharkatzen dituen martxa zikloturista antolatzen du urtero.
Aurten, minutu bateko isilunea gorde zuten txirrindulari irundarraren aitaren omenez, bezperan hil baitzen. Igande berezi hartan lagunez inguratuta egon zen Juanma Garate. Txirrindularitzaren aurpegi ezagunen artean, Radioshack taldeko Haimar Zubeldia eta Markel Irizar txirrindulari euskaldunak zeuden. Pedro Horrillo txirrindulari ohia ere alboan izan zuen irundarrak. Hauekin batera, 300 zikloturista inguru izan ziren.
Gero eta parte-hartzaile gehiago
Urtetik urtera, gero eta entzute handiagoa du Juanma Garateren izena daraman martxak, eta hori partaideen kopuruan eta haien jatorrian nabaritzen da. “Bidasoa eskualdeko eta probintziako zikloturistez gain, estatuko beste lekuetatik gero eta lehiakide gehiago ditugu”, baieztatu du Iñaki Zamarreño Irungo Txirrindulari Elkarteko kideak.
Martxan hasiberriak eta adituak aurkitu ahal izan ditugu. Irungo bizilaguna den Alberto Rodriguezek, adibidez, lau edizioetan parte hartu du. “Orokorrean, ibilbidea gogorra eta luzea da, eta, nire ustez, tarte latzena Goizuetaren eta Perurenako aldapen artekoa da. Hala ere, asko disfruta-tzen dut”. Mutrikutik etorritako lagun taldeak ere, martxak eskatzen duen “esfortzu fisiko eta prestakuntza handia” azpimarratu zuen. Gazte hasiberriei ere ibilbidea luze egiten zaie eta maillota izerditzeko tarteak ere badaude; hala ere, “ondo pasatzeko eta lagunak egiteko denbora ere badago” diote baikorki Urkik eta Alvarok.
Nahiz eta kopuruan gizonezkoak baino gutxiago izan, emakumeek ere badute toki bat San Juan Plazan hasi eta bukatzen den martxa horretan. Tarragonatik etorritako Mari Carmenek “ibilbidearen gogortasuna eta edertasuna” nabarmedu zuen.
Irungo Txirrindulari Elkartea da lasterketa maitasun osoz antolatzen duena. Egun berezi horretako protagonistak, Juanma Garatek, hitz onak besterik ez du txapeldun bihurtzen lagundu zion taldearentzat. “Pertsona hauek eredu bat dira gainerako taldeentzat; izan ere, lan ikaragarria egiten dute etorkizuneko txirrindulari belaunaldiak hezten, eta lan hori aitortu behar zaie. Oso harro nago haien lanaz eta biziki eskertzen dizkiet martxa hori antolatzen eman dituzten orduak”.
Juan Carlos Vera Fernandezentzat ere egun berezia izan zen, Irungo Txirrindulari Elkarteak zozketatzen zuen bizikleta e-txera eraman zuen eta.
Aurten animatu ez direnek urtebete dute oraindik forman jartzeko eta datorren urteko bosgarren edizioan parte hartu ahal izateko.