Lidia Yarza hondarribiarra 4 urterekin murgildu zen judoaren munduan. Neska bihurria zenez eta bera lasaitzeko helburuarekin, gurasoek lagunekin batera judora apuntatzea erabaki zuten. Zortzi urte ingururekin hasi zen judo txapelketetan parte hartzen, baina, 12 urteak bete arte itxaron behar izan zuen Espainia eta, geroago, nazioarteko txapelketetan parte hartu ahal izateko. Orain 21 urte dauzka eta judoaren bi aurpegiak ezagutu ditu: atsegina eta hain atsegina ez dena.
Zein kategorian zabiltza momentu honetan?
Orain absolutuan nabil, zehazki, seniorretan 78kg azpiko kategorian. Beti hurrengo kategorian ibili izan naiz, 78kg-tik gorakoan eta, lehen besteen artean azkarrenetarekoa nintzen arren, orain besteak bezain azkarra naiz eta beste gauza batzuek baldintzatzen dituzte nire emaitzak.
Nola moldatu zara Espainia maila edo nazioarteko txapelketetan?
Lehen urtetik entrenatzaileak maila ona nuela esaten zidan, baina, hasieran zaila egiten zitzaidan txapelketa batean garaile izan nintekeela sinistea. Ordutik, infatil, kadete eta junio mailetan ibili naiz eta, azken urtean izan ezik, beti finalera iristea lortu dut.
Judoak nazioarteko esperientziak bizitzeko aukerik eman dizu?
Bai, Hondarribiko klubarekin izandako arazo batzuen ostean, 5 edo 6 hilabetez entrenatu gabe egon nintzen. Orduan, Kubara joatea erabaki nuen orduko nire entrenatzailearen gomendioa jarraituz. Horrela, Kubako egoera guztiz desberdina dela deskubritu nuen, kirola praktikatzeko baliabi gutxi dauzkate eta askorentzat judoa da dirua irabazteko daukaten aukera barra. Hilabeteko bidaiaren ostean nire pentsamendua guztiz aldatu zen eta judoa praktikatzeko nuen aukera bakarrari eustea erabaki nuen: Valentziara joatea.
Zein egoeratan aurkitzen zara orain?
Orain Valentzian entrenatzen ari naiz joan den urteko urritik. Momentuz poliki-poliki nabil, helburu finkorik gabe.
“Momentuz poliki-poliki nabil, helburu finkorik gabe”
Nola kudeatzen dituzu Valentziako entrenamenduak beste zereginekin?
Bi asteetako oporrak ditut orain, urtean zehar daukagun atsedenaldi bakarra. Hala ere, entrenamendu fisikoekin jarraitzen dut, errutinara itzultzerakoan dena galdurik egon ez dadin. Oporretan dietarik ez dudan arren, urtean zehar bai, nire pisuan indartsu mantentzeko.
Entrenatzailearekin ondo ulertzea ezinbesteko da kirolean aurrerapausoak emateko?
Oraingoa nire laugarren entrenatzailea da, 12 urte neuzkanetik ezagutzen dut. Bera gasteiztarra da, nahiz eta Valentzian egon, eta betidanik nigan konfiantza asko izan du. Oso pertsona irekia ez den arren, gure artean oso ondo ulertzen gara.
Judoa oso kirol bortitza dela esango zenuke?
Indarra izatea garrantzitsua da, baina, judoka on bat izateko aurkakoaren indarra aprobetxatzen jakitea ezinbestekoa da, besteak zugan egiten duen indarraz baliatu ahal izateko. Teknikoki ere ondo ibili behar zara.
Nola ikusten duzu emakumeen egoera judoaren barnean?
Judoan oso normalizatua dago eta nazioartean batez ere, nesken maila mutilena baino altuagoa dela iruditzen zait. Nahiz eta txapelketa batean nekak nesken kontra aritu, entrenamenduetan mutilekin borrokan aritu gaitezke eta, azken finean, bion arteko elkarlana da.
Judo irakasle lanetan ikusten duzu zeure burua?
Ez. Beti berdina galdetzen didate eta haurrak talde txikitan atsegin ditudan arren, ez dut nire burua hortan ikusten. Hala ere, haurrei klaseak eman dizkiet eta ondo pasa izan dut. Gainera, judoa niretzat “hobby” bat da eta horrela jarraitzea nahiago dut.
Zer da zuretzat judoak ematen dizun gauzarik onena?
Bi gauza on dauka judoak. Batetik, judoak ondo erortzen irakasten dizu eta , horri esker, inoiz ez dut hezurrik hautsi. Bestetik, kluba zure familian bihurtzen da eta bertan diziplina eta errespetua zer diren ikasten duzu. Izan ere, zure aurkaria zure laguntzaile izan daitekeelako.
Etorkizunari begira nola ikusi nahiko zenuke zure burua kirolaren barnean?
Pixkanaka helburu txikiak betetzen joatea nahiago dut, nire buruari helburu handiegiak ezarri gabe. Izan ere, gauzak ondo ateratzen ez direnean buruarentzat kaltegarriak izan daitezke.