Eskubaloi jokalariaz gainera, Teresa Errandonea eta Ander Elosegi kirolari irundarrak ere lehiatu ziren olinpiar hitzorduan
Julen Aginagaldek Espainiako eskubaloi selekzioarekin batera brontzezko domina lortu du Tokioko Olinpiar Jokoetan. Bidasoa taldeko jokalariaren lorpenak Olinpiar Jokoei amaiera gorena eman dien arren, Aginagalde ez da izan 2020ko Tokioko olinpiadetan parte hartu duen Irungo kirolari bakarra. Izan ere, dominarik lortu ez arren, Ander Elosegik bere laugarren diploma olinpikoarekin itzuli da etxera eta Teresa Errandonea maila goreneko txapelketan estreinatu da.
2020ko Olinpiar Jokoak bereziak izan dira txapelketaren hasieratik, izan ere, Covid-19aren pandemiak jokoak urtebete geroago egitea eragin du. Azken asteetan zehar Tokion Olinpiar Jokoek zapore gazi-gozoa utzi dute Irungo kirolarien ahoetan. Julen Agindalgaldek txapelketaren zapore gozoena dastatu du Espainiako eskubaloi selekzioarekin batera brontzezko domina eskuratu baitu. Aginagaldek eta bere taldekideek domina lortu dute txapelketako azken partidan egiptoarrak 31-35 puntuko markagailuarekin menderatu ostean.
Olinpiadetan Julen Aginagalde Bidasoa taldeko prestatzailea izandako Jordi Riberaren aginduetara egon da. Guztira, Julenek lau partida jokatu ditu Tokion. Horrela, irundarrak bere bigarren ibilbide olinpikoa osatu du, 2012ko Londreseko Olinpiar Jokoetan jokatu ondoren. Jokalari irundarrak Frantziaren aurkako multzoen faseko laugarren jardunaldian hiru gol sartu zituen eta Argentinaren aurkako partiduan, berriz, lau gol. Final-zortzirenetan Suediako taldearen aurka indarrak neurtu zituen eta Egiptoren aurkako partiduan Aginagaldek 2020ko olinpiadetako bere azken bi golak oparitu zituen.
Brontzezko dominarekin Bidasoaren harrobiko jokalariak Espainiako eskubaloi selekzioarekin beste lorpen bat gehitu du aurrekoen zerrendara. Julen Aginagalde 2006an estreinatu zen Espainiako Selekzioan eta bertan orain arte jokatutako 205 partidatan 504 tanto lortu ditu. Gainera, 2013ko Munduko Txapelketa, 2018ko Europako Txapelketa eta 2020ko Europako Txapelketa irabazi ditu, eta 2016ko Europako Txapelketan zilarrezko domina eta 2014koan brontzezko domina eskuratu zituen. 2012an Londreseko Olinpiar Jokoak jokatu zituen, eta Espainiako selekzioak zazpigarren amaitu zuen Aginagalde lehiaketako pibotik onena izendatu zuten txapelketan. Rio de Janeiroko Jokoetan Espainiako eskubaloi selekzioak kale egin ostean, Tokion hurbil ibili dira munduko txapelketaren gailurretik.
Domina lepotik zintzilik zuela, hauxe adierazi zuen Julen Aginagaldek: “ez dago bide hau amaitzeko modu hoberik. Eskerrik asko amets hau horrela amaitu dadin lagundu duzuen guztioi”.
Diploma olinpikoa Ander Elosegirentzat
Ander Elosegui bere laugarren diploma olinpikoarekin itzuli da Tokiotik, ur lasterretako sailkapen finalean zortzigarren postua lortu ostean. Domina eskuratzeko ametsa urrun geratu den arren, finaleko jaitsiera 106.59 segundotan egiteak saria izan du Elosegirentzat, diploma olinpikoa eskuratu baitu. Irundarrak 2016an Rio de Janeiron lortutako zortzigarren postua errepikatu du bere azken lorpenarekin.
Ander Elosegi Tokioko Olinpiar Jokoetako piraguismoko eslalom C-1 modalitateko finalerako sailkatu zen, finalerdietan hirugarren denborarik onena egin ondoren. Aurretik, irundarra zazpigarren erregistro onenarekin sartu zen finalerdietan. Finalaren aurretik lortutako markek Ander Elosegi podiumera hurbiltzen zutela iruditu arren, azkenean piraguista irundarrak ez zuen dominarik lortu.
Finaleko jaitsieran piraguista irundarra oso azkar eta gogotsu atera zen bere lehen domina olinpikoa zintzilikatzeko nahiak bultzatuta. Tokioko jaitsiera garrantzitsuena, ordea, ez zen Anderrek nahiko zukeen bezain garbia izan jaitsierako lehen ateetako bat ukitu ostean. Dena den, Santiagotarrak klubeko kirolariak bere izena laugarren urtez munduko piraguismoko eslalomeko kirolari onenen zerrendan sartzea lortu du. Izan ere, Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartu aurretik, Elosegik Pekin, Londres eta Rio de Janeiron egindako txapelketa olinpikoetan hartu zuen parte.
Ander Elosegiz gainera, Tokioko Olinpiar Jokoetan piraguismoarekin lotura duten beste irundar batzuk izan dira. Izan ere, Tokion izan dira Xabi Taberna Espainiako piraguismo federazioko entrenatzailea, Telmo Olazabal Holandako slalomeko entrenatzailea eta Iñaki Gomez Esloveniako Slalomeko entrenatzailea. Finaleko emaitza ezagutu ostean, Ander Elosegik sare sozialetan Tokion bildutako irundarren argazkia partekatu zuen hitz hauekin batera: “Bukatu dira niretzako joko olinpikoak. Momentu onak izan dira, hau horietako bat: Bertan bildu garen irundarron argazkia”. Era berean, piraguistak zorte ona opa zien lehiaketan parte hartu duten gainontzeko irundar kirolariei.
Teresa Errandonea lehenengoz Olinpiadetan
Bestetik, Teresa Errandoneak bere lehen Olinpiar Jokoetan parte hartu du. Atleta irundarrak uztailaren 31ko goizaldean bete zuen bere ametsa. Errandoneari finalerdietako kanporaketen laugarren txandan lehiatzea egokitu zitzaion. Finalerdietarako txartela lortzea zaila zirudien arren, ez zen guztiz ezinezkoa.
Ohikoa denez, Teresak irteera bikaina egin zuen, eta txandako faboritoen artean egon zen lasterketaren lehen metroetan. Azkenean Errandoneak lasterketa seigarren postuan amaitu zuen, 13,15 segundoren ostean iritsi baitzen helmugara. Teresa Errandoneak gaur-gaurkoz bere marka pertsonal onena 13,04 segundotan duela gogorarazi behar dugu. Lortu zuen erregistro horrek irundarra finalerdiak jokatzeko aukerarik gabe utzi zuen. Tokioko Olinpiar Jokoetan Errandonearen parte-hartzea laburra izan bada ere, bere lehen lorpena eskuratzeko balio izan dio: Bidasoa Altetiko Taldearen barnean Joko Olinpikoetan parte hartu duen lehen atleta izatea.
Behin ametsa amaituta, bere sare sozialetan partekatutako argazkian Teresa Errandoneak onartu du, amorrua sentitu arren, ez duela amorruak denboraldian lortutakoa lainotzea nahi. Lasterketa guztietan lortutako erregulartasunaz harro agertu da eta aurtengo entrenamenduetan lortutako oinarriak datorren denboraldirako baliagarriak izango zaizkiola espero du.
2021. urtean jokatutako Olinpiar Jokoen laburpen honek agerian utzi du berriro ere irundarrak gai direla kirol modalitate ezberdinetan elite mailako txapelketetan daukaten onena emateko. 2024an egoitza olinpikoa etxetik hurbilago egongo da kirolari irundarrentzako. Parisek beste aukera bat emango die domina lortzeko borrokari eusteko prest dauden kirolariei.