Julian Iantzi, telebista aurkezlea: “Euskararen presentzia gero eta handiagoa da, nahiz eta askotan gu ez konturatu”

Julian Iantzik aurkezpen gutxi behar du telebistan egindako lanaren ondorioz aurpegi aski ezaguna da eta. Proiektu batetik bestera dabilen arren, gaur egun bereziki ezaguna da “El Conquistador del Caribe” telesaileko aurkezlea izateagatik. Hala ere, Julian Iantzik telebistako aurpegi hutsa izateaz gain, bere inplikazioaren bidez argi erakutsi du bertako hizkuntzarekiko eta lurraldetasunarekiko lotura berezia duela.

Askok agian ez dute jakingo, baina Kalifornian jaiotakoa zara zu, ezta?

Hori da. Bizitza ia osoa Lesakan eman dut, izan ere, 8 urte neuzkanean itzuli ginen bertatik. Gogoratzen dut eskolan hasi nintzenean ingelesa ikasteko arazoak izan nituela, etxean dena euskaraz hitz egiten genuelako eta ingeles nahiko gutxi. Gogoratzen dut, hizkuntzarekin laguntzeko irakasle laguntzailea izan nuela. Arrantxo moduko batean bizi ginen eta beti aitari eta bertako langileei laguntzen saiatzen nintzen edo, auskalo, bazter guztiak nahasten ibiltzen nintzen. Triziklo itxurako bizikleta bat nuen eta horrekin ibili ohi nintzen gora eta behera. Tarzan txiki bat bezalakoa nintzen arrantxoan animalia artean ibiltzen nintzelako beti, bai ardi, behi edo ahuntzen artean. Baita sugeekin ere eta ordutik sugeei beldur apur bat diet, txikitan izandako susto batzuen ondorioz. Beraz, nire haurtzaroa oso aske gogoratzen dut, baserriko girokoa bezala.

Euskal Herrira itzultzerakoan lana aurreratua zenuen, euskara ikasiarekin etorri baitzinen?

Ez pentsa. Etorri ginenerako ingelesa ikasia nuen eta euskara zen nire ama hizkuntza. Lesakara iritsi ginenean nik ez nekien gazteleraz eta Francoren azken urteak zirela eta, Lesaka bezalako hain herri txiki eta euskaldun batean euskaraz hitz egiteko ohitura galtzen hasi nintzen. Eskolan dena gazteleraz egiten genuen eta ama laguntzen saiatzen zen arren, eskolan ez nintzen ezertaz enteratzen. Gogoratzen dut gazteleraz ez nekielako zigortzen nindutela, beraz, harreman traumatikoa izan nuen gaztelerarekin. Hortik aurrera gaztelera leku guztietan erabiltzen hasi nintzen. Are gehiago, hizkuntza berri bat ikasteko, euskara, bat galdu nuen, ingelesa, eta beste bat galtzeko zorian egon nintzen, euskara. Hizkuntza bat erabiltzera ohitzen zarenean, besteak arrotzak egiten zaizkizu, ama hizkuntza ia galtzeraino. Horregatik, nik beti gazteei esaten diet hizkuntza ahoan izan behar dela beti, bestela arraroa egiten zaizu eta hizkuntzak horrela galtzen dira.

Zu zeu ere euskararekin lotutako proiektuetan inplikatzeko ahalegintzen zara?

Euskara oso garrantzitsua da. Ez bakarrik atzetik herri bat, jende asko, historia bat eta hizkuntzarengatik eraildako jende asko dagoelako. Bestetik, euskararen presentzia gero eta handiagoa da, nahiz eta askotan gu ez konturatu, berarekin batera hazten baikara. Ameriketan bizi diren nire lehengusuek hori esaten didate, kanpotik ikusita aldea nabariagoa delako. Orain oso modan dago lagunak agurtzeko “ey bro” esatea eta, hori esan beharrean hasi gaitezen “ei anaia” esaten, bestela gero damutuko gara. Oso garrantzitsua izango da euskara ondo menperatzea, lan esparruan eta bizitzako beste arloetan presentzia gehiago izango baitu.

Telebistarako bidea

Hasieratik telebistaren munduan sartzeko asmoa izan zenuen?

Ezta pentsatu ere. Ni telebistan Jaungoikoaren adinarekin sartu nintzen, 33 urterekin eta momentu horretan suhiltzaile izateko oposaketak prestatzen ari nintzen. Aurretik Lesakako fabrikan lanean ibili nintzen, baita ostalaritzan, gizarte eragile bezala eta aseguruak saltzen, beraz, aurretik apur bat denetarik egin dut. Familiak animatuta film labur batean parte hartu nuen, nire koinatua eta bere neskalaguna zena azken orduan zerbitzari baten bila zeudelako. Papera egin nuen eta antza ongi atera zen. Horrela, bide hau probatzea erabaki nuen eta 2001ean EITBko casting batera aurkeztu nintzen, datu base batean sartzea lortu nuen eta horrela beste casting batzuk egitera animatu nintzen. Behin muturra sartzea lortzen duzuenean, ibilbide bat egiten jakin behar duzu eta jada 21 urte daramatzat endredatzen.

21 urte horietan telebista kate askotatik igaro zara. Azkenaldian, “El Conquistador del Caribe” saioaz gain, TV1en San Ferminak aurkezten edo MasterChef Celebrityn lehiakide bezala ikusi zaitugu. Beraz, kamera aurrean jartzeko edozertara animatzen zara?

Hori da, San Feminen kasuan gainera polemikarekin, batzuk ez zutelako ulertu nahi entzierroaren inguruan beste programa mota bat aurkeztu nahi izan genuela eta zezenketak bertan sartzen ez zirelako. Guk gure lana primeran egin genuen 2014tik errekorra lortu genuelako. Gero ere sukaldean ibili nintzen eta ez dakit nire burua ausarta bezala definitu behar dudan, horretara ere ezer jakin gabe animatu nintzelako. Eskerrak Danako jatetxeko Davidi eta konpainiari, beraiei esker bi hilabetetan zerbait ikasi nuelako. Sukaldaritza oso mundu handia da eta sekulako esperientzia izan zen, telebistaren beste aldera pasa nintzelako, lehiakide izatera eta orduan beraiek ziren ni estutzen nindutenak. Esperientzia horri esker ikasi nuen lehiakide batek aguantatzeko gaitasun handia duela eta horregatik aurten Conquisen gogorragoa izango naiz.

Arrakastaren konkista

Conquisen 19. denboraldia estreinatu berri da. Erraza da urtero audientziari zerbait berria eskaintzea?

Edozein programak ez du lortzen 19 urteko ibilbidea egitea. ETBren kasuan Goenkale, “La noche de” eta besteren bat izatekotan oso gutxi dira. Gauza bat irautea da eta beste bat, irauteko modua. Aurten lehen saioaren estreinaldiak % 27ko audientzia izan zuen estatu maila eta datu ikaragarria da. Datu horiek ikusten ziren soilik estatu osoan bakarrik bi kate zeudenean. Gu bezalako telebista txiki bat izanda, edozeinek ez ditu datu horiek sinesten. Beraz, El Conquisek 19. ediziora arte irautea lortu dugu eta nola gainera. Zenbat eta zaharragoak izan, orduan eta maila hobean gaude. Eta hori ni naizela aurkezlea, ona den beste bat jarriko balute, pentsa.

“El Conquisek 19. ediziora arte irautea lortu dugu eta nola gainera”

Gainera, programaren jarraitzaileak ez dira soilik Euskal Herrira mugatzen?

Hori da, telebistak bakarrik Hego Euskal Herriko ikusleak hartzen ditu kontuan, hau da, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba. Esaterako, Nafarroa ez da datu horietan sartzen, baina, bai bertan, Santanderren, Burgosen edo Errioxan jarraitzaile asko ditugu. Adibidez, astelehenetan eta asteazkenetan Twitterren “trending topic” gara estatu mailan, beraz, egun horietan gure saioa da gehien komentatzen dena. Gu 600 auto txiki bat gara eta pista berean Ferrarien aurka lehiatzen ari gara eta aise irabazten dugu.

Zein da hainbeste jarraitzaile izateko gakoa?

Dudarik gabe, aurkezlea, mundiala da eta. Bromak aparte, nik uste casting-a oso garrantzitsua dela, jende arrunta aurkezten baita bertara. Hautaketa probetan denetarik ikusten dugu, gizonak zein emakumeak, kirolariak direnak eta ez direnak, herriko eta hirietako jendea, helduak eta gazteak, denetarik. Aurten talde berri bat sartu dugu, horia, gaztetxoen taldea, “Guaban”. Nik uste Conquisean gizartea islatzen duen jendea dagoela eta etxetik guztiak parte-hartzaileren batekin identifikatuak sentituko gara. Ni adibidez, “Corocote” taldearekin oso identifikatua sentitzen naiz, ni bezala satelite batzuk direlako. Bestetik, El Conquis-en funtzionamendua oso erraza da, proba, asanblada eta duelua. Aurten berrikuntza bat sartu dugu eta aurkezlerik gabeko asanbladak izango ditugu. Gainera, beste berrikuntza batzuk ere baditugu, Lur Errekondo aurkezle lanetan eta lau talde izango ditugu. Beti saiatzen gara urtero zerbait berria egiten eta horretarako arriskuak hartu behar dituzu. Izan ere, telebistan askotan esaten da gauzek funtzionatzen dutenean ez direla ukitu behar, baina gu hala ere gauza berriak egiten ahalegintzen gara. Zuzendariak, ekoizleak eta gidoilariak beti ari dira buruari bueltak ematen.

Beraz. 20. edizioa jada bidean dagoela esan daiteke?

Patxik erran du 20. edizioa datorrela bai edo bai. Horrelako hasiera bat izan ostean, nola ez. Lehen debateak berriz % 24,7ko audientzia izan zuen eta hori ere sekulako datua da gaur egun. Estatu mailan programa arrakastatsuenetako bat “Pasapalabra” da eta %22-23 artean ibiltzen dira eta guk 3-4 puntu gainetik jartzea lortu dugu, harrigarria da. “El Conquis” ez da telebistako programa bat bakarrik, fenomeno sozial bat da.

“El conquis ez da telebistako programa bat bakarrik, fenomeno sozial bat da”

Hain ezaguna den programa baten aurkezle izanik, erraza al da zure egunerokoan pertsona ezaguna izatearen ospea kudeatzea?

Beti leku batetik bestera nabil, beraz, zaila da ni leku batean geldirik ikustea. Telebistaz gain, beste proiektu asko dauzkat eta. Beraz, libre nagoenean etxean lasai egotea gustatzen zait. Dena den, bai Irunekin edo Lesakarekin lotura duten proiektuetan parte hartzea eskatzen didatenean, ahal dudan neurrian nire ekarpena egiten saiatzen naiz. Inguruan dauzkagun altxorrak baloratzen jakin behar dugu, kanpoan dagoena bakarrik baloratu ordez. Askotan atzerritar sentitzen gara gure lurraldean. Egia esan, askotan ez naiz ohartzen inguratzen nauen jendearen portaeraz, hori neurtzeko termometroa nire ingurukoak izaten dira, beraiek bai nabaritzen dutelako. Egia da normalean jendeak agurtzen edo seinalatzen zaituela, baina orokorrean jendea oso jatorra denez, nik ondo hartzen dut. Hala ere, uste dut telebistako lana gehiegi goraipatzen dela, guk egiten dugun gauza bakarra entretenitzea delako. Azken batean, gu ere jende arrunta gara, beste edozein herritar bezalakoak. Nire bizitza eta lana normalak dira, jendeak horrela ikusi ez arren.

“Indigenek esan ohi duten moduan, iragana ikasteko dago eta oraina bizitzeko eta aprobetxatzeko”

Nola begiratzen du Julian Iantzik etorkizunera? Zure ibilbidea telebistaren munduan amaitzeko intentziorik bai?

Indigenek esan ohi duten moduan, iragana ikasteko dago eta oraina bizitzeko eta aprobetxatzeko. Etorkizuna berriz, bihar esnatu eta ikusiko da zer gertatuko den. Garrantzitsuena orainaldian bizitzea da. Izan ere, dena ez dago gure eskuetan. Momentuz telebistan lan egiten jarraitzea gustatuko litzaidake. Jada 21 urte daramatzat eta presioa ere hor dago. Beraz, garrantzitsuena oraina bizitzea da, gauzak gaur egitea eta bihar ikusiko da zer gertatuko den.

 

Elkarrizketa osoaren bideo Txingudi Onlinen ikusgai.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude