Julio Iturre, Irungo Mendizaleak elkarteko presidentea

Aitaren eskutik hasi zen Julio Iturre mendira joaten, 1970eko hamarkadan. Orain, zaletasuna gaztetxoei transmititu nahian dabil, beste zenbait eginbeharren artean. Irungo Mendizaleak elkarteko presidentea da. Joseba Redondo ordezkatu du, eta urte erdia darama karguan. Elkarteko bazkide beteranoa da Iturre, duela hogeita hamar urte inguru eman baitzuen izena.

julio_mendizalea

Lehen hilabeteak egin dituzu Irungo Mendizaleak elkarteko presidente karguan. Nolako esperientzia izan da?
Joseba Redondok presidente izateari utziko ziola jakinarazi zuen azken batzarrean. Hamalau urte urte egin zituen berak. Bazkide batzuek nire burua aurkeztea proposatu zidaten. Buelta batzuk eman nizkion, hautagai-zerrendarako jendea bilatu nuen, eta izena eman genuen. Hautagaitza bakarra izan zen gurea, beraz, lekukoa hartu genuen. Esperientzia ezberdina izan da. Kanpotik ikusten genuen lana ematen duela, baina barruan, lan horren benetako zamaz ohartu gara. Elkartean kirol arloa eta gastronomikoa ditugunez, ardura bikoitza da.
Gaur egun, zein da elkartearen egoera orokorra?
800 bazkide inguru gara guztira. Gehiena jende heldua da, elkartean denbora asko daramana. Irteera batean mendizaleei NAN-ak eskatu eta kalkulagailua aterako bagenu, 60 urteren inguruan ibiliko litzateke batez bestekoa. 40 urtetik beherako neska talde bat hasi da duela gutxi, eta harrituta gaude, baina pozten gara. Egia da badaudela bazkide asko soilik elkarte gastronomikoa erabiltzen dutenak, mendira joateko ohiturarik ez dutenak. Bestalde, bi lokal ditugu. Batean elkarte gastronomikoa dago, eta bestea bileretarako eta erakusketetarako erabiltzen dugu.
Zeintzuk dira urtean zehar antolatzen dituzuen jarduera nagusiak?
Hamabost egunean behin irteera bat antolatzen dugu, asteburuan. Bazkide bat arduratzen da irteera bakoitza antolatzeaz. Lekua hautatzen du, ibilbidea planifikatzen du eta gainerako guztia kudeatzen du. Autobusean joaten gara, ibilaldia egiten dugu, eta gero bazkaltzen geratzen gara inguruko jatetxeren batean. Bazkaririk ez baldin badago tartean, mendiak ez du zentzurik. Barrita energetikoek oraindik ez dute arrakastarik mendizaleen artean. Gero, hilabete bakoitzeko ostegun batean, bereziki jubilatuentzat pentsatutako irteerak antola-tzen ditugu, eskualdeko beste elkarte eta pertsona batzuekin elkarlanean. Asteburuetako plan berdina izaten da, baina astean zehar.
Bidaia luzeagoak ere egiten dituzue. Mallorcan ibili da talde bat urrian.
Egia da, urtean bi edo hiru bidaia egiten ditugu. Zubiak edo aste santuko eta udako oporrak aprobetxatzen ditugu horretarako. Aurten, hamar egun pasa ditugu udan Granadan. Mendia eta kultura uztartu ditugu. Urrian Mallorcara joan dira 60 lagun inguru, Tramuntana mendizerrara. Datorren urteko udan Bulgariara joan nahi genuke.
Interneten eta sare sozialetan zabaltzen ari zarete.
Nik hogei urte daramatzat interneten munduan sartuta. Nire ogibidea da, web guneak programatzen eta diseinatzen ditut. Elkartean ere ni ardura-tzen naiz arlo horren kudeaketaz. Sare sozialetan hiru kanal ditugu, facebook-en, vimeon, eta flickr-en. Web gunea pixkanaka osatzen ari gara, zaila baita denbora asko eskaintzea. Laster urrats handi bat emango dugu: bazkideek irteerak etxetik ordaindu ahal izango dituzte, elkartera hurbildu behar ez daitezen. Berdina egingo dugu lizentzien erreserbarekin. Bestalde, irteeretako argazkien eta bideoen datu-base handia osatzen ari gara, bazkide ba-tzuen lan eskuzabalari esker.
Zein bidaia egin duzu mendiarekin lotuta? Zein esperientzia izan da bereziena?
Marokon, Turkian, Armenian, Georgian, Kazakhstanen, Uzbekistanen, Suedian, Norvegian eta Finlandian izan naiz. Mendizale bitxia naiz, ez baitut altuera bilatzen. Ez dut 6.000 edo 7.000 metroko mendiak igotzeko beharrik. Leku ezezagunak topatzea da gehien gustatzen zaidana. Mendiaz eta paisaiaz gozatzea, eta ahal dela, beste kulturak ezagutzea. Ni, esaterako, harrituta gelditu nintzen Turkiako Taurus mendikatean. Zeharo ezezaguna da, baina merezi du.
Inguruko mendietako zein leku gustuko duzu?
Aiako Harria. Irundik hasita, bigarren tontorra, batez ere. Aitarekin eta anaiarekin igo nintzen lehen aldiz. Beste leku polit asko ere badaude. Larrun esaterako, pistatik igotzen ez baldin baduzu. Jaizkibel ere bai, eskualdeko ezezagun handia izan baita luzaroan. Pirinioetan, Monte Perdido aukeratuko nuke. Polita da, eta xarma handia du.
Zeintzuk dira datozen urteotan elkarteak izango dituen erronka nagusiak?
Denbora daramagu Erlaitz mendi elkartearekin egutegi bateratua egin nahian, hiriko mendizale guztien mesedean. Modu horretan, irteera bat egongo litzateke astebururo. Bestalde, gazteak mendira erakartzeko saiakera egin nahi dugu. Jendea gero eta helduagoa da, eta ez da ikusten erreleborik. Zaila da 50 urtetik beherako jendea topatzea mendian. Guk haurrekin lan egiten hasi nahi dugu, hamar-hamabi urtekoekin. Irteera bereziak izango dira, bestelako jarduerak konbinatuko dituztenak, aspertu ez daitezen. Pizgarriak bilatu behar dira, esaterako: eskalada ikastaroa, orientazio jokoak, altxorraren bila, merienda bat… Gazteak erakartzea da mendi elkarte guztien erronka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude