San Pedro eta San Martzial jai ezohiko ba- tzuk ospatzeko Irungo Udaleko kultura arloan lan egiteko modua goitik behera egokitu behar izan da. Behin 2020. urteko jaiak amaituta, Juncal Eizaguirre Kultura arloko ordezkariak hiriko jaien balorazioa egin du.
Ekain desberdin honetan Irungo hiriak jai ezberdinak izan ditu?
Bai, arrazoi ezberdinengatik urte historikoa izan da. Kultura arlotik, argi geneukan orain arte bezala hiriko festak ospatzea ezinezkoa izango zela. Hala ere, hiriarentzako oso egun garrantzitsuak direnez, imajinazioaren laguntzarekin jaietako egitarau ezberdin bat sortzeko ahalegina egin dugu ekainaren 23tik uztailaren 1era ekintza ezberdinak proposatzeko.
Noiz hasi ohi zarete sanmartzialak antolatzen?
Urtarrilean hasi ohi gara jaietako programa antolatzen. Hiriko jaietan zehar ekintzak antolatu ohi dituzten taldeei proposamenak aurkezteko deialdia zabaltzen diegu. Hortaz, martxorako aurtengo festetarako lehen zirriborroa prest geneukan, baina, pandemia hirira iritsi zen arte. Maiatza amaieran ekintzen antolatzaileekin bildu ginen haien iritziak jasotzeko, antolaketarekin jarraitzeko asmorik zuten jakin edo ekintzak nola egokitu zitezkeen jakiteko. Bilera hartan aurten kalean zuzenean ekintzak antolatzea ezinezkoa izango zela erabaki genuen. Dena dela, eskertzeko izan da hiriko elkarte guztiek egoera honen aurrean erakutsitako erantzukizuna.
Zaila izan da programa momentuko egoerara egokitzeko modua aurkitzea?
Lehenik eta behin, egoera zein zen ulertzea izan zen guretzat zailena. Horrela, tristura alde batera utzi eta prestatutako egitarauarekin aurrera jarraitzea ezinezkoa zela onartu behar izan genuen. Zailagoa izan da egoera honetan 30 ekintza antolatzea, normalean egiten ditugun 100 ekintzak prestatzea baino. Izan ere, oso denbora gutxian antolatu den zerbait da. Gainera, kontutan izatekoa da ekintzak duela hilabete antolatu zirela, beraz, zaila zen ekaineko hilabetearen amaieran zein egoeran egongo ginen imajinatzea. Orain normaltasun berria estreinatzen ari garen arren, programa zentzudun bat eratzea izan zen gure helburua, jende pilaketak saihestu eta biztanle guztien segurtasuna bermatu ahal izateko.
Nola egokitu da Kultura arloa lana aurrera atera ahal izateko?
Hasieran konfinamenduan zehar etxetik lan egin behar izan genuen, aurrez aurreko bilerak egitea ezinezkoa zelako. Era honetan lana aurreratzea zailagoa izan den arren, egia da teknologia berriek lana asko erraztu digutela. Bilera telematikoen bitartez antolatu dugu guztia, beti ere, arloko langileen arteko harreman estua galdu gabe.
“Zailagoa izan da egoera honetan 30 ekintza antolatzea, normalean egiten ditugun 100 ekintzak prestatzea baino”
Erlojuz kontra lan egin beharrak presioa handitu du?
Bai, asko gainera. Egunak aurrera egin ahala gauza berriak edo hobekuntzak bururatzen zitzaizkigun, baina, ezinezkoa da dena azken momentuan prestatzea eta erabakiak azken egunean hartzea, denbora behar baita gauzak ondo antolatu ahal izateko. Horregatik, azken momentura arte lanean jarraitu behar izan dugu programan iragarritako ekintza guztiak findu eta segurtasun neurri guztiak betetzen zituztela bermatzeko.
Inguruko hiri eta herrietako udalek haien festetara begira hartutako erabakietan oinarritu zarete?
Kasu honetan, Irun ereduetako bat izango dela uste dut, jaiak udara hasieran ospatzen dituen lehen hirietako bat garen aldetik. Hala ere, hurbileko hiriekin kontaktua mantentzen dugu, adibidez, Hondarribiarekin, edo antzeko ezaugarriak dauzkaten hiriekin. Irunen gauzak modu batean egin arren, egoera oso aldakorra denez, udaran zehar inguruko herrietan bestelako ekintzak edo neurriak hartu daitezkeela ulertzen dugu.
Zein izan da hartu beharreko erabaki zailena?
Gogorrena, agian, hiriko elkarteekin egindako bilera izan zen, bertan ikusi bainuen benetan ezinezkoa zela ohiko jarduerekin aurrera jarraitzea. Izan ere, antolatzaile askok tristuraz azaltzen zuten haien ekintzak antolatzeko baliabide nahikorik ez zutela edo ezinezkoa zela jarduerak beste modu batean antolatzea. Dena den, elkarteetako ordezkariek erakutsitako jarrera ardura- tsuak poztu gintuen, egoera ulertzen zutela erakutsi baitziguten.
Antolatutako ekintzek segurtasun neurri bereziak behar izan dituzte?
Ekintza gehienak online egin diren arren, aurrez aurre egin diren ekintza gutxiak era berezian kontrolatu behar izan dira. Dena dela, jai egunetan zehar, pertsona bakoitzaren ardura izan da ezarritako segurtasun neurri guztiak errespetatzeko gakoa.
Aurtengo jaietarako prest zenituzten ekintzak, datorren urtera atzeratuko dituzue?
Adibidez, aurten kontzertua grabatzeko aukera emateaz gainera, kontzertuetarako aukeratuak izan ziren bertako taldeei hurrengo urtean berriro hautaketa prozesuan parte hartzeko aukera emango diegu, normalean egiten ez den zerbait.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Online webgunean ikusgai dago.