Juncal Eizaguirre, Kultura zinegotzia: “Elkarlan eta parte-hartzea handia dago urtero sanmartzialetako programaren atzean”

Egun gutxi falta dira San Pedro eta San Martzial jaien inguruan antolatu diren ekitaldiek Irungo kaleak bete ditzaten. Juncal Eizaguirrek Kultura zinegotziak azaldu du 120 ekitaldi inguru antolatu direla jaietako egitarauaren barnean, udalaren eta hiriko elkarteen lankidetzari esker.

Aurreko urteekin alderatuta, zeintzuk dira aurtengo egitarauko berrikuntzak?
Urte batetik bestera egitarauaren hezurdura mantentzen dugun arren, ekintza berriak antolatzen ahalegintzen gara. Aurten, adibidez, EITBk emititzen duen Oholtzan programan parte hartuko dugu. Ekainaren 16ean grabatuko da Urdanibia plazan 22:30etan Puro Relajo mariatxi taldeak eskainiko duen kontzertua. Gainera, Irungo beste zenbait talde eta abeslariek ere parte hartuko dute emanaldian.

Zeintzuk izan ohi dira sanmartzialetako ekitaldi jendetsuenak?
Azpimarratu nahiko nuke egitarauko ekintzen erdia baino gehiago Irungo erakundeek antolatzen dituztela. Beraz, jaietako programa hiriarena da eta hiritarrentzat pentsaturik dago. Orokorrean, Betti Gotti Elkarteak antolatzen duen Herri Bazkaria, Pagoki Elkartearen Lastargidunen ekitaldia edo familientzat pentsaturik dauden ekitaldiak izan ohi dira jendetsuenak.

“Gure helburua euskararen erabilera urte osoan zehar bultzatzea da, baita jaietan ere”

Egitarauaren barnean adin desberdinetako hiritarrentzako ekintzak daude?
Bai, adibidez, programan etxeko txiki eta familientzako ekitaldi asko daude. Bestetik, jende helduarentzako harrera bikaina izan ohi duen Adinekoen Bazkaria antolatzen dugu eta, azkeneko urteetan bezala, publiko gaztearentzako Gaztegunearen barnean ekintza desberdinak antolatu ditugu.

Euskararen erabilera bultzatzeko ekitaldirik antolatu duzue?
Gure helburua euskararen erabilera urte osoan zehar bultzatzea da, baita jaietan ere. Horretarako, Urdanibia plazan festen barruan haurrentzat antolatzen diren ekintza guztiak euskaraz egiten dira. Horretaz gain, Festan Blai izeneko ekimenaren bitartez euskara zeharkako modu batean landu nahi da Gaztegunearen inguruan kokatuko den karpa baten bitartez.

Nola antolatzen zarete urte batetik bestera jaietako egitaraua prestatzeko?
Hurrengo urteko jaietako programa uztailaren 1ean prestatzen hasten garela esango nuke. Festak amaitu bezain laster ekintza guztien balorazioa egiten dugu. Hala ere, ekainaren amaiera iritsi baino hiru edo lau hilabete lehenago ekitaldi guztiak lotzen saiatzen gara. Kultura arloak prozesua zuzentzeko ardura duen arren, asko dira programaren eraketan parte hartzen duten arlo eta langileak, elkarlan eta parte-hartzea handia baitago urtero sanmartzialetako programaren atzean.

Pasan den urteko izandako eguraldi txarra errepikatuko dela uste duzu?
Joan den urtean izan genuen zorte txarra ikusita, aurten hobetzea da aukera bakarra. Euriarengatik alerta laranja izan genuen, beraz, suak eta bi kontzertu bertan behera utzi behar izan genituen. Beraz, nahiz eta euria egin, joan den urtekoa errepikatzen ez den bitartean pozik egon gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude