Kabigorri: kulturaren topaleku eta bultzatzaile

Denboran atzera egin du udan Kabigorri Ateneoak. Hormetan zintzilik dauden zuri-beltzeko argazkiek, Irungo alde zaharrak bizi izan duen bilakaera erakusten dute. José María Castilloren bildumako argazkiak dira. Urdanibia plazako lanak amaitu zirenean ere ikusgai egon ziren, martxoaren azken asteburuan. Epe laburra izan zenez, jende asko argazkiak patxadaz ikusteko gogoz gelditu zen. Kabigorrin izan du erakusketak bigarren aukera. Hori da, hain zuzen ere, Peña kalean egoitza duen elkartearen helburu nagusia. Irunen kultur jarduerak bultzatzea.

kabigo-3

1997an gauzatu zen irundar multzo batek aspaldi izandako ametsa. Irunen beste kultur gune bat sortzeko asmoz, ilusio handiarekin hasi zirela adierazi du Charo Ayesa Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoa elkarteko bazkide fundatzaileak. “Irungo Udalaren egitarauaz, edo ohiko zirkuituaz gain, beste aukera bat sortu nahi genuen, kultur jarduerak antolatzeko”. Beste arrazoi bat ere azpimarratu du Ayesak. Garai hartan, lasai esertzeko eta hitz egiteko aukera eskaintzen zuten lokal gutxi zeuden Irunen. “Leku atsegina da etortzeko. Musikaren bolumena baxu egoten da eta lasai hitz egin daiteke. Topagune aproposa da”, azaldu du Ayesak. Haur txikiak dituzten gurasoak ere joaten direla nabarmendu du Noa Izak: “Haurrentzako jolasak eta liburuak ditugu”.
Laurogei ikusle har ditzakeen aretoa da Kabigorri Ateneoa. Hamabi metro koadroko eszenatokia du. Tamaina txikiko emanaldiak antolatzeko aukera ematen du. Irunen, ez dago halako beste lokalik. Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoa elkarteak kudeatzen du, baina zabalik dago, norbanakoek eta elkarteek aktibitateak antola ditzaten. 90 bazkide inguru ditu elkarteak, gaur egun. Izena emateko baldintza bakarra, beste bi bazkideren gonbidapena jasotzea da. Bazkide izateak, sukaldea eta jantokia dituen Txokogorri erabiltzeko aukera ematen du. “Baina hau ez da elkarte gastronomikoa”, gogoratu du Jon Corralek. Azpimarratu du bestelakoa dela motibazioa: “Bazkide ba-tzuek, Irunen kultur jarduerak izan daitezen soilik ordaintzen dute kuota. Ez dute Txokogorri erabiltzen, eta Kabigorrira ere gutxi etortzen dira”.
Aniztasuna dute ezaugarri
Bazkide aktiboenek, ba-tzordeetan parte hartzen dute. Kudeaketa Batzorde bat dago, gestioaz ardura-tzen dena. “Asanblada Orokorretan erabaki handienak hartzen dira. Baina egunerokoan, batzordeak du ardura hori”, azaldu du Noa Izak. Aktibitateen Ba-tzordeak, urte osoko jarduerak antolatzen ditu. Musika emanaldiak programatzeko ardura du Jon Corralek: “Kontzertuak emateko eskaera pila bat iristen zaizkigu. Nolabaiteko filtroa pasatzen dugu, lokalaren baldintzak kontuan hartu behar baitira”. Hilero erakusketak izaten dira, argazkilari, margolari edo bestelako artisten eskutik. Beste jarduera finkoak ere badira, Irunabar elkarteak antolatzen duen bertso saioa, edo komiki tailerra, besteak beste. Gainera, hitzaldiak, dokumentalen emanaldiak, liburuen aurkezpenak, antzerkiak edo poesia errezitaldiak ere egiten dituzte. “Bitxiena, zeremonia budista bat izan zen”, gogoratu du Charo Ayesak.
Aniztasuna izaten da, beraz, Kabigorrin antola-tzen dituzten jardueren artean. Publikoari dagokionean ere, hala izaten dela uste dute elkarteko kideek. “Jende finkoa ere badugu, baina ekitaldiaren arabera, oso jende ezberdina etortzen da”, baieztatu du Ayesak. Bertso saioen kasua azpimarratu du Noa Izak: “Jende gazte asko egoten da, baina heldua ere bai. Nahasketa bitxia izaten da”. Ideologikoki ere, Kabigorri leku anitza dela uste du Jon Corralek: “Batzen gaituena konpromiso soziala eta kulturala da”. Euskal kulturari bul-tzada berezia ematea bilatzen dutela azpimarratu du Noa Izak. Salbuespena da Kabigorri Irunen.

Udalarekiko harremanean sakondu nahi du elkarteak

Udalarekin harremana indartu nahian ari dira Kabigorriko kideak. “MusikIrun maketa lehiaketa hartu du aurten aretoak”, aipatu du Charo Ayesak. Irunen Kabigorriren ezaugarriak betetzen dituen beste aretorik ez dagoela kontuan hartuta, Udalak erabilpen handiagoa eman diezaiokeela uste du Jon Corralek: “Ez gara etsaiak. Udalak Irunen kultura eskaintza handitu nahi du, eta guk ere bai. Uste dut akordioak lor ditzakegula”. Diru-lagun-tzen banaketan, ordea, kolaboraziorako nahia agerian gelditzen ez dela salatu du Corralek: “Uste dugu diru-laguntzetan desoreka dagoela, kontuan hartuta elkarte bakoitzak antolatzen duen jardueren kopurua eta horiek duten inpaktua”. Jarduera gehiago antolatzeko, aurrekontu handiagoa behar dutela adierazi du Corralek: “Ostegunetik igandera besterik ezin dugu zabaldu Kabigorri. Aste osoan zehar irekiko bagenu, aktibitateen zerrenda luzatuko genuke”.

PROGRAMATUTAKO JARDUERAK
ERAKUSKETAK:
Iraila-urria: Antxon Romero
(Oleoak).
Urria-azaroa: José Vicente Cos Villegas (Argazkiak).
Azaroa-abendua: Mohamed Younssi (Margoak).
KONTZERTUAK:
Azaroa: folklore argentinarra
(Bi kontzertu).
BERTSO SAIOAK:
Hilabete bakoitzeko lehen ostegunean, 19:00etan.
KOMIKI TAILERRA:
Astelehenetan eta ostiraletan, 19:00etan.
AKUARELA TAILERRA:
Asteazkenetan, 19:00etan.
ANTZERKI TALDEAREN ENTSEGUAK:
Astelehenetan, 19:00etan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude