Kalamuaren hiriburu izan da Irun

Bati baino gehiagori galdetuko zioten egunotan Ficoba non dagoen. Erakustazokara hurbilduz gero, laster ulertuko zuen arrazoia. Estatu osotik eta inguruko herrialdeetatik iritsitako jende andana erakarri du Ficobak irailaren 11tik 13ra, Expogrow azokaren laugarren edizioari esker. Kalamuaren sektoreko azokarik handiena da Europan. Hitzordu finkoa milaka zaleren-tzat. “Legalizazioaren aldeko kantua da”, adierazi zuen Fermin Les Lacosta antolatzaileak aurkezpenean. 800 profesional bildu ditu Expogrow-k, 150 erakustokitan. 12.000 m²-ko eremua izan du guztira azokak, Ficobako auditoriuma, pabiloi guztiak eta aparkalekua kontuan hartuta. Salerosketarako, negoziorako, eztabaidarako eta festarako denbora izan da asteburu osoan.

Irunero 261 handia-6

Ilara harrigarria sortu da Ficoban, Expogrow-k ateak ireki aurretik. Hala ere, pazientziaz itxaron dute bisitari gehienek, ez baitute presarik. Urrutitik etorri dira, bidaiak merezi izango duelakoan. Frantsesa eta ingelesa entzuten dira, baita alemana ere. Atzerriko hizkuntzek presentzia handia dute ilaran. Gaztelania doinu ezberdinak entzuten dira, estatuko bisitarien jatorri anitzaren seinale. Euskara nekez entzuten da. Pabiloietan sartuta, azokaren tamaina antzeman daiteke. Hamarnaka stand daude bakoitzean. Kalamuaren sektoreko enpresa eta elkarteak ordezkatzen dituzte. Haziak eta landareak sal-tzen dituztenak ez dira falta, baina askoz zabalagoa da Expogrow. Denetarik aurki daiteke: ongarriak, sendagaiak, elikagaiak, auto-ekoizpenerako tramankuluak edo arropak, besteak beste.
Erakustokien artean galduta ez ibiltzeko, komeni da azokako gida mamitsua eskuratzea. Aldiz, gaiaren inguruko informazio sakona jasotzeko, Yerba aldizkariaren stand-era hurbiltzea da aukera. Sektoreko lehen hedabideetako bat dela nabarmendu du Paco Mascaraque komunikazio arduradunak: “Hamabost urte darama-tzagu lanean. Gaur egun, paperezko aldizkariaz gain, presentzia dugu interneten eta sare sozial guztietan”. Kalamuarekin lotutako edukiak lantzen dituzte. Gaiari ikuspegi ezberdinetatik heltzen diotela argitu du Mascaraquek: “Kultiboari buruzko gaiak topa daitezke, legediaren ingurukoak, edo bestelako gaurkotasuneko gaiak. Kalamua kontsumitzen duten pertsonaia ezagunen iritziak ere baditugu, edo kalamuaren historia biltzen duen sekzioa”. Expogrow-n aldizkariak oparitzen dituzte, salmenta ez baita helburua. “Azokan gure irakurleak eta jarraitzaileak agurtzen ditugu”, aipatu du Mascaraquek.

expogro61 handia-7
Ficobako lehen pabiloiko izkin batean, Granadako Alpujarrako irudi ederrekin apaindutako stand-a dago. Lakaraba enpresa txikiko arduraduna da Elisabeth Puig kataluniarra. Kalamuaren munduan nola hasi zen azaldu du: “Aitaginarrebak ekin zion abenturari, duela sei urte. Hark erakarrita, Bartzelona hiria utzi eta Granadako herri txiki batera joan ginen senarra eta biok, laborari eta artisau lanean aritzera”. Gustura dago Puig Expogrow-n. Beste azoketan, kalamuaren alde ludikoak du leku gehien. Ficoban, berriz, haiek lantzen duten kalamu industriala ere presente dago. “Guk elikagaietarako erabiltzen dugu kalamua. Infusioak, esnea, garagardoa edo txokolatea egiten ditugu, besteak beste”, adierazi du Elisabeth Puigek.
Handik hurbil, beste kataluniar bat dabil, oso urrutiko enpresa baten ordezkari. Esloveniatik etorritako enpresa da Snail, eta zigarretak egiteko papera saltzen duela jakinarazi du Cristina Hernándezek: “Kalitatezko papera ekoizten du Snailek, oso fina. Gainera, diseinu pertsonalizatuak ere egiten ditu”. Paper kaxa koloretsu eta deigarriak dituzten arren, azokan kopuru txikia saltzen dute. Produktua ezagutaraztea da helburua. Azoka gustatu zaiola aitortu du Hernándezek, “benetakotasunaren” usaina dariola. Usaina da, hain zuzen ere, Expogrow-ren bereizgarri nagusietako bat, jendea erretzera kanpora irteten bada ere. Noizean behin megafoniatik gogorarazten dute, badaezpada, pabiloien barruan debekatuta dagoela erretzea. Hiru hizkuntzetan egiten dute.

Negoziorako eta eztabaidarako guneak
Erretzea bai, baina edatea, berriz, ez dago galarazita, kafea edo garagardoa lasai hartzeko mahaiak eta sofak baitaude pabiloietan. Negozio ideiak eta gaiarekin lotutako proiektuak sortuko ziren behin baino gehiagotan Expogrow-n. Horretarako giroa eskaintzen du, behintzat. Bere helburua hori zela onartu du Leondik etorri den Mari Luz Amez bisitariak: “Erosketaren bat egiteaz gainera, informazioa jasotzeko eta negozioren bat abiatzeko asmoa dut”. Victor García hirugarren aldiz hurbildu da Expogrow-ra, eta azokak hobera egin duela uste du: “Erakusketarien kopurua eta kalitatea handitu direla esango nuke. Jarduerei dagokienez, ezagutzen ditudan beste azokek baino askoz gehiago eskaintzen ditu”.
Ez da erraza, baina badago Expogrow-n irundarrak topatzeko aukera. Ficobaren parean, gasolindegiaren ondoan dagoen Marea Verde dendako arduraduna da Juan Alcedo. Ondo ezagutzen du azoka: “Handituz eta hobetuz ari da urtero. Frantziatik gero eta bisitari gehiago hurbiltzen dira, eta hori ona da hiriarentzat. Ostalariak pozik daudela uste dut”. Marea Verde enpresaren inguruko xehetasunak eman ditu Alcedok: “Estatu mailako enpresa da. Nafarroan, Gipuzkoan eta Galizian ditugu dendak”. Kalamua norberak etxean kultibatzeko tresnak jartzen dituzte kontsumitzaileen esku. “Mafiak kaleetatik desager daitezen lortu behar dugu”, azpimarratu du Irungo Marea Verde dendako arduradunak.

expo jaindia-7
Alcedok bezala, Expogrow-ren antolatzaileek ere badute kalamuaren distribuzio arautuaren eta neurrizko kontsumoaren inguruko ardura. Alde batetik, Kalamua eta arriskuak murriztea izeneko tailerra eskaini dute, sektoreko profesionalek gidatuta. Gainera, gaiari buruzko hitzaldiak eta eztabaidak antolatu dituzte Ficobako auditoriumean, Kalamuaren Nazioarteko Foroan. Mundu mailako adituak bildu ditu: Augusto Vitale Uruguaiko Drogen Idazkaritza Nazionaleko gizarte psikologoa, Ethan Nadelmann Drug Policy Alliance erakundeko zuzendaria, Lisa Sánchez Mexikoko Drogen Politikaren Erreformako koordinatzailea, Charlo Greene Alaskako kalamuaren legalizazioaren aldeko aktibista, edo Anne Coppel fran-tziarra, soziologo espezializatua. Arretaz jarraitu dituzte entzuleek aditu guztien hitzak, Ficobako auditoriumeko saioetan.

Ikuskizunak, kanpoan

Ficobako aparkalekuak hartu du Expogrow-ren hirugarren eremua. Ikuskizunak egon dira bertan. Europa mailako Flame Off txapelketa izan da deigarrienetako bat. Beirari putz eginez objektuak sortzeko teknika da Flame Off-a. Denbora zehatz batean, pieza ikusgarriak sortu behar izan dituzte artistek. Expogrow Kopako sariak ere banatu dituzte ekoizleen artean, kalamu mota ezberdinak probatu ondoren. Beste lehiaketak, azokaren kokalekuarekin lotura egin du: herri kirolen emanaldiak egin dituzte Ficoban. Baina kontrasterako osagai gehiago ere izan dira azokan. Esaterako, sagardo kupelak eta kalamu freskagarria ekoizteko makinak jarri dituzte ia elkarren ondoan.
Expogrow-ko ikuskizunen artean ere, kontzertuek erakartzen dute jende gehien. Zortzietan isten dituzte ateak Ficobako pabiloiek. Baina orduan hasten da festa aparkalekuko karpan. Aurten zirku itxurakoa izan da, eta taberna izan du albo batean. Nazioartean ezagunak diren musikariak aritu dira Expogrow-ko eszenatokian: Third World reggae talde jamaikarra, Flavia Coelho brasildarra, Fyahbwoy dancehall artista espainiarra, SFDK taldeko Acción Sánchez eta Zatu rap abeslariak edo Collectif 13 frantziarrak. Etxeko talde bat ere izan da, Kulto Kultibo hain zuzen ere. Goizeko lauretara arte luzatu da festa ostiralean eta larunbatean. Igande iluntzean, berriz, nekeak ez du barkatu. Atsedena hartu behar izan dute Expogrow-n parte hartu duten guztiek. Asteburu bizia izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude