Sarjia parkean litroak egiten dituzten gazteek sortutako zaborra arriskutsua dela salatu du Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkarteak
Parranda eta edari alkoholdunak estu lotuta egoten dira. Tabernetan kontsumitzen ditu jende gehienak, baina badira kalean edaten dutenak ere. Ohitura horrek sortzen dituen arazoengatik, eztabaida iturri izan dira beti botiloi edo litro deiturikoak. Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkarteko kideek haien haserrea adierazi dute berriki, asteburuetan Sarjia parkean edaten dutenek uzten duten zaborraren, eta hark eragiten dituen arriskuen inguruan.
Edari alkoholdunen botilak, freskagarrienak, betetako edalontziak, janaria eta bestelako hondakinak agertzen omen dira, larunbat eta igande goizetan, Sarjia parkean. “Astebururo izaten da, ez noizean behin”, azpimarratu du Koldo Susperregi Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkarteko presidenteak. Haur parkea da Sarjia, eta neska-mutilak joaten dira asteburuetan, gurasoekin, jolastera. “Arrisku handia dago. Haurrak erortzen baldin badira moztu egin daitezke, askotan hautsitako botilak egoten direlako lurrean. Bestalde, edari alkoholdunak erdizka uzten dituzte”. Arriskuak ekiditeko neurriak eskatu ditu auzo elkarteak. Alde batetik, litroak egiten dituzten gazteei mezu argia bidali diete: “Egin nahi baldin badute, gizalege pixka bat eskatzen diegu behintzat. Bota dezatela zaborra zakarrontzira”.
“Kalean edatea galarazten duen ordenantza bat dago, eta ez da betetzen”
Koldo Susperregi, Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkarteko presidentea
“Litroak ordu konkretu batean egiten baldin badituzte, ez dugu esku hartzen”
Lourdes Larraza, Udaltzaingoaren ordezkari politikoa
Kalean edateko ohitura bera ere zalantzan jarri dute, dena den. “Hasteko, ordu jakin batzuetan kalean edatea galarazten duen ordenantza bat dago, eta ez da betetzen”, gogorarazi du Susperregik. “Denok litroak egingo bagenitu, pentsa nola egongo litzatekeen hiria”, gaineratu du. Udaltzainen esku hartzea da eskatu duten neurrietako bat. Lourdes Larraza Udaltzaingoaren ordezkari politikoak azaldu du bizilagunen kexen arabera jarduten dutela: “Litroak ordu konkretu batzuetan egiten baldin badituzte, ez dugu esku hartzen. Hortik aurrera, zarata edo bestelako arazoak sortzen baldin badira joaten dira udaltzainak”. Hiriko beste lekuetan gertatu izan dela aipatu du Larrazak. Sarjiaren kasuan, ordea, orain arte ez dutela abisurik jaso. Zaborraren inguruko kexak, aldiz, ulertzen dituela onartu du Udaltzaingoaren ordezkariak. Txingudiko Zerbitzuak-eko lankideek abisua jaso dutela, eta hemendik aurrera kontuan hartuko dutela baieztatu du.
Gazteen artean hedatutako ohitura
Parkeetan eta bestelako gune publikoetan edari alkoholdunak kontsumitzea, ohitura polemiko bezain arrunta da. XX.mendearen amaiera aldera sortu zen, eta hurrengo belaunaldietako gazteek errepikatu izan dute. Lanik egiten ez duten gaztetxoak izaten dira gehienetan. Batzuetan, adin txikikoak. “Ikusten baldin badugu jendeak lagunartean edaterakoan ondo pasatzen duela, baina ez baldin badugu tabernetara joateko dirurik, zer egin dezakegu?”, galdetu dute Urdanibia plazan bildutako gazteen talde batean. Lokalik edo aisialdirako beste espaziorik ez duten gazte askorentzat bezala, kalean edatea da haien aukera. Dirua da gazteak litroak egitera bultzatzen dituen arrazoi nagusietako bat. Diru falta. “Zure diru-iturri bakarra gurasoen paga baldin bada, esango didazu nola joan zaitezkeen tabernaz-taberna”, bota du taldeko gazte batek. Gaztetxoenen kasuan, pisuzko beste arrazoi bat ere badago: “Tabernetan ez da gure adineko jendea egoten”.
Poliziaren presentziaren eta jarreraren inguruan galdetuta, erantzun zorrotzak eman dituzte: “Errepresioa areagotuta, lortzen duzun bakarra da desobedientzia, edo arazoa leku batetik bestera mugitzea. Zer da okerragoa, hiri erditik hurbil, arrisku handirik gabeko leku batean egitea, edo kanpoaldeko poligono batera joatea?”. Botiloiaren balizko debeku baten aurkako iritzia azaldu dute. Onartu dute, hala ere, kalean edateak izan ditzakeela ondorio negatiboak. Gehienetan zaborra uzten dutela aitortu dute. “Urdanibia-San Juan eremua parranda gunea dela kontuan hartuta, garbiketarako protokolo bat eduki behar lukete”, adierazi du, hala ere, gazteetako batek. Luze joan daiteke eztabaida. Denen intereseko konponbideak topatzea, ordea, nekeza izango da.