Kaleidoskopioko irudi simetrikoak bezain aldakorrak eta askotarikoak

Parean elkartea bereziki ezaguna da feminismoaren inguruan antolatzen dituen proiektuengatik. Kaleidoskopioa izeneko proiektuaren bitartez ordea, Dunboa ikas komunitatean barneratu dira euskara eta kulturartekotasuna nahasten dituen proiektu batean murgiltzeko. Horrela, Dunboa ikas komunitatearen, Oxinbiribil guraso elkartearen eta Elkarrekin kooperatibaren konpainiaz lagunduta, elkarrekin Kaleidoskopioari birak ematen hasi dira.

Kaleidoskopioa izeneko proiektua garatzeko Parean elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz diru-laguntza jaso du. Ainara Lopez parean elkarteko kideak azaldu duenez, “modu oso naturalean bururatu zitzaigun proiektu hau sortzeko ideia”. Izan ere, beraien bulegoa Dunboa ikastetxetik gertu kokatua dagoenez, ikas komunitatearekin dagoeneko hainbat proiektu garatu dituzte amankomunean. Gainera, eskolak guraso elkarte aktiboa zuela jakinda, elkarrekin bide partekatu bat hastea erabaki dute.

Proiektuaren helburu nagusietako bat euskararen sustapena da. Ainara Lopez, Parean elkarteko kidearen hitzetan, “Denok euskarak batzen gaitu eta aniztasun handia dagoen lekuetan giltzarri izan daitekeela uste dugu”. Parean elkarteko kideak gaineratu duenez, “hemen jaio edo jaio ez direnak euskararen jabe gara eta horrek gure ustez aukerak zabaltzen ditu”. Proiektua garatzeko bidean Elkarrekin kooperatibarekin bat egin dute, Kaleidoskopioaren garapenerako kooperatibak, aurreiritziak apurtuz, sortu duen kultur izaera ezberdinak batzeko eta elkar ezagutzeko esperientzia baliagarria izango zaielakoan.

Gertutasunaz gain, Dunboa ikas komunitateak baditu Kaleidoskopioa proiektua bertan garatu ahal izateko beste ezaugarri erakargarri batzuk. “Ikas komunitatea denez, elkarlanerako aukerak ematen ditu”, gaineratu du Ainara Lopezek. Parean elkartean bazuten aurretik Dunboako ikasleek eta irakasleek auzoan euskara sustatzeko abiatutako proiektuen berri.

“Guk eskolan ditugun proiektu ezberdinak eskolaren errealitatera begiratuz eta egokituz bideratzen ditugu”

Julen Urkia, Dunboa ikas komunitateko zuzendaria

Julen Urkia Dunboako zuzendariak “Dunboa ikas komunitate askotariko bezain aberats” gisa deskribatu du. “Guk eskolan ditugun proiektu ezberdinak eskolaren errealitatera begiratuz eta egokituz bideratzen ditugu”, azaldu du Dunboako ikas komunitateko zuzendaria denak. Horrela, komunitatea osatzen duten familien, langileen eta auzoaren artean fusio baten beharra ikusi dute, eskolaren dinamikatik ateratzen diren eragileen eta ekintzen bitartez lortu daitekeena.

Lehen emaitzak

Kaleidoskopioari birak emanez, proiektuak lehen emaitzak erakutsi ditu jada. Kulturartekotasuna lantzeko Ene Kantak taldeak aurten bideoklip bat grabatu du Dunboa eskolan. Bestetik, Elkarrekin Kooperatibaren eskutik, Familia Laguna programa txertatu dute, bertakoek zein herrira iritsi berriak diren familien arteko harremanak estutzen laguntzeko. Horretarako, hilero ikastetxean ekintza irekiak antolatu dituzte. Esaterako, martxoaren 3an Izurde mutikoa filma eman zuten eskolan, Irungo eskoletakoak ez diren familia asko Dunboa auzora erakarriz. Martxoaren 20an, aldiz, gurasoentzako “Arrazakeria eskolan, errealitate isildua” hitzaldia antolatu zen, seme-alabekin arrazismoari buruz hitz egiteak duen garrantzia lantzeaz gain, kulturarteko harremanen garrantzian sakontzeko.

Era berean, egitasmoaren bultzatzaileek jakinarazi dute datozen hilabeteetan jarduera gehiago egingo direla. Julen Urkia zuzendariak gaineratu du, “ez dugu Dunboa eskola huts bat izatea nahi; haurrak utzi eta jasotzeko leku bat baino gehiago izan nahi dugu”. Ildo horretatik, ikas komunitatea edukiak, baloreak eta emozioak lantzeko eta partekatzeko lekua izatea nahi dute.

Eskola hutsetik harago

Garazi Zarautz Familia Lagun proiektuaren garapenaz arduratzen den Elkarrekin kooperatibako kidea da. Familia Lagun proiektuak beste herrialde batzuetatik ikastetxera etorri berri diren familiei harrera egokia eskaintzea du helburu, ikasgelako beste familia euskaldunak aurkeztuz. Garazi Zarautzek gehitu duenez, “orain familia konplizeak bilatzen ari gara, beraien arteko parte-hartzea sustatzeko”. Daniela Kresic Oxinbiribil guraso elkarteko presidentea da eta Elkarrekin kooperatiba eskolan egiten ari den lanarekin pozik azaldu da: “ni neu etorkina naiz eta badakit zeinen garrantzitsua den herrialde berri batera iristen zarenean laguntzeko prest dagoen jendea inguruan edukitzea”.

“Horrelako praktika bat Dunboa bezalako ikas komunitate batean probatzea luxu bat izan da”

Ainara Lopez, Parean berdintasun elkartea

Parean elkarteko kideek eskaini zioten elkarlanerako aukera Elkarrekin kooperatibako kideei. Kaleidoskopioa proiektuaren nondik norakoak azaldu eta Dunboa ikas komunitatearen ezaugarriak ezagutu ostean, ez zuten proiektuarekin bat egiteko zalantzarik izan. “Egia esan, proposamena asko gustatu zitzaigun eta proiektuaren inguruan hainbeste inplikazio eta motibazio ikustea oso erakargarria izan zen”. Cesar Zuñiga, Elkarrekin kooperatibako kideak adierazi duenez, “elkartasun handiko proiektua dela esango nuke, oso bihozbera, migrazioaren gaia beste modu batean lantzeko aukera ematen duena”. Izan ere, Cesar Zuñigak azaldu duenez, familiei Familia Lagun proiektua aurkezten dietenean harrituta geratzen dira eta asko hunkitu egiten dira, ez baitute horrelako harrerarik espero.

Argazkia: Ene Kantak taldearen bideokliparen grabaketa Dunboa eskolan.

Honela, Parean Berdintasun elkarteko Ainara Lopezek proiektu hau Irungo beste eskoletara eramateko aukerak ikusten ditu. “Gure hiriak migrazio tasa handia bezain interesgarria du eta oso proiektu interesgarria izan daitekeela uste dugu”, adierazi du Parean elkarteko kideak. Izan ere, dagoeneko Gipuzkoako beste zenbait udalerritan antzeko proiektuak martxan daude eta Kaleidoskopioa proiektuari esker ideia Iruneraino iritsi da. Cesar Zuñigak nabarmendu duenez, “proiektuak beste pedagogia batzuk proposatzen ditu migrazioaren gaia ulertzeko eta migrazioa arazo bezala ez planteatzeko”. Beraz, familien arteko harremanak sortuz, migrazioa ezagutza partekatuaren sinonimoa dela erakutsi nahi da. Ainara Lopezek erantsi duenez, “horrelako praktika bat Dunboa bezalako ikas komunitate batean probatzea luxu bat izan da”. Gainera, guraso elkartearen jarrerak proiektuaren arrakastan lagundu duela azpimarratu du: “beraiek urtean zehar antolatzen dituzten jarduera guztiez gain, konfiantza handia ematen dizu gauzak proposatzean mundu guztia ados dagoela ikusteak”.

Dunboa ikas komunitateak eskolaren aniztasuna baliatu nahi du familien arteko elkartrukea ahalbidetzeko. Horrela, ikastetxeaz gain, auzorako eta komunitate osorako aberasgarria izan daitekeen bide berri bat hasi nahi dute elkarrekin. Etorkizunak esango du noraino iritsiko diren gaurko ahaleginak. Lehen metroetan egitasmoak izandako arrakasta ikusita, etorkizun zabala aurreikus daiteke, kaleidoskopio batean ikus daitezkeen formak bezain askotarikoak.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude