Kantineren babesle

1998an lehen aldiz Udal Alarde mistoa antolatu zutenean, Irungo Udalak eman zituen kantineren jantziak eta materiala. Hiru urte geroago bertan behera geratu zenez geroztik, jantziak erabili gabe geratu ziren, Udale-txean. “Aurrerantzean, jantziak guk egin eta konpondu ditugu. Diru publikoarekin, baina guk kudeatuta”, azaldu du Karmele Tolosak. Hasieran, emakume bakar batek hartu zuen ardura. Denborarekin, Kantineren Batzorde bat eratzea erabaki zuten. Kantinera ohiek, gurasoek eta Alardeko agintariek osatzen dute. Zortzi laguneko lantaldea da.

SONY DSC

Urte osoko lana izaten dute Kantineren Batzordean. Uztailean hasten dira, balorazioekin: “Kritikoak gara geure buruarekin. Urtero hobetzen saiatzen gara”, baieztatu du Beatriz Vendrellek. Eztabaidak izaten dituzten arren, giro onean aritzen direla azpimarratu du Karmele Tolosak. Alazne Picos kantinera ohiak azaldu ditu Batzordearen eginbeharrak: “Alde batetik, kantinerei babesa eta aholkuak ematen dizkiegu. Bestetik, oinarri logistikoa: jan-tziak, botak, edo upeltxoa”. Lanik handiena maiatzeko lehen hamabostaldian hasten da. Konpainia bakoitzak, zozketa bidez, kantinera hautatzen duenean, lehen bilera antolatzen dute. “Kantinera guztiak eta haien familiak elkartzen ditugu, jarraibideak azaltzeko, eta zalantzak argitzeko. Haien artean harremana eta konfiantza sortzea garrantzitsua iruditzen zaigu”, argitu du Picosek.
Gero, kantinera bakoitzarekin biltzen dira, banan banan, jantziaren probak egin eta beharrak zehazteko. “Uztailean aurreikuspenak egiten ditugun arren, proben ondoren sortzen dira arazorik handienak. Jostunek oso denbora gutxi izaten dute”, nabarmendu du Alazne Picosek. Gehienetan konponketak egin behar izaten dituzte, eta kasu batzuetan, jantzi berriak. Beatriz Vendrellek azpimarratu du ez dutela benetako modelorik eduki: “Argazkiak begiratuta patroiak atera, eta horiekin lan egin izan dugu”. Aholkuak eta bestelako azalpenak ere ematen dizkiete kantinerei. Neska gehienek aldez aurretik desfilatu izan duten arren, kantinera ateratzen diren urtean behar bereziak izaten dituzte. “Jende askok pentsatuko du ez diela ilusio berezirik egiten. Baina ez da egia. Inoiz baino emozio eta urduritasun handiagoa izaten dute”, adierazi du Patxi Perez Anakako kapitainak.
Batzordeko kantinera ohiek azal dezakete kantinera ateratzea haientzat zer izan zen. “Kantinera ateratzen zarenean, askoz lehenago hasten zara disfrutatzen: lehen abanikoa oparitzen dizutenean, ile-apaindegiko lehen proba egiten duzunean… Entseguak iristen direnean ere, beste zirrara batekin bizi dituzu”, gogoratu du Alaznek. Laida Oronozek bat egin du lagunaren iritziarekin: “Atentzio gune nagusia zara, eta gauzak zeharo desberdin ikusten dituzu. Soldadu zarenean ez dizkizute horrelako animoak bidaltzen”. Momentu bakoitza goza-tzeko aholkatu ohi die Patxi Perezek kantinerei: “Aukeratzen dituztenean, badirudi San Mar-tzial eguna oso urrun dagoela, baina ziztu bizian pasatzen dira asteak. Eta bukatzen denean, pena handia ematen du”.

Ahotsa ematen diete kantinerei

Ekainaren 28ko kantineren aurkezpena ere antolatzen du Batzordeak. Hasteko, pregoi txiki bat egiten dutela azaldu du Alazne Picosek: “Guk aurrera eramaten dugun proiektuari erreferentzia egiten diogu, adieraziz bide onean doala eta sendotzen ari dela. Gero, Alardeko agintariek hartzen dute hitza”. Kantinerei mikrofonoa eskuan hitz egiteko aukera ematen diete: “Ez dira kantinera hutsak, ahotsa daukate. Hortaz, une horretan sentitzen dutena adierazteko aukera ematen diegu”. Batzuek hitz lauz egiten dute, beste batzuek bertsotan. Eta askok, negarrez. Jasotako babesa eskertzeko momentua izaten da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude