Karmele Tolosa, Alarde Publikoan teniente eta kapitain izandakoa: “Dudarik gabe, alardeak urte osoko lana eskatzen du”

Karmele Tolosa Bidasoako kapitaina zenean

Karmele Tolosa ia Alarde Publikoaren sorrerako urteetatik alardearen antolaketan inplikatuta egon da. Alarde Publikoaren barnean konpainia eta hainbat karguetatik igaro da, besteak beste, Bidasoako alferez eta kapitain eta Oiasso kapitian izan delako. Gainera, Santiago konpainiaren sorreran buru-belarri inplikatu zen, urte luzez Alarde Tradizionaleko konpainia berean Teniente izandako aitaren lekukoa hartzea lortu zuen arte.

Noiz eta nola hasi zinen Alarde Publikoan parte hartzen?
Alarde Publikoa sortu aurretik, bestelako ekintza batzuk egin ziren. Ekintza horien lehen urtean publiko izan nintzen nire lagunak babesteko eta bigarren urtean jada modu aktiboan parte hartu nuen, hau da, unitate berezi horren antolakuntzan. Oker ez banago, 1998. urtean lehen Alarde Publikoa egin zen. Bidasoa konpainian alferez kargua bete nuen. Hortik aurrera, hainbat urtez, Bidasoa eta Oiasso konpainietako kapitaina izan nintzen, konpainia berria sortzea posible izan zen arte. Santiago niretzat konpainia kutuna da, aita urte luzez teniente izan baitzen, eta horregatik nik ere postu bera betetzea erabaki nuen.

Festetan modu aktiboan parte hartzen hasi zinenetik alardea asko aldatu da?
25 urteren ostean aldaketak ikaragarriak izan dira. Lehenengo urtean argi izan nuen ni feminista izanda zer eskatu behar nuen. Urte horiek oso gogorrak izan ziren eta gaur egun oraindik ezin ditut lehen urteetako irudiak ikusi, beldur asko pasatu nuen eta negargura sartzen zait. Garai hartan gure aurka aritu zirenak jada damutu zirela uste dut, azken finean, eskatzen genuena eta eskatzen duguna gure herriko jaietan parte hartzea da, gure lagun gizonek egiten duten moduan. Ez genuen espero ekintza horrek hainbesteko iskanbila eragingo zuenik. 25 urteren ostean hemen jarraitzen dugu, gauza berbera eskatzen. Udalari eskatzen diogu alarde bat, bakarra eta guztiontzat antolatzea.

Nola kudeatu izan duzu alardearen barnean ardurazko karguak izatea?
Nik alardea maite dut eta maite duzun horretan gustura lan egiten duzu. Gianontzekoekin alderatuta esperientzia handia nuenez, hasieratik inplikatu nintzen alardearen antolaketan. Izan ere, hasieran gutxi ziren alardea inoiz desfilatu edo alardea nola antolatu zekitenak. Garai hartan gehienek ez genuen soldadutzarik egiten, beraz, ez genekien nola desfilatzen zen. Orain arte gauzak ilusioz antolatu ditut. Oraindik ere alardearen antolakuntzan parte hartzen dut eta kantinerei prestaketekin laguntzen diet. Nire esperientzia eta ezagutza partekatzen ditut.

“Engranajeak berriro martxan jartzeko eta mekanismoa koipeztatzeko militantzia lan handia beharko dugula aurreikusten dut”

Alardearen antolaketak asko uste baino lan gehiago ematen du?
Ilusioz eginez gero, ez da hain gogorra egiten. Hala ere, lan handia da. Gainera, nik urte asko daramatzat eta, egia esan, nekatu samar nago. Jende berria behar dugu eta gutxi dira lan egiteko prest sartzen diren pertsonak. Jende gazteak antolakuntza murgiltzeko intentzio gutxi du, beraiek gauzak azken minutuan egitearekin konformatzen dira eta nik gauzak denboraz egitea nahiago dut. Dudarik gabe, alardeak urte osoko lana eskatzen du, nahiz eta martxotik aurrera pilatu lanik gehienak.

Santiago konpainiako teniente izateak esanahi berezia du zuretzat?
Bai, esandako moduan, aitak bertan desfilatzen zuen. Santiago kalea baino, auzo bat dela esango nuke eta bertako jendea berezia da. Ni Meakako baserri batekoa naiz, baina aitaren eraginez betidanik Santiagoko konpainia asko maite izan dut. Beraz, Santiagon konpainia berri bat egiteko aukera sortu zenean, hantxe hasi nintzen buru-belarri lanean. Konpainia sortzen hasi ginenean aita oraindik bizirik zegoen eta ilusio handiz bizi izan zuen. Aitak esan ohi zuen gure konpainia txikia zela, berak bere garaian ezagutu zuenaren antzekoa: guztiek elkar ezagutzen zuten eta oso ondo pasatzen zuten elkarrekin. Hau da, jaia ospatu egiten zuten.

“Santiagon konpainia berri bat egiteko aukera sortu zenean, hantxe hasi nintzen buru-belarri lanean”

Nolakoa izan zen zuretzat aurreko urtea alarderik gabe?
Pena handiz, irundar gehienen antzera. Atsedenaldi gisa ondo dago aurreko urteekin alderatuta lan gutxiago izatea, oporrak beti ondo hartzen dira eta. Hala ere, pena handia sentitu nuen.
Aurten alarderik egon ez arren, antolakuntzako kideek oraindik zereginik duzue?
Bilerak antolatzen jarraitzen dugu, jarraitu beharreko bidea zein den aztertzeko eta gurekin harremanetan jartzen direnei erantzun ahal izateko. Alarderik gabe zereginak asko murrizten dira eta bilera gutxi batzuekin nahiko da. Datorren urtean berriro alardea izango dugula espero dut eta udalak antolatzen badu hobeto. Dena den, arrikutsua iruditzen zait berriro dena antolatu behar izatea, uste dut ohitura galdu ostean zailagoa izango zaigula.

Etenaldiaren ostean, etorkizuneko alardea aurrekoekin alderatuta oso desberdina izango da?
Udalak alardea antolatzeko esperantza dut. Hala ere, berriro guk antolatu behar badugu zaila ikusten dut aurreko erritmoa hartzea, alardea gauza oso handia delako eta gauza handien antolakuntzak lan handia eskatzen dutelako. Beraz, engranajeak berriro martxan jartzeko eta mekanismoa koipeztatzeko militantzia lan handia beharko dugula aurreikusten dut.

Hortaz, Alarde Publikoaren antolakuntzan erreleboa behar dela esan nahi duzu?
Bai, dudarik gabe. Jende gaztearen ardura bakarra Sanmartzialetan, jaiak direnez, ondo pasatzea da. Horretarako, aldiz, lan apur bat egitea beharrezkoa da.

Nola bizi dituzu zuk Irungo San Pedro eta San Martzial jaiak?
Egia esan, txikia nintzenean San Pedro eguna oso egun berezia zela gogoratzen dut: arropa estreinatzen genuen, Meza Nagusira joan ohi ginen, buruhandiak eta erraldoiak ateratzen ziren, jaien hasierako eguna zen… San Martzial Eguna, berriz, jaieguna zen, hau da, jendeak ez zuen orain adinako seriotasun edo errespetuarekin ikusten. Jaiek Sanmartzial izena dute, beraz, Sanmartzialak ospatu egin behar direla uste dut, ongi pasatzeko egunak dira.

 

Elkarrizketaren bideo osoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude