Karmentxu Oronozek jaso du aurten Argoiak Saria. 2012an ezarri zuenean, Argoiak elkarteak azaldu zuen “Komunitatearen aldeko ekimenak” egiteagatik sarituko zituela norbanakoak edo erakundeak. Karmentxu hondarribiarra da, eta urteak egin ditu joste ikastaroak ematen. Kartzelan, etorkinekin, baita Argoiak elkartean ere. “Hasieran saria ez onartzea ere pentsatu nuen. Lotsa ematen zidan”, aitortu du. Justifikaziorik ez du falta, hala ere, jaso berri duen sariak.
– Nola hasi zinen joste ikastaroak ematen?
Txikitan misiolari izan nahi nuela gogoratzen dut. Bizitzak azkenean beti ematen ditu aukerak, eta Caritasen lan egitea eskaini zidaten halako batean. Emakume ijitoekin joste tailerra egiten hasi nintzen orduan. Jostea ikaragarri gustatu izan zait beti. Baina hortik aurrera, joskintza irakasle lanetan aritzeko aukera izan nuen.
– Txikitatik josi izan duzu?
Egia esan, idazkari izateko ikasi nuen gaztetan. Baina aita arrantzalea zen, denbora asko pasatzen zuen etxetik kanpo, eta amak laguntza behar izaten zuen etxean. Beraz, akademian bukatu nuenean etxean gelditu nintzen, ezin nuen lanik egin. Horregatik hasi nintzen josten. Bizitzako egoerak baldintzatzen du norberaren bidea.
– Josteko makina zaharrak birziklatzen dituzu.
Hala da. Konpondu, garbitu eta engrasatu egiten ditut, beharra duen jendeari emateko. Gainera, nire ezagunek badute horren berri, eta erabiltzen ez dituzten makinak ematen dizkidate, konpontzeko eta banatzeko. Nik prestatutako makina mordoa dago etxeetan sakabanatuta.
– Marokon egon zara behin baino gehiagotan.
Erretiroa hartutako irakasle bat ezagutu nuen. Jakin nuen berak Marokon zeuden moja batzuk ezagutzen zituela, eta gauzak bidaltzen zituela. Nik interesa jarri nuen, eta talde bat osatu genuen, arropak bidaltzeko. Hiru aldiz izan naiz Marokon dagoeneko. Arabiera ikasten hasi nin-tzen han, eta hemen jarraipena eman diot.
– Harremanak egiteko balio izan dizu.
Marokoarrek eta aljeriarrek oso ondo hartzen naute, arabieraz dakidalako. Etxera gonbidatzen naute, kus-kus-a jatera edo festaren bat ospatzera. Oso harreman ona daukat magrebtarrekin. Caritasen joste ikastaroetara etortzen dira. Langabezian dagoen jendea da, eta dirua aurrezten laguntzen diet.
– Martuteneko kartzelan ere ematen dituzu joste tailerrak. Nolako esperientzia da?
Gogorra, batez ere presoak iritsi berriak direnean. Pazientzia handia behar izaten da. Baina ondoren gauza politak ikusten dira, interesa jartzen dutelako, eta elkarri laguntzen diotelako. Abiada hartzen dutenean gustura aritzen dira.
– Noiz iritsi zinen Argoiak elkartera?
Hamar urte daramat Argoiak-en klaseak ematen. Emakume batek jarri ninduen elkartearekin harremanetan. Irakasle bat behar zuten, eta nik gustura hartu nuen postua. Talde batekin hasi nintzen, eta gaur egun lau dauzkat. Makina erabiltzen ikasten dugu, arropak, gortinak, maindireak edo dena delakoak egiteko eta konpontzeko. Gero eta jende gazteagoa izaten da. Irakasleak, medikuak, erizainak… Oso gustura aritzen dira, josteak erlaxatu egiten baitu.