Bartzelonan bizi diren irundarrek egin dute aktualitate gai nagusiaren inguruko analisia
Aktualitatearen lehen lerroan egon da Kataluniaren independentziaren gaia, azken hilabete honetan. Europako egunkari nagusietako azaletara ere iritsi da, urriaren leheneko erreferendumaren eta haren inguruko gertakarien harira, batez ere. Tentsio eta ziurgabetasun egunen ondoren, urriaren 10ean, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak independentzia deklaratu eta behin-behinean eten du, elkarrizketarako eskua luzatuz. CUPeko gobernukideak haserrarazi ditu adierazpenak, eta hilabeteko epea eman diote negoziazioetarako. Espainiako Gobernuak, aldiz, ez du elkarrizketarako asmorik.
Komunikabideetan etengabea da gaiari buruzko informazio eta iritzi jarioa. Baina Katalunian bertan, Bartzelonako kaleetan egoera nola bizi duten jakiteko, bertan bizi diren irundarrengana jotzea izan daiteke aukera aproposa. Alejandro Lopezek bi urte daramatza Bartzelonan lanean eta bizitzen, eta ez du independentzia aldarrikatzeko manifestazioetan parte hartu, ezta Espainiako batasunaren aldekoetan ere. Hasier Narbartek denbora gehiago darama Bartzelonan, zazpi urte, eta murgilduta dago politika mugimenduan eta auzolanean. Urriaren leheneko erreferendumaren antolakuntzan parte hartu du.
Autobus turistikoak beteta egoten dira egunero. Monumentu nagusien aurreko ilarak ere, ohikoak dira Bartzelonan. Baten bat interesatzen da, galderak egiten ditu, baina orokorrean, aktualitatetik aparte daude bisitariak. Hirian bizi eta lan egiten dutenentzat, ordea, ezinezkoa da hori. “Lantokian, eta nire lagunartean, etengabeak dira gaiaren inguruko eztabaida sutsuak”, baieztatu du Alejandro Lopezek: “Gustatuko litzaidake ezetz esatea, baina uste dut haustura soziala benetakoa dela”. Elkarrizketaren aldekoa da Lopez, eta banderarik gabeko kontzentrazioan parte hartu zuen, urriaren 7an: “Uste dut, momentu honetan, jarrera zuhurrena dela”.
Parte hartu ez bazuen ere, Lopezek aitortu du harrituta geratu zela, urriaren lehenean, bozkatzeko mobilizazio erraldoiarekin: “Halakorik ez dut inoiz ikusi. Etxe bloke osoei buelta ematen zieten ilarak zeuden, bozkatzeko zain zegoen jendearekin. Horren aurrean, konturatzen zara zerbait gertatzen ari dela, eta irtenbide bat eman behar zaiola”. Erreferendumaren antolaketan aritu zen, hain zuzen ere, Hasier Narbarte, Bartzelonako Sants auzoan. Lan handiko egunak, baina emozioz beterikoak izan zirela adierazi du: “Egunean zehar momentu kaotikoak egon ziren, poliziaren esku hartzearekin, ondoko auzoetan eta herrietan gertatzen ari zenarekin… Baina gau aldera poza nagusitu zen”.
Erreferendumaren antolaketa Kataluniako gobernuak zuzendu badu ere, herritarren parte hartzea azpimarratu du Narbartek: “Anekdota gisa, aipatu, internet konexioa erori zenean, bizilagun batek kable bat bota zuela, haren routerra eskaintzeko. Papeletak eta hautetsontziak etxeetan gorde zituen jendeak, eta inori ezer esan gabe ekarri. Poliziaren aurrean guzti hori lortzea sekulakoa izan zen”. Errepresioa gogor salatu du Hasier Narbartek, eta hausnarketarako deia egin du. Baina halako erantzun baten aurrean, erreferendumaren aldeko kataluniarrek hartutako jarrera goraipatu du: “Gertatutako guztiaren aurrean lasaitasunez erantzun dute herritarrek, baina era masiboan, beldurrik gabe kalera atereaz, haien nahiak aldarrikatzera”.
Urriaren lehenaren ondorengo egunak
Lanuztea eta independentziaren aldeko manifestazioak etorri dira urriaren lehenengo egunetan. Baina baita Espainiako batasunaren aldekoek antolatutakoa ere. Hasier Narbartek onartu du badakiela Katalunian independentziaren aurkako jende asko dagoela, eta hori kontuan hartu beharra dagoela. Galdera luzatu du, alabaina: “Haien ligan jokatzen hasten baldin bagara, eta haiek diote milioi bat lagun izan direla, zer esan nahi du, gainerako sei milioiak independentistak garela? Guztiz irabazi dugu orduan?”. Bestalde, manifestazio hartan izandako iruditeria eta adierazpen faxistak salatu ditu Narbartek. Alejandro Lopezek uste du bi muturrak “erradikalizatu” direla: “Gorrotoa sortu da, alde batetik bestera. Eta ez diot zentzurik ikusten, Catalunya independente izan edo ez”.
Egoerak arlo ekonomikoan izan duen eraginak oihartzuna eduki du. Sabadellek eta Caixabank-ek, Kataluniako banketxe nagusiek, haien egoitza sozialak lekualdatu dituzte, Kataluniatik atereaz. Gas Natural, Abertis eta beste zenbait enpresa handik haien bidea jarraitu dute. “Haien interesak herritarren nahien gainetik jartzen ari dira enpresa horiek. Gizartearen gainetik daude?”, salatu du Hasier Narbartek. Dena den, lekualdatze horien eragin erreala zalantzan jarri du: “Egoitza aldatu dute, baina jarduera ekonomikoa ez da Kataluniatik joan. Ekonomikoki ez da galera handia izan, hori ekonomialariek esaten dute”. Ados dago Alejandro Lopez, eta enpresek irudi aldetik, kanpora begira hartutako erabakiak izan direla uste du.
Bitartekaritza eta elkarrizketa
Kanpora bideratu dira begirada asko, Europako erakundeek eta beste estatuek hartutako jarreren, eta balizko bitartekaritza batzuen zain. Horren alde egin du Lopezek. Baina ez da baikorra: “Ez dirudi inork laguntzeko asmoa duenik”. Hasier Narbartek ez du inoiz Europako erakundeengandik gehiegi espero izan. Orain, ordea, pentsatzen du haien posizioa hartu beharko dutela: “Argi eduki behar duguna da Europan, eta mundu mailan ditugun erakundeak, estatu lagunen artekoak direla. Horregatik, Espainiaren alde jarriko dira gehienak. Baina independentzia deklaratuta, subjektu berri bat sortuko da, Katalunia, eta horri erantzun bat eman beharko diote”. Independentzia deklaratzeari berebiziko garrantzia eman dio, beraz, Hasier Narbartek.
Urriaren 10ean iritsi da deklarazio hori, Carles Puigdemontek Parlamentean egindako adierazpenean. Segidan, ordea, ñabardura egin du. Behin-behinean eten dudeklarazio hori, negoziazioei bidea irekitzeko. Aurreikusi baino ordu bete beranduago eskaini du hitzaldia, CUPeko gobernukideekin izandako tentsioen ondorioz. Alejandro Lopezi iruditzen zaio barne tentsioak saihestezinak zirela: “Helburu bera dute gobernukide diren alderdiek: independentzia. Baina iritzi eta ideologia ezberdin askotako jendea dago bertan: Convergenciak, duela ez horrenbeste, Aznarren gobernu bat babesten zuen. Beste aldean, CUPekoak, antisistemak dira, eta haiek gobernu batean egoteak ez du zentzu handirik”.
Bi irundarrek argi dute Espainiako gobernuak ez duela elkarrizketarako borondaterik. 1978ko konstituzioko 155.artikulua aplika dezakeela uste dute, Kataluniaren autonomia bertan behera uzteko. Bestelako neurriak ere heldu daitezkeela pentsatzen du Narbartek: “Dakiten bakarra egingo dute: errepresioa, atxilotzeak… Ez dute konponbiderako deus eskaintzen”. Ez da erraza datozen asteetan gerta daitekeena aurreratzea. Hasier Narbartek independentziaren alde egiten du, zalantzarik gabe. Ez du uste prozesu erraza izango denik, presio handiak egongo direlako. Baina urriaren leheneko emaitzek legitimitatea ematen diotela iruditzen zaio.
“Iruditzen zait jende asko ez dela jabetzen independentziak dakarrenaz”
Alejandro Lopez
“Prozesu honek, denontzako hobea izan daitekeen errealitate batetara eraman gaitzake”
Hasier Narbarte
Alejandro Lopezek, aitzitik, pentsatzen du Kataluniaren independentzia ez dela bideragarria: “Kataluniako gobernuko jende batek ere esan du, Artur Masek berak. Presio neurri gisa ondo dagoela, baina momentu honetan Katalunia ez dagoela independentziarako prestatuta. Iruditzen zaidana da, baita ere, jende asko ez dela jabetzen independentziak dakarrenaz”. Eztabaida mahai gainean dago. Hasier Narbartek bestelako iritzia du: “Gaur egun, ikasle mugimenduan eta sexu askapenerako lanean murgilduta nabil. Uste dut, Kataluniako prozesu honek, denontzako hobea izan daitekeen errealitate batetara eraman gaitzakeela. Bizitzeko beste modu asko ireki ditzake”. Herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du Narbartek, beti ere. Haren alde era masibo eta baketsuan mobilizatzea.