Kemen dantza taldea: 50 urte euskal dantzaren lekukoari kemenez eusten

1978. urtean Kemeneko dantzariak lehen aldiz soka dantzan (Iturria: Kemen dantza taldea).

Kemen dantza taldearen ibilbidea 1973. urtean hasi zen Txingudi ikastolako gurasoen ekimenari esker. Geroztik taldea zabaltzen eta handitzen joan da, nahiz eta bidean dantzari zangotraba egin dioten zenbait oztopo aurkitu. Eder Valladares eta Maitane Aranburu dantza talde irundarreko kideak dira eta Kemenen ibilbideak orain arte egindako urrats irmoen errepasoa egin dute.

Gaur egungo dantzarako grina eta hasierakoa berdina izan arren, Kemenen sorrerako eta egungo testuinguruaren arteko aldea nabaria da. Eder Valladaresek azaldu duenez, taldea kultur berpizkunde baten erdian sortu zen: “garai horretan edozer gauza baliagarria zen nortasun bat eraikitzeko eta dantza ere horren parte izan zen”. Ordutik, taldea momentu bakoitzeko beharrei egokitzen joan da, gizarteko aldaketak Kemenentzat oharkabean pasa ez direlarik. Eder Valladaresek gaineratu duenez, “taldea taldekideez osatzen den heinean zerbait bizia da eta, beraz, gizartearen parte da”. Hala ere, Maitane Aranburuk nabarmendu duenez, “sorrerako oinarriekiko leialak izaten jarraitzen dugu”.

Bitarte horretan Kemenen izaera osatu eta markatu duten gertakariak asko izan dira. Dena dela, Eder Valladaresek argi utzi duenez, Kemenkide bakoitzarentzat taldearen une esanguratsuak ezberdinak izan daitezke. Bere ikuspuntutik, dantza taldea zerotik sortzeko pausu zinez garrantzitsua izan zen, egitasmoaren gidari izan ziren gurasoentzat suposatu zuen ahalegin handiarengatik. Hasierako dantzariak heldu bihurtu ziren heinean lehen belaunaldi aldaketa bat gertatu zen. 2000. urtean Kemen dantza taldearen barnean beste aldaketa nabari bat gertatu zen, orduz geroztik jantzien eta dantzen eraketan arreta handiagoa ipini zelarik. Harrez gero, taldea markatu, edo hobe esanda kolpatu, duen azken gertakarietako bat Covid-19aren pandemia izan da, taldea kolpatu baitu eta dantzarien kopuruan beherakada eragin baitu.

“Denak gara dantzariak, neskak zein mutilak, eta denak soka baten parte gara”

Eder Valladares, Kemen dantza taldeko kidea

Maitane Aranbururen iritziz aldiz, 50 urteetako ibilbide horretan dantza ikastaroek eta beste herrialdeekin egindako elkartrukeek eta bidaiek taldea aberastu dute. “Uste dut taldeari izena ematen lagundu dioten beste mugarri garrantzitsu batzuk izan direla”, adierazi du Aranburuk. Izan ere, dantzaren bitartez Kemenen izena hainbat herrialdetara eramatea lortu dute, Japoniara adibidez. Eder Valladaresen esanetan, “taldeak gure kulturaren zati bat ezagutarazteko eta zabaltzeko aukera eman zigun”. Alabaina, taldeak horrelako gero eta ekintza gutxiagotan parte hartzen du eta Maitane Aranbururen ustetan, “berreskuratu beharreko zerbait da”.

Euskal kultura dantzatuaren igorle izatea izan da azken bost hamarkadetan Kemen taldearentzat premisa nagusietako bat. Euskal dantza irakasteko bide hori borondate on eta askoz betea egon da lehen zein orain. Taldearen hazkundean, euskal taldeekin zein bestelako dantza taldeekin izandako harremana Kemenentzat zeinen aberasgarria izan den aipatu du Eder Valladaresek, dantzen transmisioa espontaneoki gertatzen baita. Maitane Aranburuk berriz, bizimodu aldaketak dantzen irakaskuntzan eragin nabaria izan duela gehitu du. Garai batean aisialdi eskaintza murritzagoa zen bitartean, egungo aukera amaigabeen artean, euskal dantzei lekua egitea ez da erraza. Hala ere, borondateak irauten duen bitartean dantzaren inguruko ezagutzen transmisioa ez da etengo.

Beti ospakizunetarako prest

50 urte egunero betetzen ez direnez, Kemen dantza taldeak urteurrena ospatzeko ekintza bereziak prestatu ditu. Bide horretatik, Irungo San Pedro eta San Martzial jaien inguruan taldeak antolatu ohi dituen emanaldiak izango dira hurrengo ospakizun ekintzak. Hain zuzen ere, Kemen dantza taldeak taldekide zein taldekide ohiei dei egin die, guztiek hitzordu berezi hauetan parte hartzeko aukera izan dezaten. Maitane Aranbururen hitzetan, “San Juan bezperako soka dantzan eta ondorengo egunetan egingo den ezpata dantzan eta brokel dantzan parte-hartze handia izatea espero dugu”.

Aipagarria da iaz ekainaren 23an San Juan plazan urtero taldeak dantzatu ohi duen soka dantzan gizon eta emakumeek genero bereizketarik gabe dantzatu zutela, guztiak plazan rol berean arituz. Orduan mutilek zein neskek jantzi berdinak erabili zituzten San Juan sua piztu aurretik. Eder Valladaresek azaldu duenez, taldean hainbat urrats egin ondoren, pausu horiek hirian islatu nahi izan zituzten: “denak gara dantzariak, neskak zein mutilak, eta denak soka baten parte gara”. Maitane Aranburuk erantsi duenez, ez zen gauetik goizera hartutako erabakia izan, hausnarketa lan sakon bat egin baitzuten atzetik eta mundu guztia eroso sentitzeko formula bilatzen saiatu ziren. Era berean, iaz lehen aldiz ezpata dantza eta brokel dantza atera zituen Kemenek Irungo plazetara, dantzak kalez kale dantzatuz.

“Sorrerako oinarriekiko leialak izaten jarraitzen dugu”

Maitane Aranburu, Kemen dantza taldeko kidea

Irungo jaietan taldeak eskainiko dituen emanaldiez gain, Kemen bestelako ospakizun ekintzak antolatzen ari da. Maitane Aranburuk aurreratu duenez, udazkenean, urria aldera, beste dantza talde batzuekin Kemenen urtemuga partekatzeko zerbait antolatu nahi dute. Eder Valladaresek erantsi duenez, “Irunek gure taldeak 50 urte betetzen dituela jakitea nahi dugu, herriak hemen jarraitzen dugula jakin dezan”. Kanpora begirako elkartasun festa hori ospatu ostean, urtemugaren ekintza bereziekin amaitzeko taldekide eta taldekide izandakoentzako azken ekitaldi bat antolatzeko asmoa dute. Beraz, talde bazkari batekin emango zaio amaiera Kemenen 50. urteurren biribilari.

Etorkizunean ere oinak astinduz

Argazkia: 2022ko San Juan bezperako soka dantza (Iturria: Kemen dantza taldea).

Taldea orain pandemiak eragindako abagunetik berreskuratzeko ahaleginean murgilduta dago. Euskal Herriko beste dantza talde askok aipatu dutenez, Kemenen kasuan ere dantzarien kopurua nabarmen murriztu da. Kemeneko kideek ordea argi dute dantzan jarraituko dutela, etorkizunak ekar ditzakeen ezustekoen gainetik salto eginez. Eder Valladaresek nabarmendu duenez, “gure eskaintza zabaltzen eta ahalik eta jende gehienari iristen saiatu behar gara”. Etorkizuna orainaldian baino, harrobian dagoela esan ohi da. Maitanek adierazi duenez, “Adaxkan adin desberdinetako haurrak dauzkagu eta gainera, oso gogotsu daude”. Izan ere, bi dantzariek uste dute euskal dantzak edozein adinetako neska zein mutilentzako interesgarriak izan daitezkeela.

Beraz, belaunaldi berri horiek taldea zer den ikusteaz gain, Kemenen familia handiaren parte sentitu behar dute. Eder Valladaresek nahi hori partekatu du: “Ea guk bizi izan dugun hori beraiei transmititzea lortzen dugun”. Ezker, eskuin, pika, luze, erdizka eta doble artean Kemenek beste 50 urtez dantzari eusteko kemen aski eta sobera du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude