Kemen Dantza Taldea, euskal folklorearen euskarri 40 urtez

Kemen Dantza Taldea 1973. urtean ernetu zen, Irun-Hondarribiko Ikastolako gurasoen ekimenez. Geroago, lehenengo haur haiek gazte bilakatzen ari zirela eta, taldea bitan banatu zen: Adaxka, harrobiarena, eta Kemen, helduena. Hasieratik euskal kultur dantzatua berreskuratzea eta zabaltzea izan du jomugarik behinena, eta horretan eman ditu jada 40 urte. Lan eskerga, eta borondatea, erruz. Hona Gipuzkoako erreferente den dantza taldearen giltzarriak.

2012ko jaiak_ENE3237

Abuztuaren hasierako egun batean Kemeneko zenbait kide buru-belarri lanean ari ziren lokala txukuntzeko. Faisaien Uharteko saioaren ondoren Euskal Jira iritsi zen jarraian, eta ordura arte biltzeko betarik ez. “Hemen beti dugu lana”, zioen Eder Valladares presidenteak. Zalantza zipitzik ez, taldearen nondik norakoak azaldu ondoren. Adaxkak 300 ikasle ditu, eta 24 irakasle, eta Kemenek, 65 kide. “Taldearen osasuna oso ona da; baina militantzia handia behar da -dio Ederrek-, atzean gauza asko daudelako: entseguak, lokalaren mantenua, eta bestelako lanak, hala nola, ikerketarena, jantziena, musikarena…”. Ikerketa eta berreskurapena da, hain zuzen, arlo nagusietako bat. Gipuzkoako dantzetatik hasita poliki-poliki hainbat herritakoak aztertu dituzte eta gaur egun Brokel Dantzen Euskal Herriko erreferente izatera ere heldu da Kemen. “Dantzak nahi gabe eraldatuz doaz, horregatik noizbehinka jatorrira jo behar dugu”.

P1120761
Bigarren lan-ildo nagusia dantza Irunen da. Oharkabean denborak desagertarazten duen historia dokumentatzen eta ikertzen dihardute bi kidek. “Horren adibide den kasu bat Eugenio Agirretxe dultzaineroarena da. Bere aitaren piezak jotzen grabatu nahi genuen, baina bat-batean hil zen joan den apirilean”.
Kemenek hartu-emanak ditu beste talde batzuekin, lan arlokoak eta bai aisialdikoak ere. Barruko jardueraz gain jendaurreko agerraldiak ere prestatu behar direla esan gabe doa. Dantzariak gustura dabiltzan arren, “sentsazioa daukat gizarteak ez duela baloratzen egiten duguna”, kexu da presidentea.
40. urteurrena
Joan den urrian taldea bere urtemuga ospatzen hasi zen, Juan Inazio Iztueta folklore ikertzaile ospetsua gogoratuz. Duela 136 urte Zaldibitik Iruñera oinez joan zen dan-tzatzera. Bada, kemendarrek ibilbide hura egin zuten.
Inauterietan, kaldereroen eguna kari hungariar dantzen inguruko emanaldia eskain-tzeaz gain, Euskal Inauterian Zapi Dantza atera zuten. Apirilean, Gaita-joleen Topaketa antolatu zuten, eta maiatzean, Hondarribia Dantzan, aurten luxuzko emanaldia izan duela: Zuberoako Maskarada. Hilabete berean taldeko musikarien kontzertuaren txanda izan zen. San Joan bezperako Soka Dantzarako erronka berezia zuen Kemenek: garai guztietako kideei dei egin zien 40 bikote osatzeko. Eta lortu zuen! Sanmartzialetan taldearen ibilbidea islatzen zuen ikuskizuna erakutsi zuten.

Sto tomas_MG_0040
Uztailean gaztetxoek elkartrukea burutu zuten Bretainiako talde batekin. Ondoren, Faisaien Uharteko Jaialdiaren protagonista izan zen Kemen. Abuztuan, Musika Hamabostaldiaren barruan, Ametsak Aldabe mendian eskaini zuen kontzertuan parte hartu zuen. Hondarribiko jaietako emanaldiaren ondoren urriaren 12an bazkaria egingo da garai guztietako kideentzat.

JANTZI ERAKUSKETA

Kemenek lan handia egin du euskal jantzitegi tradizional oparoa eduki-tzeko. Pirinioetako bailaretatik hasita, Nafarroan altxor txiki bildu du: Aezkoa, Erronkari, Zaraitzu, Luzaide, Baztan, Bortziriak… Guztira 1.000 jantzi inguru. Garestienak, Erronkariko neskenak, esaterako, 800 euro inguru balio du, eta harizko alkandorak, 300 €.

jantzi erakusketa
Irailaren 2tik 15era Laboral Kutxan jantzitegi aberats honen lagin baten inguruko erakusketa prestatu da, taldearen historiari buruzko argazkiz lagunduta aurkeztuko dena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude