Kirol Galak kirolari irundarren lorpenak saritu ditu

Ficobako auditoriumak Irungo kirola omentzeko egindako Kirol Gala hartu zuen atzo. Atletismoa, nordic walk-a, boleibola… askotariko kirolak eta kirolariak ordezkatuta ikusi ziren atzo eszenatoki gainean. Sariketa honen bitartez Irungo Udalak hiriko kirol-talentuaren balioa ikusaraztea eta kirolari onenak saritzea bilatzen du.

Musika-emanaldi baten ondoren, Iñigo Villamía kazetariak ekitaldiari hasiera eman zion, eta ondoren Borja Olazabal Irungo Udaleko Kiroletako ordezkariak hartu zuen hitza: «hain exijentzia maila altua dugu, urte hau ez zaigula oso aberatsa iruditzen kirolaren arloko arrakastei dagokienez, baina Irunek lorpen izugarriak erdiesten jarraitu du.  Ez bakarrik lehian, baita kalean ere, kirolaren arloan modu altruistan lanean dabiltzan pertsonekin, guztiok kirolaz gozatzeko aukera izan dezagun. Horren adibide dira Mayumi Volley eta Irun Futsal, gaur egunera arte hirian presentzia askorik izan ez duten bi kiroletan aritzeko aukera emango baitiete irundarrei bi talde berri horiek, zehazki, boleibolean eta areto-futbolean».

Gainera, ordezkariak hirian aztarna utzi duten bi figura nabarmendu ditu: alde batetik, Beñardo García, Bidasoa Kirol Elkarteko presidente historikoa eta 2023ko Hiriko Urrezko Dominaren irabazlea; eta, bestetik, Iñaki de Mujika, kirol-kazetaritzaren ahots handietako bat, tokiko kirolaren alde lan eskerga egindakoa.

Ordezkariaren hitzartzearen ondoren, Irundarron Sarirako nominatu guztiak oholtzara igo ziren beren opariak jasotzera.

Jarraian, galaren unerik hunkigarriena iritsi zen: sari-banaketa. Irungo Udaleko Kulturako ordezkari Nuria Alzaga arduratu zen lehen saria emateaz: klub onenarena, hain zuzen, eta irabazlea Mariño-Real Unión emakumezkoen futbol-taldea izan zen, hiriko nesken artean kirola sustatzeko egindako lanagatik, bai lehiari dagokionez, bai eguneroko praktikari lotuta.

Klub onenaren sariaren ondoren, iazko edizioko kirolari onenaren saria irabazitako Ander Montserrat trinketistak gizonezko kirolari onenaren saria eman zion Iñaki Penciña Chamberyko eskubaloi jokalariari. Brontzezko domina irabazi zuten Munduko Eskubaloi Txapelketan.

Bestalde, emakumezko kirolaririk onenaren saria Alba Rodriguez borrokalariak jaso zuen Kiroletako ordezkari Borja Olazabalen eskuetatik. Munduko txapeldunordea eta Espainiako txapelduna izan da bi aldiz, 20 urtetik beherakoen kategorian.

«Txokolatezko baloia»

Musika-emanaldi labur baten ondoan, Alberto «Bixio» Gorrizek «sorpresaz» jaso zuen etxeko saria, «Txokolatezko baloi» ezaguna. Cristina Laborda alkateak eta Borja Olazabal Kiroletako ordezkariak eman zioten. Futbolean izandako ibilbide oparia aitortzeko sari bat da, eta batik bat Realak 1980-1981 eta 1981-1982 denboraldietan lortutako bi ligak lortzeko egindako ekarpena saritzeko modu bat. Talde gipuzkoarrak historian lortu dituen bakarrak dira.

Ibilbideei omenaldiak

Kirol-arrakastak saritzeaz harago, aurtengo galan espazio bat antolatu zen kirol profesionaletik erretiroa hartu duten kirolarien ibilbidea omentzeko. Goizane Álvarez Kiroletako diputatuak aintzatespen berezi bat eman zion Ander Elosegui piraguista olinpikoari. Domina ugari irabazi ditu Europako eta Munduko txapelketetan. Bestalde, Julen Aguinagalde eskubaloi jokalari ohiak ere jaso zuen sari bat, Gipuzkoako Kirol Prentsaren Elkarteko presidente Tito Irazustaren eskutik, eskubaloian egindako ibilbide bikainaren aitortza gisa. Eta ez zen bakarra izan. Julen Aguinagaldek berak aintzatespen berezi bat eman zion Ander Ugarte taldekideari. Sari berezi bat jaso zuten Virginia Corchon kirol-psikologoak, Genuine Ligako Realeko jokalari irundarrek eta Bidasoa Atletiko Taldeko harrobiak.

«Irundarron Saria»

Ekitaldia amaiera bikaina Cristina Laborda Irungo alkateak eman zion, herri bozketa bidez esleitutako «Irundarron Saria» Aiztpea González, Amaiur Etxeberria, Ainhoa Zapirain eta Naroa Zubimendiri emanda. Espainiako txapeldun izan dira arraunean, distantzia luzeko modalitatean, eta bigarren urtez jarraian irabazi dute sari hau.

Cristina Laborda alkateak zorionak eman zizkien saritu eta nominatu guztiei, eta adierazi zuen udal-gobernuaren asmoa dela «Irungo kirola saritzen jarraitzea Kirol Galaren bidez. Tokiko kirolariei sariak emateko ekitaldi bat baino gehiago da, kirolari, klub eta elkarte guztien talentua eta lan nekaezina aitortzen dituelako, eta haiek urterik urte harritzen gaituzte askotariko kiroletan arrakasta handiak lortuta».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude