Kirola udaren sinonimoa da Irungo haurrentzat

UDA 2022 kanpainaren barnean biltzen dira Irunen udan kirol elkarteek proposatzen dituzten ikastaroak. Kirol eskaintza 16 urte bitarteko haurrei zuzendua dago, udan ere biztanleria gazteenari kirola praktikatzeko aukera emateko. Aurtengo kanpainaren aurkezpena Santiagotarrak Kirol elkartearen ontziralekuan egin zen.

Borja Olazabal Kirol ordezkariak UDA 2022 kanpainaren aurkezpenean aipatu zuenez, kirol egitasmoa bi urteren ostean ohiko formatuan itzuli da, izan ere, aurreko urteko kanpaina pandemiarengatik baldintzatua egon zen. Borja Olazabalek aurkezpenean adierazi zuenez, “udan, kirolak ezin du huts egin Irunen, eta, horregatik, estimatzekoa da hiriko kluben ahalegin eta dedikazioa gazteei askotariko diziplinak eskaintzeko”. Horrela, Borja Olazabalek azpimarratu zuen irundar gazteek beren kirolik gustukoenean aritu edo kirol modalitate berri bat probatzeko aukera izango dutela.

Aurten Irungo 17 klubek 16 urtera bitarteko neska-mutilentzat udako kirol ikastaroak antolatu dituzte. Kirolen eta ikastaroen eskaintza askotarikoa da.

Ur kirolak
Uztailean eta abuztuan Santiagotarrak kirol elkarteak bi asteko iraupena izango duten ikastaroak eskainiko ditu. 9 eta 13 urte bitarteko haurrek ur lasaietako eta ur bizietako piraguismoa probatzeko aukera izango dute eta 10 eta 14 urte bitarteko gazteak aulki mugikorreko arraunketan ibili ahalko dira. Era berean, kirol klubak aste bateko ikastaroak eskainiko ditu 12 urtetik aurrerako gazteak Stand Up Paddlean eta errekreozko piraguetan ibiltzeko aukera izan dezaten.

Jone Otaño Santiagotarrak elkarteko prentsa arduradunak azaldu duenez, beste urteekin alderatuta udako ekintzetan izen emateen kopuruak behera egin du. “Uste dut orokorrean ekintza guztietan gertatu den zerbait dela, baliteke udan gero eta jarduera gehiago antolatzen direlako edo jendeak aurten kanpora joatea erabaki duelako”.

Santiagotarrak klubak udaran bi motako ikastaroak eskaintzen ditu. Batetik, Udalekuak, hau da, goizeko ludoteka non haurrek egunero 2 orduz uretako ekintzak egiten dituzten. Bestetik, uretako kirol modalitateen ikastaroak ere eskaintzen ditu klubak, haurrek kirol berriak ezagutu ditzaten eta hurrengo denboraldietan klubaren harrobia handitzeko.

Eskubaloia
Uztailaren 4tik 29ra Bidasoa kirol elkarteak aste bat eta lau aste bitarteko ikastaroak eskainiko ditu 7 eta 13 urte bitarteko gazteek udan eskubaloia praktika dezaten.

Surf
Central Surf eskolak ekainaren 15etik irailaren 15era arte aste bateko ikastaroak eskaintzen ditu adin guztietako haurrentzat. Iñigo Zabalza Central Surf eskolako irakasleak eta fundatzaileak azaldu du surf eskola honek urteak daramatzala udako ikastaroak antolatzen. “Aurten ikastaroen arrakastaren inguruko zalantza gehiago genituen UDA programaren barnean eskaini behar ziren ekintza kopuru handia ikusita, baina orain oso erritmo onean lan egiten ari gara”.

Udaraz gain, Iñigo Zabalzak azaldu du Central Surf eskolan urte osoan zehar ikastaroak eskaintzen dituztela. “Udaran batez ere lehen aldiz surfa probatzen duten haurrak jaso ohi ditugu”, adierazi du surf eskolako fundatzaileak. Iñigo Zabalzaren hitzetan surfa kirol berezia da, haizearengatik, itsasaldiengatik eta olatuengatik guztiz baldintzatuta baitago, beraz, denbora asko eskatzen duen kirola da.

Mahai tenisa
Leka Enea mahai tenis klubak 8 eta 16 urte arteko gazteei aste bateko iraupena izango duten ikastaroak proposatzen dizkie uztaileko eta abuztuko hilabeteetarako. Zehazki, Leka Enea klubean udako ikastaroak uztailaren 11ean hasiko dira. Ioana Tecla Leka Enea klubaren izenean adierazi du ekintzak goizetan egingo dituztela, goizeko 11:30etatik 13:00etara. Santiagotarrak klubari gertatu bezala, Ioana Teclak baieztatu du Leka Enea klubean ere aurten izen emateetan beherakada nabaritu dutela.

Udako ikastaroetan haurrak taldekako eta koordinazio jolasetan eta mahai tenisean trebatzen dira. “Leka Enean udan antolatzen ditugun ekintzen helburua haurrek mahai tenisa ezagutaraztea da, baina gure nahi nagusia haurrek udaraz gozatzea da”. Izan ere, Ioana Teclaren hitzetan “zenbat eta hobeto ezagutu kirola orduan eta errazagoa izango da hurrengo denboraldian haurrak klubera batu nahi izatea”.

Zaldiketa
Jaizubia hipika klubean uztailean eta abuztuan 7 eta 16 urte bitarteko haurrek eta gazteek zaldiketak praktikatzeko aukera izango dute.

Futbola
Futbolaren kasuan, hainbat dira udaran zehar futbol ikastaroak eskaintzen dituzten hiriko kirol elkarteak. Real Unión klubak uztailean zehar eskainiko ditu udako ikastaroak eta 7 eta 13 urte arteko gazteei zuzenduak egongo dira. Behobia kirol klubak ere 7 eta 13 urte arteko haurrekin lan egingo du, baina Behobiaren kasuan ikastaroak uztailean zein abuztuan egingo dira. Uztailean Mariñok 8 eta 13, San Marcial klubak 8 eta 12 eta Landetxa kirol klubak 8 eta 15 urte bitarteko gazteak futbolean trebatuko dituzte.

Atletismoa
Bidasoa Altetiko Taldeak uztailerako eta abuzturako astebeteko ikastaroak eskaintzen ditu 5 eta 14 urte arteko hau eta gazteentzat.

Igeriketa eta kiroldegiko ikastaroak
Bidasoa XXI klubak hainbat ikastaroa eskaintzen ditu Irungo kiroldegietan egingo direnak. Batetik, uztaila eta abuztuan 3 eta 16 urte arteko haurrentzat igeriketa ikastaroak proposatzen ditu. 12 eta 15 urte arteko gazteek, berriz, cyclo indoor ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute. Bestetik, 10 eta 15 urte artekoek uztaila eta abuztuan zumba ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute. Azkenik, uztailean bakarrik, funky eskolak emango dira 12 eta 16 urte arteko gazteentzat.

Gimnasia erritmikoa
Irunesa Kirol Elkarteak gimnasia erritmikoko campusa antolatu zuen uztailaren 4tik 15era, 6 eta 14 urte arteko haurrentzat eta gazteentzat.

Errugbia
Txingudi Errugbi klubak errugbiarekin lotutako jolasak proposatzen ditu uztailerako astebeteko ikastaroetan 8 eta 18 urte arteko haurrentzat.

Squash
Luralai Squash klubak ekainean eta uztailean 6 eta 16 urte arteko haurrentzat antolatu ditu ikastaroak. Klubak Squash Eskola abiatu duen lehen urtea izango da honakoa. Gorka Arretxe Lurlasai klubeko kirol zuzendariak azaldu du ikasturtean zehar 16 adin gabe batu direla entrenamenduetara, baina uda iristearekin ikasle gehienek atseden hartzea erabaki dute.

Ikastaroak antolatzeko Gevolution metodologia berritzailean oinarritu dira. Gorka Arretxeren hitzetan, “laburbilduz, gazte bakoitzaren behar eta trebeziei moldatzen diren ariketak egiten ditugu”. Oro har, psikomotrizitatea, erreflexuak, garapen kognitiboa eta garapen fisiko zein mentalean oinarritzen diren dohainak lantzen dira. “Jolas eta ariketa erraz eta dibertigarrien bitartez, haurren garapenean lagungarri izango dituzten urratsak egiten erakusten diegu, Squashean erabiltzen diren, espazio, erreminta eta arau ezberdinak baliatuz”, gaineratu du kirol zuzendariak.

Izan ere, ikastaroak squasha ezagutarazteko bide aproposa dira. Kirola egiteaz gain, kirolariek squasharen berezitasun nabarienak ezagutuko dituzte, hau da, erabiltzen direna pista, erraketa eta pilota bereziak zeintzuk dira eta joko erraz naiz ezezagun honek eskatzen duen inplikazioa, arreta eta ematen dituen sentsazioak ere ezagutuko dituzte. Gorka Arretxek azaldu duenez, “kirol kolektiboetara ohituta dauden gazte gehienek, ez dute inoiz Squashean sentitzen duten sentsaziorik inoiz nabarituko”. Kirol zuzendariaren iritziz squasha haurrak, fisikoki zein mentalki, erabat asetzen dituen jolasa da.

Ikastaro hauen bidez asmoa da hurrengo denboraldira begira klubera jende berria batzea. Gorka Arretxeren hitzetan, “hala ere, kirol ezezaguna da eta gure esperientziaren arabera, horrelako eskaintzek ez dute helburu hori betetzen hasieran”. Horregatik, funtsezkoa da jendearengana joatea, Squasha zer den ikusi eta proba dezaten. Izan ere, horrela lortu dituzte ikasturtean zehar beraiekin entrenatu diren gazte hauek guztiak, “ikastetxeetara Squasha zer den erakustera joan ondoren etorri zaizkigu Squash Eskolara” adierazi du Arretxek. “Orain, gazte hauen (eta gurasoen) ahoz ahokoak asko lagunduko digula uste dugu, baina, Squasha kalera ateratzen jarraitu beharko dugu, eta pixkanaka arrakasta izango duen kirola izango dela ziur nago”, gaineratu du Gorka Arretxek.

Tenisa
Badia klubak uztaila eta abuztuan 2 asteko ikastaroak proposatzen ditu 7 eta 16 urte arteko haurrek eta gazteek tenisa praktikatzeko aukera izan dezaten.

Padel
Padel Indoor Bidasoa klubak 8 eta 16 urte arteko haurrei uztailean eta abuztuan padelean aritzeko aukera emango die.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude