Ficobako ekitaldi aretoan 2022ko Kirolaren Gala ospatu zen atzo. Hiriko kirolari eta kluben urteroko topaketa izan zen, eta haien lana eskertzeko eta urteko ibilbiderik nabarmenen sariak emateko. Ekitaldian, aurten ere, Irungo kirolaren ordezkaritza zabal batek parte hartu zuen. José Antonio Santano alkateaz gain, bertan izan ziren Borja Olazabal Kiroletako ordezkaria eta udal-taldeetako kideak.
Udaleko Kiroletako ordezkari Borja Olazabalek eskerrak eman dizkie iaz eginiko lanagatik Irungo klub eta kirolariei eta, nabarmendu zuenez, «Irun hiri olinpikoa izan zela esan dezakegu. Eta ez da esajeratzea; izan ere, kirolariak dauzkagu diziplina ugaritan, eta ohikoa da irundarren batek joko olinpikoetan parte hartzea, gogoan izan zenbat eman diguten piraguismoak edo eskubaloiak, besteak beste. Oinarrian klubek egiten duten lana ere goraipatu nahi dugu, funtsezkoa da eta». Ordezkariak, gainera, eskerrak eman zizkien klubei Gala antolatzeko inplikazioagatik eta «Irundarron Sariarekin laguntzeagatik: parte-hartzea itzela izan da, eta hori ekitaldi honegatik eta banatzen diren sariengatik erakutsitako ilusioari esker lortu da».
Sarituak
Ekitaldian, sari hauek eman ziren:
Emakumezko kirolari onenaren saria: Irati Beorlegi, OCR oztopo-lasterketen Espainiako txapelduna.
Gizonezko kirolari onenaren saria: Ander Montserrat, Unai Sagarzazu eta Sebas Martínez, trinketeko munduko txapelketako zilarrezko dominaren irabazleak.
Klubik onenaren kategoria: Irunés txirrindularitza elkartea eta Bidasoa Atletiko Taldea, ex aequo, kirola sustatzeko egiten duten lanagatik eta iaz hiriko lehen duatloia antolatzeko egin zuten lan bateratua saritzeko.
Iaz bezala, laugarren sari bat ere eman zen, herri-bozketa bidez aukeratua, hainbat izen nabarmenen artean: Irundarron Saria. 1.700 boto baino gehiago jaso dira, eta Aizpea Gonzalez eta Naroa Zubimendi arraunlariek osatutako bikotea izan da bozkatuena. Espainiako txapeldunak izan ziren distantzia luzeko binakako eta lemazainik gabeko kategorian.
Ekitaldian, gainera, espazio bat eskaini zen aurreko denboraldian nabarmendu diren kirolaren munduko beste pertsona batzuen lana omentzeko. Horietako bat da Eki Fanlo: meritu ugari bildu ditu errugbiko nazioarteko epaile gisa, eta iaz munduko txapelketan parte hartzera gonbidatu zuten. Harrobiek eta oinarrizko kirolaren sustapenak ere aipamen berezia jaso zuten, Irungo klub guztiak hiri osoan aritzen baitira lan horretan. Leka Enea Mahai Tenis taldeko ordezkariak igo ziren oholtzara oraingo honetan (haien mutilen taldeak Espainiako txapelketa irabazi zuen). Beste bi klubek ere jaso zuten omenaldia, haien kasuan kirol egokitua sustatzeagatik: Futboleko CD San Marcial eta Txingudi Eskubaloia.
Aintzatespenak ez ziren, ordea, hor amaitu: beste sari bat ere eman baitzen, ohorezkoa, ibilbide luze bat omentzeko. Iaz estreinatu zen Txokolatezko baloia, Leire Landa futbolari ohiarekin. Hitz-joko horren bidez, urtero futbolari onenari ematen zaion saria (segur aski, aintzatespenik mediatikoena) eta Irungo txokolategintza-tradizioa uztartu nahi izan ditugu. Aurten, Leontxo García irundarrak hartu du erreleboa. Mundu mailako erreferentea da xakearen dibulgazioan.
Amaitzeko, esan behar da musikaren aldetik jatorri brasildarreko From Favela break danceko talde irundarra eta D-Von abeslaria aritu zirela, beren emankizun artistikoekin gala animatuz.
Guztira, ia 300 lagunek gozatu zuten Irungo kirolaren ekitaldi-omenaldi honetaz. Ekitaldia ixteko, alkateak hitza hartu zuen «Irun bere kirolariez oso harro dagoela» esateko, eta aipamen berezi bat izan zuen Ander Elosegirentzat, lau joko olinpikotan parte hartu duen Santiagotarrak-eko palariak erretiroa hartuko duela iragarri baitu.