Joan den azaroaren 14an Irun Ekintzan sariak banatu ziren. Irungo Udalak antolatutako lehiaketa honek hiru irabazle izan zituen: bi enpesa-proiektu berritzaile eta ekintzaile bat. Azken sari hau jaso zutenak, Mondragon Unibertsitateko Kmon ikasle taldeak, erreportajearen protagonistak dira.
MUren Bidasoako Kanpuseko Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza graduko ikasleek taldeka lantzen dute ideia enpresarial bat, ikasketen barruan. Horietako batek, 14 gaztek osatuta, KMON izena du eta dagoeneko junior kooperatiba izateko bidean da. Hasi berritan bultzada polita jaso dute, Proiektu Ekintzailearen saria irabazi dute eta. Irungo merkataritza sustatzeko gara-tzen ari diren plataforma web elebiduna abiarazteko erabiliko dituzte eskuratutako 3.000 euroak.
Kmon proiektua
Krisiak jo duen merkataritzaren egoeran bilatu behar dira proiektuaren erroak. “Azken bost urteotan 500 komertzio itxi dituztela ikusita, marketin kolektiboaren bidez laguntzea izan da gure helburua”. Hartara, sarean presentzia areagotuko duen web plataforma bat diseinatzeari ekin zioten. “Proiektuaren alderdi berritzailea da Irungo komertzio txiki eta ertain guztiak bildu nahi dituela. Marketin kolektibo honen barruan, merkatari bakoi-tzak bere marketin partikularra egin ahal izango du”, azaldu dute ikasleek.
Plataformaren erabiltzaileak Irungo satelite-argazki batekin topo egingo du lehenik. Bertan, komertzio bakoitzaren kokalekua ikur batez adieraziko da. “Gainera, bilaketa errazteko, saltokiak agertzen diren indizea txertatuko dugu, zuzenean markagailura eramango duten sektoreetan sailkatuta”. Azkenik, bezeroak nahi duen dendako markagailuan klikatzean, leiho bat irekiko zaio. “Hori izango da komertzio bakoitzak bere marketin partikularra egiteko espazioa; hau da, sare sozialen estekak edota eskaintzak txertatzeko lekua”.
Kmonen sortzaileek proiektu dinamikoa dela azpimarratu nahi dute, “oso inportantea izango baita plataforman ematen den informazioa eguneratua egotea”. Horretan, jakina, merkatarien inplikazioak zeresana izango du.
Udala eta Mugan elkartea
Irungo Udalarekin zein Mugan Merkatarien Elkartearekin kolaboratzeak garrantzi handia izango duela diote proiektuaren egileek. Mugani dagokionez, haren web gunearen osagarria izan daitekeela uste dute. “Udalaren inplikazioa berebizikoa li-tzateke, behinik behin, bere zabalkunde kanalak erabili ahal izateko”.
Irun Ekintzan saridunak
Irungo Udalak “Irun Ekintzan: Irungo ekonomia eta enplegua garatzearen aldeko Ituna” ekimenaren bidez, hirian kultura ekin-tzaile, sortzaile eta berritzailea sustatu nahi du. Sarien lehen edizioan beste bi irabazle izan ziren. HLC SB DISTRIBUCION SL enpresa izan zen kontsolidatutako enpresa berritzailearen kategoriako irabazlea, enpresa hau bakarra baita Europan bere alorrean, Skate munduko produktuen ekoizpen eta banaketan. EKONEK S.L.k enpresa berritzaile gaztearen saria jaso zuen. Azpiproduktuak baliozko produktu bihurtzeko azpiegiturak saltzen ditu.
A3+1 ALIANZA ESTRATEGICA SL eta POLIESTER GABIRIA SA eta ECOGIM TECNOLOGIAS SL enpresek epaimahaiaren aipamen berezia jaso dute, berrikuntzan maila jasoarengatik.