Bi urteko geldialdiaren ondoren, Koadrilen Eguna inoiz baino indartsuago dator. Ekainaren 25ean ospatuko da Irungo Lagun taldeek luzez esperotako eguna. Betti Gotti euskara kultur elkarteak antolaturik, zailtasunak zailtasun, bazkarirako sarrerak saldu dira jada, beraz, eguna iristea falta da soilik.
Betti Gotti elkarteak, urteroko jaieguna antolatzerakoan pandemia garaian gaizki pasatako guztiak omenduko ditu 2022an. Horregatik, aurtengo zapiaren kolorea beltza izango da, pandemiaren ondorioz zendutakoak gogoratzeko. Era berean, 2008 urteko lehen koadrila egunean izandako zapi beltzera itzuliko dira.
Urtero moduan, aurten ere Betti Gotti elkartearen helburua herritar guztiei eskainitako Koadrila Eguna antolatzea izan da. Izan ere, elkarteko kideen ustez Koadrila Egunak ez du adin zehatzik, norberak jartzen dio adina. Hala ere, elkarteko kideek azaldu dute koadrila eguna antolatzeko zailtasun handiak izan dituztela, Udalaren ekarpena ez baita nahikoa horrelako ekitaldi batek eskatzen dituen segurtasun berme guztiak asetzeko. Datozen urteetarako egoera hau aldatzea eskatu du elkarteak eta Herri Bazkaria hirigunera ekartzeko asmoari eusten dio.
Herri Bazkaria
Koadrila Egunaren barneko ekitaldi jendetsuenetako bat da Ficobako bi pabilioietan egiten den Herri Bazkaria. Aurreko urteetan bezala, aurten 1.800 pertsona bilduko ditu. Bazkariak 20 euroko prezioa izango du eta sarrera bakoitzeko euro bat Pausoka elkarteari emango zaio, behar bereziak dituzten haurren elkarteari.
Bazkariaren egitura mantendu arren, txartelak saltzeko modua aldatu egin da. Izan ere, txartelak Betti Gotti elkartearen webgunearen bitartez saldu ziren maiatzaren 27aren eta 29aren artean. Dena den, bazkariko txartelak ekainaren 3an banatu ziren fisikoki. Sarrerak bi taldetan banatu dira, Ficobako pabilioiak mahaikideen adinaren arabera banatzeko. Alde batetik, 23 urtetik gorakoentzako sarrerak eta bestetik, 22 urtetik beherakoentzat.
Goitiberak olinpiaden ordez
Aurten koadrilen olinpiaden etapa amaitutzat eman du Betti Gottik, baina ekintza berri bat proposatu du. Goitibera lehiaketa bat antolatu dute 18 urtetik gorako edonorentzat eta Irungo koadrilei bertan parte hartzeko deia egiten die. Koadrilen Eguneko goizeko 9:30etan partaideak aurkeztu eta gosariarekin indarrak hartu ostean, 10:00etan hasiko da txapelketa. Goitiberen txapelketarako izen ematea ere webgunearen bitartez egin zen eta sariak izena ematen duen jende kopuruaren arabera banatuko dira. Aurten, Betti Gotti elkarteak jarriko ditu goitiberak, baina datozen urteei begira, asmoa da jendeak propio diseina ditzala beraien goitiberak. Hala ere, norbaitek aurten berea egin nahiko balu elkartearekin harremanetan jarri beharko du. Beti bezala parte-hartzaileei pintxo bana emango zaie trago eta guzti triki-poteo momentuan, eguerdi aldera.
Antolaketa
Aurretik bi urteko hutsunea izan den arren, 2022ko Koadrilen Egunak aurreko urteetako eskema bera jarraituko du. Eguna goiz hasiko da, 9:30etan Urdanibia plazan egingo den Koadrilen gosariarekin. Jarraian, Irun Hiriko Goitiberen Txapelketaren Sari Nagusiaren txanda izango da. 12:00etatik aurrera txarangek eta batukadek girotuko dituzte alde zaharreko karrikak.
Eguerdiko 13:15etan Urdanibia plazatik hasita koadrilek Ficobarako bidea hartuko dute. Ficobara dantza eta musika artean iritsi ostean, bazkaria 14:15etan hasiko da globotxupinazoarekin. Bazkalostean, Ficobako ateak arratsaldeko 16:00etan irekiko dira, DJ Balberren emanaldiarekin batera. 17:00etan, berriz Gozategik kontzertua emango du taldeak 30 urte betetzen dituela ospatzeko. Ficobako ateak guztiz itxi aurretik 19:00etan DJ Balberrek bigarren saio bat eskainiko du 20:30ak arte. Matraka elektrotxarangaren erritmoan itzuliko dira koadrilak hiriko erdigunera, festak etenik izan ez dezan.
2008. urteaz geroztik urtero koadrilen artean kamisetak edo atorrak egitea sustatu du Betti Gottik. Elkarteko kideek adierazi dutenez, “polita da koadrilen marrazki edo logoak ikustea, kamisetak edo atorrak apainduz jendeak duen irudimenaren indarra”. Hala ere, aurten ezin izan dute egitasmo hau lehiaketa bidez sustatu, bestelako baliabideak sendotu behar izan dituztelako eta horrek eragindako egoera ekonomikoak ez dielako lehiaketa berririk sustatzeko tarterik eman. Lehiaketarik antolatu ez arren, Betti Gotti elkartetik dinamikarekin jarraitzera gonbidatu dituzte parte-hartzaileak, Koadrilen Eguna kolore eta mezu alaiez girotzeko modua baita.
Errespetua festarako funtsezkoa
Betti Gottiko kideek azaldu dutenez Herri Bazkaria ondo joan dadin errespetua ezinbestekoa da. Bai herri bazkaria zein Koadrilen Eguna antolatzeko pertsona askoren lana eta parte-hartzea beharrezkoa da, beraz, parte-hartzaileei eskatu diete errespetuz eta lasaitasunez jokatzea. Betebeharrak oinarrizkoak dira eta dena ondo ateratzeko beharrezkoa da horiek errespetatzea.
Bestalde, Betti Gottitik gogoratu dute ekimen hau aurrera eraman ahal izateko boluntario askoren laguntza beharrezkoa dela eta beraz, inor laguntzeko prest baldin badago, jar dadila elkarteko kideekin harremanetan bettigotti@hotmail.com elkartearekin.