Mila eta bostehun lagun baino gehiago bildu zituen Ficoban Betti Gotti elkarteak antolatutako bazkariak. Urtero legez, koadrilen olinpiadak eta kamiseta lehiaketa izan ziren jaiegun haren ekimen nagusiak.
Aurten ere, goiz hasi zen eguna Urdanibia plazan elkartu ziren koadrilentzat. Betti Gotti elkarteko kideek prestatutako gosaria dastatu eta sabela ondo bete ondoren, koadrilen olinpiadetan izena emandako 16 taldeek lehiaketari hasiera eman zioten.
Lehendabiziko fasean, taldeak koadrilaka aritu ziren jolasean. Bigarren fasean, jolasak aurrera eramateko leku falta zela eta, koadrilak zortzi taldetan banatu ziren. Horietako bakoitzean koadrila guztietako ordezkariak zeuden, hainbat proba egin behar izan zutenak. Talde bakarra geratzen zenean, partaide bakoitza bere koadrilaren ordezkari bihurtzen zen, eta banaka egin behar izan zion aurre proposatutako jolasari. Eguraldi ona bidelagun, jende ugari hurbildu zen gazteen lehiaketa ikustera. Bizkortasuna, oreka, adimena eta trebetasuna izan ziren lehiaketan aurrera egiteko ezinbesteko baldintzak. Nahiz eta koadrilak kiroltasunez jokatu, sari nagusia etxera eramateko desioak ebaki eta zauri txikiren bat ekarri zien lehiakide bati baino gehiagori.
“Euskadiko Gauak” taldea izan zen aurtengo Koadrila Olinpiaden irabazlea. Port Aventura jolas-parkera zortzi lagunentzako bidaia lortu zuten, beren ordezkari Mikel Landartek erakutsitako bizkortasunari esker. “Batusiak” taldeko Eli Imaz ere ez zen makal ibili. Bigarren postuarekin batera, bere lagunentzako bazkari bat ere lortu zuen, Txalaka sagardotegian. Hirugarren postua, berriz, Naiara Villanuevaren “Txuzas” taldeak lortu zuen. Hala ere, ez pentsa gainon-tzeko taldeak esku hutsik joan zirenik. Larunbatean goiz jaiki eta kirol egiteak saria zekarren. Talde guztiek pintxoz eta edariz gozatzeko aukera izan zuten, Miguel eta Sunbilla tabernei esker.
Lehiaketa bukatu ondoren, Lasartetik etorritako Dinbi Danba batukada taldea izan zen goizari erritmoa jartzeko arduraduna. Urdanibia plazako gazte eta heldu guztiak berehala dantzan jartzea lortu zuten.
Ondoren, Ficobarako bidea hartu zuten koadrila guztiek, txarangaren erritmo alai eta bizkorrei jarraituz. Tripa ondo betetzeko, honako menu hau izan zuten Irungo gazteek: errusiar entsalada, patea ogi txigortuarekin, txahal piperrada, tarta eta kafea. Bapo-bapo bazkaldu ostean, zuzeneko musika emanaldiaz eta DJak jarritako musikaz gozatu ahal izan zuten koadrila guztiek. Batzuentzat Herri Bazkarira gerturatzen ziren lehendabiziko urtea zen. Elisak esaten zuenez, “aurreko urteetan lanean nengoen eta ezin izaten nintzen Herri Bazkarira hurbildu. Oso ondo antolatuta dagoela uste dut, eta giroa aparta da”.
Irungo Herri Bazkariaren oihartzunak gure hiriko mugak zeharkatzen ditu; izan ere, bazkarian Gasteiztik, Iruñetik eta Azpeititik etorritako hiru neska baitzeuden. Azpeitiko Karmenek zioenez, “Bilboko unibertsitatean batera genbiltzan lagunak elkartu eta Hondarribira etorri gara asteburu pasa. Bertako lagunek herri bazkarira etortzeko gonbitea luzatu ziguten eta ez genuen bi aldiz pentsatu. Ni, behintzat, ez naiz damutu etortzeaz. Giroa gaztea eta alaia da, eta Irungo jendea, oso jatorra”. Ane lagun gasteiztarrak ere “errepikatzeko moduko esperientzia” dela esaten zuen.
Kanpoko jendeaz gain, hitzordu hori urte bakar batean ere galdu ez dutenak bazeuden. Baita urtero kamiseta lehiaketan parte hartu eta irabaztea amets dutenak ere. Aurtengo irabazleak Mari Kalanbreak koadrilakoak izan ziren. Picassoren Gernikaren euren bertsio berrizaleak epaimahaiaren oso gustukoa izan zen. Zortea ere alde izan zuten, aurten hamar kamiseta hoberenen artean zozketa egiten baitzuten.
Lagun koadrila batzuk ordu asko ematen dute kamisetaren diseinua lantzen. “Asteak eta asteak eman ditugu aurtengo diseinua prestatzen. Kamisetarekin bat doazen betaurrekoak lortzeko, Valen-tziako denda batera deitu genuen. Pena irabazi ez izana” esaten zuen Iratxek.
20:30ak aldera, txarangari jarraituz, Ficobatik kale-jira erraldoia atera eta Kale Nagusira jarri zuen norabidea. Koloreak, alaitasunak eta jai giroak Irungo zirrikitu guztiak bete zituzten koadrilen egunean. Orain, urtebete itxaron beharko dugu Betti Gotti elkarteko kideen lan bikainaz berriro gozatu ahal izateko.
Naiara Hernandez Lekuona