Uste baino antz handiagoa izan dezakete Kolonbiak eta Euskal Herriak. Hala uste dute, behintzat, Pausu Media eta Mundubat gobernuz kanpoko erakundeek. Hori dela eta, “Bakea eta giza justiziaren inguruko prozesuak” izenburua daramaten jardunaldiak antolatu dituzte. Eztabaidarako, hausnarketarako eta elkartrukerako gune bilakatu dute Irun, urriaren 27an hasi eta azaroaren 7ra bitarte.
Historian izan den herrialderik bortitzenetarikoa da Kolonbia. 1980ko hamarkadaz geroztik, 100.000 kolonbiar baino gehiago desagertu dira. Urtero 10.000 hildakotik gora izaten dira bertan. Kopuru beldurgarriak dira, nazioartean demokraziatzat onartutako estatua dela kontuan hartuta. Suetenik izan ez bada ere, bake prozesua abiatu dute Kolonbiako gobernuak eta FARC gerrillak, gatazka armatuari amaiera emateko asmoz. “Kolonbiako esperientziari begiratuta asko ikas dezakegu”, aipatu du Mundubat elkarteko Fernando Vaquerizok. Hori da, hain zuzen ere, “Bakea eta giza justiziaren inguruko prozesuak” jardunaldien helburu nagusietako bat: Kolonbiako eta Euskal Herriko bake prozesuen arteko loturak bilatzea, eta elkarri laguntza eskaintzeko bidea zabaltzea.
Urteak daramatzate elkarlanean Pausu Media eta Mundubat elkarteek. Lehenengoa Behe Bidasoan sortua da, komunikazio komunitarioan oinarritutako proiektuak abian jartzeko asmoz. Mundubatek garapenaren alde egiten du lan, hiru oinarriren inguruan: giza eskubideak, elikadura-burujabetza eta generoa. Euskal Herrian sortu zen arren, munduko hainbat herrialdetan ari da lanean. “Duela hiruzpalau urte Palestinara egindako bidaia batean ezagutu genuen elkar”, gogoratu du Pausu Mediako Aitor Errazkinek. Hortik aurrera, harreman emankor bati hasiera eman zioten. Esparru ezberdinetako elkarteak diren arren, elkarren osagarri izateko modua aurkitu dutela nabarmendu du Errazkinek: “Pausu Mediak komunikazioan dituen esperientzia eta lan-tresnak eskaini dizkio Mundubati”. Elkarlan horren ondorio dira Irungo jardunaldiak.
Lotura onuragarrien bila
Osagai zenbait izango dituzte jardunaldiek. Carmen Caballeroren argazki erakusketak Kolonbiako komunitateen lekualdatzea izango du oinarri. Kopuru esanguratsua azpimarratu du Mundubateko Fernando Vaquerizok: “5.000.000 kolonbiar baino gehiago desplazatu dituzte urte guztiotan”. Lurraren jabetzaren arazoa gatazkaren oinarria dela uste du Fernando Vaquerizok: “Ezin dugu ahaztu Kolonbiako biztanleen %1a lurren %80aren jabe dela”. Beren lurra uztera behartutako herritarren errealitatea irudikatzen du “Colombia desplazada” erakusketak. Unai Aranzadiren “Kolonbia ikusezina” dokumentalaren gai nagusietakoa ere lekualdatzea da. “Komunikabide konbentzionaletan agertzen ez den Kolonbia hori irudikatzen du”, azaldu du Pausu Mediako Aitor Errazkinek.
Mahai-inguru batek borobilduko ditu jardunaldiak. Jimmy Ortiz Gutierrezen parte-hartzeari balioa eman nahi izan dio Fernando Vaquerizok: “Fensuagro nekazarien sindikatuko kidea da, eta mehatxatuta alde egin behar izan du Kolonbiatik. Asturiasko errefuxiatuen programa batek hartu du sei hilabetez”. Lokarri mugimenduko Aitziber Blanco ere izango da mahai-inguruan. Kolonbiako eta Euskal Herriko bake prozesuen arteko lortura bilatu nahi izan dute Pausu Mediak eta Mundubatek. Bietan landu beharreko gaiak daudela uste du Fernando Vaquerizok: “Biktimen aitortza gakoetako bat da, adibidez”. Gai horiei eman zaizkien trataerak alderatzea positiboa dela uste dute antolatzaileek. Hortaz, Kolonbiako gatazka ezagutu edo bake prozesuen inguruan hausnartu ahal izango dute irundarrek. Horretarako aukera emango dute Pausu Mediak eta Mundubatek antolatutako jardunaldiek.
EGITARAUA:
Urriaren 27tik azaroaren 7ra: Colombia
desplazada argazki erakusketa.
Argazkilaria: Carmen Caballero.
Non: Kabigorri ateneoan.
Urriaren 30ean: Kolonbia ikusezina
dokumentala.
Zuzendaria: Unai Aranzadi.
Non: Lakaxita gaztetxean.
Ordua: 19:00etan.
Azaroaren 4ean: Mahai-ingurua: Herri mugimenduak eta beren eragina bake prozesuetan.
Hizlariak: Aitziber Blanco (Lokarri) eta Jimmy Ortiz Gutierrez.
Non: Kabigorri ateneoan.
Ordua: 19:00etan.