Kolpe latza jaso du Bidasoa-Irunek

Amesgaizto bilakatu zen Santanderrera bidaia Bidasoa-Irun taldearentzat eta zale irundarrentzat. Baikor eta ilusioz beteta iritsi ziren La Albericia pabilioira. Baina oso gutxi iraun zuen itxaropenak. Asobal Ligara igotzeko faseko finalerdia galdu zuen Bidasoak, eta goi mailara iristeko lehiatik kanpo gelditu zen, uste baino lehenago. Valladolidek menderatu zuen, irundarren neurketa kaskarraren ondoren (31-20). Biharamunean, hirugarren eta laugarren postuetarako lehia irabazi zuen Bidasoak, Navaren aurka (20-27). Garaipenak, ordea, ez zuen inor kontsolatu. Ohorezko B Mailan ariko da talde irundarra hurrengo denboraldian. Santanderko Sinfinek lortu zuen Asobal Ligara igotzea, finalean Valladolid penaltietan gainditu ondoren.

SONY DSC

Bidasoa-Irunek ez du denboraldiko helburua bete. Udan behintzat, ozen eta argi esan zuen José Ángel Sodupe presidenteak Asobal Ligara bueltatzea izango zela taldearen helmuga. Liga irabazita zuzenean igotzea ere aipatu zuten klubean. Lehiaketa hasi bezain laster, berriz, agerian gelditu zen oso altu jarri zuela listoia Artalekuko elkarteak. Berandu eratu zuten taldea. Jokalari asko ziren berriak, batzuk atzerritarrak eta sekula Ohorezko B Mailan aritu gabeak. Ondorioz, denbora asko behar izan zuen taldeak martxa egokia hartzeko. Lehen i-tzuliko gurutze-bidea amaituta, bigarrenean hobera egin zuen Bidasoak. Hala ere, joko irregularra eta lesioak oztopo izan ziren irundarren goranzko bidean. Azkenean, behintzat, igoera faserako txartela lortu zuten bidasoarrek, ligaren azken txanpan maila ona eman ondoren. Sasoian iritsi ziren play off-era, eta itxaropena piztu zuten klubean eta zaleen artean. Santanderreko Go Fit Sinfín taldeak antolatu zuen igoera fasea, Teka historikoaren etxe izandako La Albericia pabilioian. Maiatzaren 30-31ko asteburuan izan zen.
Sinfinek erraz gainditu zuen Nava lehen finalerdian, igande eguerdiko hitzordu nagusirako txartela eskura-tzeko (32-22). Bigarren finalaurrekoan, lehia estua espero zitekeen Atlético Valladoliden eta Bidasoa-Irunen artean. Neurketak, ordea, ez zituen aurreikuspenak bete. Talde horiaren hondamendiak ezustean harrapatu zituen zaleak. Itxura txarra eman zuen Bidasoak hasieratik. Denboraldian zehar egindako akatsak errepikatu zituen. Lehen zatian nola edo hala aurre egin zion Valladolid sendo bati. Bigarrenean, aldiz, jipoia jaso zuen. Talde ahula izan zen defentsan, eta baldarra erasoan. “Valladolidek ondo jokatu du, gure jokalariak mugiarazi eta hutsune handiak sortu ditu”, azaldu zuen Fernando Bolea entrenatzaileak. Dena den, talde irundarrak partidu txarra ere egin zuela onartu zuen: “Ez dakit presioak edo markagailuan aurretik ez jartzeak eragina izan duten. Baina ez dugu maila eman”. Hamabost minutu luze falta zirela, norgehiagoka erabakita zegoen. Bidasoak amore eman zuen, etsita. “Badakit gaizki dagoela, kirolean ezin daitekeela egin. Baina neurri batean, ulertzen dut”, adierazi zuen Fernando Boleak.

SONY DSC
Altxatu eta ikasi
Burumakur utzi zuten kantxa jokalari bidasoarrek, zaleei emandako babesa eskertu ondoren. Negar malkoak ere isuri zituzten. Denboraldi osoan zehar sufritutakoa gogoratu zuen Asier Zubiria kapitainak: “Honaino iristea kosta zaigunaren ondoren, partida bakarrean denboraldi osoko lana galtzeak pena handia ematen du”. Irregulartasuna izan da Bidasoaren arazoa sasoi osoan zehar. Eta hitzordurik garrantzitsuenean, taldearen bertsiorik okerrena gelditu zen agerian. “Denboraldiaren isla izan daiteke”, onartu zuen Zubiriak. Finalak ihes egin zion Bidasoari, eta lur jota gelditu ziren jokalari asko; gazteenak, batez ere. Garaipenak ospatzeko denbora izango dutela gogoratu zuen Asier Zubiriak: “Nik horrelako batzuk pasa izan ditut, eta burua altxa beharra dago. Irabazten ez duzunean, ez duzu galtzen, ikasi egiten duzu”. Hausnartzeko eta ondorioak ateratzeko garaia izango da orain Artaleku kiroldegian. Nolanahi ere, beste bi urterako kontratua sinatu du Fernando Boleak. Gainera, entrenatzaileak adierazi du hurrengo urterako taldea eratzerakoan iraultza handirik ez duela egin nahi. Hortaz, proiektuari jarraipena emango dio Bidasoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude