Maiatzaren 17tik 19ra San Juan plazaren inguruak beteko ditu Kontenporanearen 4. edizioak. 2015 urteko aurrekontu parte hartzaileetan jaio zen arte garaikidearen inguruko jaialdi hau martxan jartzeko ideia. Elkartrukea izango da laugarren edizio honetan jaialdiaren ardatza, gizakia eta gizakia ez denaren arteko harremanean sakontzeko.
Kontenporanea Irungo Udaleko Kultura eta Kirol Arloek sustatutako eta Bitamine Faktoria sormen eta ekoizpen lantegiak kudeatutako arte garaikidearen topaketa da. Arte, kultura eta diseinu arloko gazteen batzorde batek koordinaturik, programak lurraldeko proiektu artistikoak ikusarazi eta bertako zein kanpoko artista eta sortzaileen esperientzia elkarbanatzea ditu helburu.
Kontenporaneak hiritarrei arte garaikidea eta kultura hurbiltzen die, artista gazteei haien proiektuak erakusteko aukera ematen dien bitartean. Helburu hori aurrera eramateko, jaialdiaren antolakuntzarako komite berri bat eratzen da. Aurtengo batzordea Miguel Matador, Maialen Caballero, Haizea Olaizola, Julen Sanchez eta Fraida Drakonaki gazte greziarrak osatzen dute.
Antolakuntza komitea martxoan hasi zen aurtengo jaialdia antolatzeko lehen pasuak ematen. Jaialdian parte hartzeko proposamenak jasotzeko deialdia martxoaren 22tik apirilaren 22ra arte egon zen zabalik. Artistek era indibidualean edo taldean izan dute proposamenak egiteko aukera, adin mugarik gabe eta edozein arte diziplinaren inguruan. Azkenean, antolatzaileek 10 herrialde ezberdinetako sortzaileen 40 proposamen ezberdin jaso zituzten eta, azkenean, 10 izango dira aurtengo edizioan parte hartuko duten artistak.
Ekintzez betetako asteburua
2019ko Kontenporanearen barneko lehen ekintzaz maiatzaren 17an, ostiralean, egingo dira. Arratsaldeko 19:00etan Kontenporanea eta erakusketaren irekierari ekingo zaio. Ordu berean, Nomad Studio osatzen duen bikoteak Irungo pasaia eta biztanleak erretratatuko ditu, munduko hainbat tokietan egin bezala. Jarraian, Ibai Sarasketa artista irundarrak graffiti bat egingo du zuzenean.
Larunbatean, 10:00etatik 12:00etara Susana Blascok Collage art tailerra emango du. Egun berean, 11:00etatik 18:00etara La Ménageriek animaziozko film labur parte-hartzailea grabatuko du, muntaketaren ostean, emaitza San Juan plazan erakusteko 21:30etan. Ondoren, 12:00etatik 14:00etara #Patternprintspaper izenpean tailerra eskainiko du Lezuri Ormazabal Studiok. Juncal Alfonso & Arantza Albisuren kolaboraziotik sortutako Il Duomo “Hribidación de orbitales” izena duen hiriko artean oinarritutako proiektua aurkeztuko dute. 17:30etatik 20:00etara Ruben Castillejok “Cocina de Guerrilla” izeneko sukaldaritza et genero tailerra zuzenduko du. Horren ostean, 20:30etatik 21:30etara Bideoarte feministak Fem Tour Truck proiektua aurkeztuko du.
Maiatzaren 19an, igandean, 11:00etatik 13:00etara Irantzu Piquerok Analogikoaren itzulera izena duen tailer bat eskainiko du, bertan fanzine bat sortzeko aukera emateko. 11:00etatik 15:00etara gainera, Art Market izenarekin autoedizio azoka antolatuko da.