Kontrolaren garrantzia

Pilatesaren inguruko oinarrizko azalpenak eman ditu Itziar Pomar fisioterapeutak

Korrika egiterakoan, hankek besterik eragiten ez dutela pentsa daiteke. Baina ez da horrela. Itziar Pomar fisioterapeuta irundarrak azaldu du, otsailaren 24an Palmera-Montero gizarte zentroan emandako hitzaldian. Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeak antolatutako korrikalariaren azokan izan da, Irungo Maratoi Erdiaren bezperan. Gorputz enborraren garrantziaren, eta hura lantzeko Pilatesak duen ahalmenaren berri eman du Pomarrek.

Core hitza zabaldu da azken aldian, gorputz enborreko abdomenak eta lunbareek osatzen duten gihar multzoa izendatzeko. Bizi-organoak babestea da haien funtzio nagusia. Kirolari eta bereziki korrika egiteari dagokionez, oreka edukitzeko balio du. Posturaren gaineko kontrola ere ematen du, eta horren garrantzia azpimarratu du Pomarrek: “Burmuinak eta gorputzaren mugimenduek bat egin dezaten laguntzen du”.

 

“Postura txar batek lasterketaren biomekanika aldatzen du, eta horrek lesioak ekar ditzake”

 

Kontrola da, hain zuzen ere, Pilatesaren funtsa. Gihar guztiak lantzen ditu, baina core-a aktibatuz, beti ere. Horrek, gorputzaren gaineko kontrola dakar. Eta ondorioz, lesioak edukitzeko aukerak murrizten ditu. “Zaila da postura okerrak egun batetik bestera zuzentzea. Baina behintzat, garrantzitsua da kontzientzia edukitzea, jakitea zer den egin behar dudana”, adierazi du Itziar Pomarrek: “Postura txar batek lasterketaren biomekanika aldatzen du, eta horrek lesioak ekar ditzake”.

Pilatesak ez du errendimendua berez hobetzen, baina lesioak ekiditen ditu. Eta horrek, gehienetan errendimendua hobetzea dakar, kirolariak ez diolako entrenatzeari utzi behar izaten. Malgutasuna hobetzen duela ere esan izan den arren, Pomarrek argitu du gaztetxoen artean lor daitekeela hori, batez ere: “Egia da 25 urtetik beherakoen artean errazagoa dela, kolageno gehiago jariatzen delako. Baina hortik gora, konplikatua da”.

 

“Arnasaren kontrolak neke sentsazioa murrizten du”

 

Oinarrizko ariketak

Hiru lanketa proposatu ditu Itziar Pomarrek, Pilatesarekin lotuta. Batetik, diafragma lantzeko ariketak. “Arnasaren kontrola hobetzen dute, eta horrek neke sentsazioa murrizten du”, aipatu du fisioterapeutak: “Eguna estres betean pasa baldin badugu, diafragma laburtua edukiko dugu. Segidan korrika egitera ateratzen baldin bagara, askoz lehenago nekatuko gara”. Komenigarria da, beraz, atera aurretik diafragma lantzeko ariketa sinple batzuk egitea.

Perineoa edo zoru pelbikoa lantzea ere gomendatu du Itziar Pomarrek: “Ahaztua izaten da sarritan, ezezaguna da”. Kegel ariketak gomendatu ditu horretarako. Bestalde, eta autore askok coretik kanpo uzten badute ere, gluteoak lantzea funtsezkoa dela nabarmendu du Pomarrek. Aldakak orekatzeko gaitasun handia dute, eta horrek eragina du gorputz osoan. “Lesio asko sendatu izan ditut ipurmasailak landuz, bakarrik”, baieztatu du fisioterapeutak.

Ariketa sinpleak dira, materialik eta baldintza berezirik gabe egin daitezkeenak. Egia da, gaur egun, Pilatesean fitball-ak, banda elastikoak, TRX-ak eta bestelako tresnak zabaltzen ari direla. Edonola ere, aholkularitza eskatzeko gomendatu du Itziar Pomarrek: “Ariketak modu okerrean egiteak lesioak edukitzeko arriskua dakar”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude