Korrokoitz 9, eztabaida iturri

Iturgintza lanetan ari zirela, eraikinaren egurrezko egitura desestali zuten. Horrekin batera, bizilagunak, erakundeak eta enpresa pribatuak nahasten dituen gatazka azaleratu zuten. Etxean termitak zituztela jabetu ziren momentu horretan. Baina hariari tiraka, eztabaidaren gainerako osagaiak gelditu dira agerian. Korrokoitz kaleko 9.eko bizilagunen kasuak alerta piztu du eremu osoan.

SONY DSC

Eraikina ikuskatu duen arkitektura enpresaren txostenean oinarrituta, erortzeko arriskuan dagoela deklaratu du Irungo Udalak. Bizilagunek abenduaren 9an etxetik kanpo egon behar dute, beranduenez. Bitartean, eraikina zurkaiztu eta astero gainbegiratu dute arkitektoek. Dena den, hori ez da bizilagunen arazo bakarra. Eraikinaren eraistea haiek ordaindu behar dutela ere jakinarazi die Udalak. Lehen kalkuluen arabera, 20.000 euroko kostua izan dezake. Bi familia bizi dira Korrokoitz 9ko eraikinean. Lehen solairuan, 73 eta 76 urteko senar-emazteak. Bigarrenean, jabearen alaba bizi da, bere seme-alabekin. Etxabean, Alzate ile-apaindegia zegoen. Negozioa uztera behartu dute jabea, eta momentuz, langabezian gelditu da, 52 urterekin. “Izorratuta gaude”, adierazi du Remedios González lehen solairuko emakumeak.
Irailean jakin zuten etxean termitak zituztela. Iturgintza lan batzuen ondorioz konturatu ziren, eta arkitektura enpresa baten zerbitzua kontratatu zuten, egurrezko egituraren egoera ikuskatzeko. Arriskuaz jabetuta, bilera eskatu zuten Xabier Iridoy Irungo Udaleko Hirigintza ordezkariarekin. “Etxea ikustera joan ginen. Udaleko teknikariek eraikina erortzeko arriskuan zegoela berretsi zuten, eta hiru hilabeteko epea eman genien etxea uzteko”, azaldu du Iridoyk. Jakinarazpen ofiziala jaso ondoren, José Antonio Santano alkatearekin biltzeko eskaera egin zuten bizilagunek. “Jaso genuen gutuna oso hotza zen. Gure ardurak besterik ez zituen aipatzen. Horregatik joan ginen alkatearekin hitz egitera, gizatasun pixka baten bila”, argitu du Asier Martinek. Bigarren solairuko e-txebizitzaren jabearen semea da, eta bertan bizi den emakumearen anaia.

SONY DSC
Alkateak Gizarte Ongizatea arlora bideratu zituen, beste etxebizitza bat lortzeko irtenbideen bila. Adineko senar-emazteei, Eusko Jaurlaritzaren Alokabide programaren bitartez alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzea proposatu diete. Lortzen ez badute, diru-laguntza bat emango diete hilero, etxebizitza baten alokairua ordaintzen laguntzeko. Bigarren solairuko emakumeak Babes Ofizialeko Etxebizitza bat eslaitua du Oinaurre eremuan. Bere etxebizitza eraikitzen duten bitartean, alokairu baterako laguntza emango diote. Lourdes Alzate ile-apaintzaileari, berriz, K-Biziak programan parte hartzea proposatu diote. Irungo Alde Zaharra biziberri-tzeko asmoz, lokalak alokatzeko diru-lagun-tzak ematen dituzte K-Biziak-en bidez. “Zaila da irtenbide aproposa aurkitzea, familiek jasan duten kaltearen larritasuna kontuan hartuta”, aitortu du Sergio Corchón Gizarte Ongizatea arloko ordezkariak.
Beste proposamen bat ere egin zieten bizilagunei: udalak etxearen eraistea ordaintzea, eta gero orubea erostea, prezioari eraistearen kostua deskontatuta. Asier Martinek azaldu du orubearen balioari buruzko aholkularitza eskatu dutela, eta argi gelditu zaiela udalaren proposamena ez zaiela komeni: “Hiru familiaren artean banatu beharko genuke diferentzia, eta trukean, oruberik eta eskubiderik gabe geldituko ginateke. Karga bat kenduko luke Udalak gainetik”. Desadostasunen aurrean, alegazioa aurkeztu dute bizilagunek, eta prest daude epaitegietara jotzeko.
Arduraren eztabaida
Bizilagunen argudioa da egoeraren ardura guztia ez dela haiena. “Badakigu udala ez dela termiten arduradun. Baina eremuaren egoera orokorrarena bai, bada. Baztertuta izan du eremua aspaldidanik. Ez da sekula lehentasuntzat hartu”, argudiatu du Martinek. Udalak berriz, erantzukizunik ez duela baieztatu du. Xabier Iridoy Hirigintza arloko ordezkariak eman du azalpena: “Momentu honetan ez dago Udalak ardura duela esaten duen txostenik. Hori froga-tzen baldin bada, hartu beharreko neurriak hartuko ditugu. Baina momentuz, ardura hori frogatzen duen dokumenturik ez dago”. Etxea behar bezala zaintzeko gai izan ez direla leporatu dietela adierazi du Asier Martinek. “Hori ez da bidezkoa”, salatu du.
1999 urtean, hiri-antolamendutik kanpo utzi zuen Udalak Korrokoitz. Eremua berriro urbanizatzeko asmoa zuen. Orduz geroztik, sententziatuta egon da eraikina. Hala ere, konponketa eta atontze lanak egin dituzte, etxean eroso bizi ahal izateko. “Inbertsioak egin ditugu, baina tamaina batekoak, jakinda gertuko egun batean etxea botako zutela”, nabarmendu du Martinek. 2008an, PAU urbanizaziorako ekintza plana onartu zuen Irungo Udalak, eta Korrokoitz eremua sartu zuen proiektuan. Itxaropen izpia izan zela gogoratu du Asier Martinek: “Planoak ikusi genituen, eta kaltetuen artean geundela konfirmatu ziguten. Horrek, eremuan beste etxebizitza bat izateko eskubidea ematen zigun”.
Alabaina, proiektua geldirik dago orduz geroztik. “Eremua oso konplikatua da, enpresa pribatuen esku dagoelako”, azaldu du Xabier Iridoyk. 2000 urtetik aurrera, zenbait inbertsorek lursailak erosi zituzten eremuan. Guztiekin negoziatu behar izan du Udalak, eta ezinezkoa izan da akordioa. Neurri handi batean, eremuaren atzean dagoen kanalaren obra nork ordainduko duen adostu ez dutelako. Beste arazoetako bat bizilagunak beraiek direla uste du Martinek: “Gu ere karga bat gara, beste etxebizitza bat eman behar digutelako”. Etxea eraisten dutenean ordea, eskubide hori galduko dute Korrokoitz 9ko bizilagunek. “Proiektua aurrera eraman arte etxea zutik mantendu ez izana leporatu digute. Baina hamabost urte eman ditugu zain”, azpimarratu du Asier Martinek.
Edozelan ere, Korrokoitz eta Papinea eremuen egoera kezkagarria da. XX. mendearen hasierako eraikin zaharkituez gainera, baratzeak, sastrakak eta hondakinak daude, Irungo erdigunetik oso-oso gertu. Agerikoa da birmoldaketa behar duela eremuak. “Nire aldetik, ahalegin guztiak egingo ditut proiektua mugiarazteko”, zin egin du Xabier Iridoy Hirigintza arloko ordezkariak. Momentuz, argi dagoena da abenduaren 9an Korrokoitz kaleko eraikina utzi beharko dutela bizilagunek. Eta ez daudela konforme udalak proposatutako aterabideekin. Helegite kontentzioso-administratiboa jartzea izan daiteke hurrengo urratsa. Asier Martinek ez daki noraino helduko diren: “Uste dut bidea aspektu ekonomikoak markatuko duela. Luzea eta garestia baita administrazioaren aurkako prozesu batean sartzea”. Ziurgabetasunean bizi dira Korrokitz 9n.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude