Arrapaladan etorri zen dena Kulto Kultibo rap/reggae taldearen hasieran: lehen kontzertua, maketa, bidaiak, lehen diskoa. Hasi berrien ilusioarekin egin zuten aurrera, ziztu bizian. Gaur egun, berriz, taldeak bost urte bete dituenean, pausoak tentuz eta sendo ematen dituzte. Hondarribiko garaje batean, grabazio estudio ere baden entsegu lokal txukuna muntatu dute. Jo eta ke ari dira lanean, hirugarren lan diskografikoa prestatzen. Udarako kontzertu zerrenda luzea osatzen ari dira. Ekainaren 23an hasiera emango diote, San Martzialetako egitarauaren baitan eskainiko dutenarekin.
– 2001. urtea nabarmentzen duzue zeuen biografietan. Zer aldatu zen orduan?
PECA: Hip hopak Estatuan eztanda egin zuen. Kutsatu gintuen. Arropa erosten hasi ginen eta kontzertuetara joaten. Estatuko rap talde onenek Irungo Tunk aretoan jotzen zuten. Edo Donostian, bestela. Estatu mailan hip hopak izan duen boladarik onenak iragan dira. Egun, mugimendu hori itzali da.
SAMU: Irunen lehen hip hop denda ireki zuten. Arropa, spray-ak, eta biniloak saltzen zituzten, AEBtik inportatuta. Ume mokoak ginen arren, jada hasi ginen eskolako komunetan sinatzen, edo rap musika entzuten. Gure lehen rap bertsoak mugikorrekin grabatu genituen. Break dance dan-tzan ibili ginen, eta graffiti munduan ere bai. Giro horretan ezagutu genuen elkar.
– Taldearen hasiera bitxia da. Modu inprobisatuan bat egin zenuten, kontzertu baterako.
PECA: Aspalditik ezagutzen genuen elkar. Kontua da niri Bilboko Fever aretoan jotzeko deitu zidatela. Talde batekin ari nintzen orduan; baina, lana zela eta, taldekideek ezin izan zuten etorri. Orduan Setari deitu nion, DJ moduan zebilelako.
SETA: Nirekin Samu zebilen orduan abesten, eta ezinbesteko baldintza zen berak ere parte hartzea. Aimar nire koinatua zen orduan, eta lokal bat zeukan Pio XIIn, rock talde batean zebilelako. Lokal horretan prestatu genuen kontzertua, zazpi eguneko epe laburrean. Hortik lehen maketaren izena.
– Zer sentitu zenuten kontzertu hartan, taldea osatu behar zenutela erabakitzeko?
SAMU: Ordura arte ez genuen sekula agertoki batean rapeatu. Hortaz, hasiera hura ikaragarria izan zen. Live Zion Sound festibala zen, eta lepo zegoen Fever aretoa. Gure artean konexio berezia sentitu genuen. Taldearen izena lokalean sortu zen.
PECA: Ez genuen eztabaidatu taldea sortuko genuen edo ez. Lagunek animatu gintuzten. Aimarrek lauzpabost abesti grabatu zizkigun hala-moduz, eta jendeari ikaragarri gustatu zitzaizkion. Bost urte pasa dira jada. Orain grabazio estudioa dugu, kontzertu pila bat eman ditugu, Estatu osoko lekuak eta jendea ezagutu ditugu.
– “7 días” eta “Ahora o nunca” lanak argitaratu dituzue. Nola azalduko zenukete bakoitza?
PECA: “7 dias” ia nahi gabe atera zen. “Ahora o nunca” barruan generaman amorrua husteko modua izan zen. Hirugarren diskoa, berriz, ondo pentsatutako lana izango da. 2015aren amaieran atera nahi genuke.
SAMU: “Ahora o nunca”-n hamazazpi abesti grabatu genituen, lagun askoren kolaborazioekin. Gure lehen hiru baseak sortu genituen. Hurrengo diskoan, instrumental guztiak guk egindakoak izango dira. Lan osoagoa izango da, landuagoa.
– Bilakaera handia nabari da disko batetik bestera. Hirugarrenean ere hala izango da?
SAMU: Bilakaera normala da, serio ari garelako lanean. Gauza asko utzi ditugu alde batera: lagunen lokala, adibidez. Lanetik atera eta estudiora etortzen gara. Hala ere, denen babesa daukagu, familiarena ere bai. Hori esker-tzekoa da.
SETA: Kanpora joaten garenean, jendea ezagutzen eta ikasten saiatzen gara beti. Bidaia guztiak guk geuk ordaintzen ditugu, baina momentuz ez zaigu inporta. Epe luzerako inbertsio moduan ikusten dugu. Ordaindu izan digutenean, ekipoan gastatu dugu dirua.
– Abestien hitzei dagokienez ere hobetu duzue?
PECA: Errima hobeak lortzen ditugu, hiztegi aberatsagoa dugu. Idazten duzunean entrenatzen ari zara, eta horrela hobera egiten duzu. Lehen, protesta gordina egiten genuen; orain abestiak serioagoak dira, helduagoak.
SAMU: Txikitatik freestyle rap-ean ere ibilli izan gara, eta ariketa horrek asko laguntzen du. Rap ona entzuten saiatzen gara, ahalik eta gehien ikasteko. Canserbero, Bencina, Latinoamerikako rap-a gustatzen zaigu. Txilen gogor jotzen ari da, adibidez.
SETA: Denborarekin, erantzukizun bat dugula konturatu gara. Badakigu sortzen dugun hori jendeak entzungo duela, eta ba-tzuentzat erreferentzia izan daitekeela. Gainera, betiko geldituko da grabatuta.