Kultura arloak 4 proiektu handi iragarri ditu hiriaren etorkizunari begira

Datozen urteetan, Irungo Udalak hirian eragin handia izango duten kultura-proiektuak abiaraziko ditu. Nuria Alzaga kultura ordezkariak prentsaurrekoa eman du astearte honetan, proiektu bakoitzaren ildo nagusiak eta erlazionatzeko modua partekatzeko. Ekipamenduen proposamena CBAren, Oiassoko termen, Irugurutzetaren eta Hiriaren Museoaren (Ikust Alaia) inguruan egituratzen da.

Horrela, Hiriaren kultura-proiekturako estrategia koherentea osatuko dela azaldu du Kultura ordezkariak. Nuria Alzaga ordezkariak adierazi duenez, proiektu horiek Irun kultura- eta sormen-helmuga gisa kokatzeko udal-estrategiaren ondorio dira: “Hain proposamen anitzak aldi berean garatzeak aukera ematen digu proposamen horiek elkarrekin ahalik eta modurik aberasgarrienean lotzeko”.

Aldi berean garatzen ari diren tamaina handiko lau proiektu gauzatu ahal izango dira udalaren apustuari esker, Next Generation funtsak finantzatzeko aukerei esker, Euskadi Helburuko Turismo Jasangarritasuneko Lurralde Plan Sektorialaren barruan  eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiari esker ere.

CBA Kulturgunea

Aurten, San Juan plazan dagoen Carlos Blanco Aguinaga (CBA) Kulturgunea zabalduta, ekipamendu berria edukitzea espero da.2.400 m2 gehiago dira (gaur egun, 2.700 dira), eta hainbat gune izango dira, hiriko kultur eta gazte eskaintza osatzeko.

CBA jende ororentzako kulturgune gisa diseinatu da, eta xedea du topaketarako, sorkuntzarako eta kultura-ekintzarako espazioak eskaintzea.  Zentro hori zubi bat izango da, pertsonak eta artea, eta kultura eta herritarrak hizkuntzaren eta lengoaia artistikoen bidez elkartzeko.

Prestatzen diren programek unibertso bat sortzen dute, diziplinartekotasunak, arte garaikideak, bertako arteak, berrikuntzak eta kolaborazioak ehundua. Balio horietan oinarrituta eta hainbat lengoaia artistikoren bidez sortuko da zentroaren edukia, CBA dimentsio handiago baterantz proiektatzeko, arte-aniztasunean eta arteak gizartea eraldatzeko duen gaitasunean oinarrituta.

Liburutegiko ikasketa-gela handitzea, areto eszeniko bat, sormen-programak garatzeko bereziki pentsatutako tailer-aretoak, GazteArtean gazteentzako gunea eta erakusketa-gune bat aurreikusten ditu ekipamendu berriak.

Ohiko agertokiak 157 lagunentzako edukiera du. Areto eszenikoak agertokiak konfiguratzeko aukerak ematen ditu. Agertoki nagusia duen konfigurazio bat ere ahalbidetzen du, besaulki mugikorren sistemari esker. Zutikako edukierari dagokionez, 385 lagunentzako pentsatua dago. Gaur egun “Irun Zuzenean” markarekin arlotik egiten den eskaintzaren zati bat hartzeko aukera emango du; esaterako, formatu ertaineko kontzertuak, bertako talentua kontuan hartuta. Konfigurazio malgua izango du, eta horri esker, beste diziplina eta lengoaia artistiko garaikide batzuk ere egin ahal izango dira.

Tailer-aretoak sorkuntza-programetarako egoitza izango dira; esaterako, gaur egun egiten ari diren bezalakoetarako: Kontenporanea, Ribera, Soinulabor… Azken batean, laborategi-gune bat.

GazteARTEan gazte-espazioaren helburua da herritar gazteekin harremana sustatzea, ekimenetan lagunduz gazte sortzaile eta konprometituak sortzeko, eta hori guztia kultura, gizarte-berrikuntza eta norberaren eta erkidegoaren ahalduntzea sustatze aldera.

Erakusketa-gunean, batetik, sortzen ari den talentuari arreta berezia jarriz egingo dira erakusketak, baina, bestetik, esperientzia-espazio bat ere izango da, topaketarako eta sormena gozatzeko gune bat, prozesuei arreta berezia eskainiz.

Oiassoko Termak

Oiassoko Termak berreskuratzeko proiektuaren helburua da Oiassoko Termei balioa ematea eta bisitatzeko aukera ematea. Proiektu horri esker, aztarna arkeologikoen bidez, Oiasso Museoaren egungo eskaintza osatu ahal izango da. Proiektuaren esparruan, eraikin bat eraikiko da terma erromatarren hondakinak estaltzeko. Termak Oiasso museoaren albo batean daude. Eraikin hau lehendik dagoenari gehituko zaio, eta, horrela, luzatu egingo da museoaren ibilbidea eta diskurtsoa.

Eduki birtualen bidez ezagutu ahal izango dira termak. Zehazki, hondakinen birsortze birtuala egingo da, azken belaunaldiko teknologia digitalak erabiliz, hala nola errealitate birtuala eta handitua (VR/AR) eta ikus-entzunezkoak. Euskadi Helmuga Turismo Jasangarritasunerako Lurralde Plan Sektorialaren barruan Europako Next Generation Funtsak jasotzen dituen hiriko proiektuetako bat da.

Irugurutzeta, kultura-ondarea naturan bertan

Irugurutzetako ingurua birgaitu eta berroneratzeko esku-hartzeak egingo dira. Izan ere, industria-, meatzaritza- eta kultura-ondare bat da Aiako Harria Parke Naturalaren barruan dagoena, eta, halaber, Gipuzkoan dagoen labe-bateriarik handiena eta Euskal Herriko nagusietako bat da.

Euskadi Helmuga Turismo Jasangarritasunerako Lurralde Plan Sektorialaren barruan Europako Next Generation Funtsei esker egingo den beste proiektuetako bat da. Udalak horren aldeko apustua egin duelako garatuko da estrategia hori guztia, eta horretan,zalantzarik gabe, oso laguntza garrantzitsuak izango dira Next Generation funtsen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazio-aukerak ere.

Ikust Alaia

Ikust Alaiako eraikin zaharrean, hiriko museoa egokituko da. 2018-23 aldian egin dira obrak eraikinean, eta, gaur egun, proiektu museografikoa prestatzen ari dira.

Hasiera batean, planteatzen da museoaren erakusketa-lerro nagusia Luis Marianori eskainitakoa izatea: hiriaren historia kontatzeko hari gidaria izango litzateke. Pertsonaia horren garrantzia nabarmendu nahi da, bai ikuspuntu artistikotik, bai bere garaiko kultura-eremuan izan zuen eraginagatik, eta lotura duelako hiriaren garapena eta konfigurazioa markatu zuten mugarriekin (muga, industria-ondarea…). Era berean, proposamen garaikideagoetara irekitzea ere planteatzen da, diskurtso nagusi horrekin elkarrizketan, eta hiriaren nortasunari buruzko hausnarketa alde batera utzi gabe.

Lau proiektu handi horietan Kultura, Ondarea eta Turismoa elkarren eskutik doaz Hiriko kultur proiektuaren ildo nagusiak azaleratzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude