2021eko kultura programazioak ohiko formatuak eta formatu berritzaileak uztartuko ditu
Juncal Eizaguirre ordezkariak Irungo Udaleko Kultura Arloak autrtengo erronken berri eman du. Kultura ordezkariak baieztatu duenez 2021ean ere sektorea indartzeko ildo estrategikoari eutsiko diote.
Gauzak horrela, Kultura Arloak datozen hilabeteetarako jardueren programazioak oinarrian izango dituen hiru ildo estrategikoak identifikatu ditu: zuzeneko musika eta, tartean, Irun Zuzenean programa; sorkuntza; eta bertako talentuaren babesa. Juncal Eizaguirrek baieztatu duenez, “gehitzeko apustu bat da. Irunen badugu programazio zabal eta askotarikoa. Era honetan, urte batetik bestera errepikatzen diren formatu eta proposamenak, agenda erakargarriago egingo duten formatu berriekin uztartzeko asmoa adierazi du Kultura ordezkariak.
“Dagoeneko sendoak diren programak aurrera eramateaz gain, helarazten zaizkigun proposamen guztiak entzungo ditugu, gogoz entzun ere”
Irun Zuzenean
Irungo musika programazioak estilo eta guneen aniztasunari erantzutea du helburu, eta sektore publiko eta pribatuaren arteko elkarlanaren eta aliantzen ikuspegitik planteatzen da, eskaintza sendotzeko. Irun Zuzenean hiriko kultur programazioaren barruko musika adierazpide nagusietako bat da, eta “hitzordua inguruan erreferente diren jaialdien zirkuituan sartzeko apustu irmoa egin dugu. Egungo egoerak, pentsatzekoa denez, horrelako ekitaldien formatuak mugatzen ditu, baina hobera egiten duenean jaialdia sustatzen jarraitzea da gure asmoa”, azpimarratu du ordezkariak.
Bestalde, jaialdiaz harago, Juncal Eizaguirrek “zuzeneko musikaren esparruan jauzi bat egiteko nahia” iragarri du. Ildo horretatik, Kultura Arloak kanpoko aholkularitza zerbitzu baten laguntza izango du 2021ean musika programazioari lotutako gaietarako. “Gure helburuen berri emango diogu, eta, elkarrekin, musika zirkuitu bat eratuko dugu hirian, askotariko kontzertuz eta formatuz osatutakoa”, erantsi du ordezkariak.
“Sorkuntza eta artisten lana sustatzeko programak bultzatzen jarraituko dugu”
Irun Factory
Arte garaikidea ere, Irun Factory izenpean, 2021ean kultura arloan jarduera ildoetako bat da. “Sorkuntza eta artisten lana sustatzeko programak bultzatzen jarraituko dugu, ohiko formatuak eta formatu berritzaileak konbinatuta. Dagoeneko badugu esperientzia handiko proiektu sorta interesgarri bat, hala nola Auzo Sortzaileak, Ribera, Kontenporanea eta Soinu Labor”, adierazi du Eizaguirrek.
Alde horretatik, Kultura Arloak jarduera ildo honetarako baliabide gehiago jartzeko helburua jarri dio bere buruari. “Dagoeneko sendoak diren programak aurrera eramateaz gain, helarazten zaizkigun proposamen guztiak entzungo ditugu, gogoz entzun ere, eta berauek aztertzea izango da gure lehentasunetako bat”.
#KulturaKm0 eta gazteak
2021ean #KulturaKm0 zigilua sendotuko dela baieztatu du ordezkariak. “Irungo kultur programazioa osatzeko bertako artista eta profesionalengana jotzea ez da kontu berria, baina onartu beharra dago orain inoiz baino beharrezkoagoa dela, egungo egoera dela eta. Hiriko sare kultural profesionalari laguntzeko programa honek oso harrera ona izan zuen joan den urtearen bukaeran, eta, 2021ean jarraituko du, urteko programa bilakatuta”, azaldu du Kulturako ordezkariak.
Horiek horrela, Irun Aurrera planaren barruan, Kultura km 0 programak formatu espresa izateari utziko dio eta 2021erako programazio egonkorrean bihurtuko da, sortzen ari diren talentu gazteak direla protagonista. Aurtengo edizioak 50.000 euroko aurrekontua izango du, 2020an bezala, baina, gainera, 8.000 euro gehiago jarriko dira, bertako artisten obra erosteko.
CBA 2.0
CBA handituta hirian sortuko diren aukera berriak ere aztertu ditu Juncal Eizaguirrek. Irungo kultur instalazio nagusia da CBA, eta, “nolabait, aipatutako hiru ardatz estrategikoetatik sortzen joango diren funtsezko proiektuen egoitza iraunkorra bihurtzea gustatuko litzaiguke, hirian sortzen ari diren talentuen topagunea”.
Gaur egun, CBAren bigarren faserako proiektua idazten ari dira. 3,5 milioi eurokoa da lanak egiteko aurrekontua.