Ostiral honetan egindako prentsaurreko batean, Kulturako ordezkari Juncal Eizaguirrek Kultura km 0 programaren bigarren edizioa aurkeztu du. Departamentuak aurtengo finkatu duen ildo estrategikoetako bat da hori, eta Irun Aurrera Gizartea eta Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan dago.
Kultur programa honen edizio berrirako, estreinatu zenean (2020an) emandako fruituak bildu dira, eta, gainera, aurrekontu handiagoa jarri da, programa sendotzeko. Helburua, edonola ere, bera da: sektoreari laguntzea, kultur bizitzaren geldialdiak haren diru sarrerak jaitsarazi baititu eta horrek kalte larria egin baitio.
Juncal Eizaguirreren esanetan, “hiriko kultur agendak ezaugarririk izatekotan, betidanik, bertako kultura munduko profesionalak gogoan hartzea izan da ezaugarria. Egungo krisialdian, are beharrezkoagoa da kultura munduko hiriko profesionalen alde egitea, asko eta asko egoera zailean baitaude. Konfinamendua indarrean zegoela online ekimenak martxan jarri genituenetik, Irunen kultura babesten jarraituko dugu. Badugu lehenengo edizioko esperientzia, eta ikasten saiatuko gara, eta hobetzen lagundu diezaguketen gaiak hobetzen”.
Programaren bidez, kultur agenda bat sortu nahi da, tokiko kultur eragileei laguntzeko eta alde fisikotik formatu txikiaren eta gune alternatiboen alde eginez haien proposamenak herritarrengana hurbiltzeko.
2021eko bigarren hiruhilekoan, udan eta udazkenean, Irungo kultur agendaren barruan sartuko dira Kultura km 0 programaren barruko jarduerak. Azken batean, programazio bat osatzea da kontua, kontratu bidezko zerbitzuak emanda edo artisten obra artistikoa erosita; horrela, hiriko artisten obrak gehituta, Udalaren arte bildumako funtsak aberastuko dira. Jarduerak programatzeko aurrekontua 50.000 eurokoa da, gastuak barne, eta obra artistikoa erosteko aurrekontua, berriz, 8.000 eurokoa.
Kultura km 0 programaren lehenengo edizioan, dozena erdi ekitaldi eta Amaia KZn hogei parte hartzailerekin baino gehiagorekin egindako bi saioko jaialdi bat programatu ziren, 2020ko azaro eta abenduan. Herritarrek oso harrera ona egin zioten, eta profesionalek ere oso ontzat baloratu zuten: Kulturara jo zutenen % 80k “ontzat” edo “oso ontzat” jo zuten.
Edizio berriari begira, parte hartu nahi duten profesionalek hemendik aurrera aurkez dezakete eskabidea, ekainaren 25era bitartean, kulturakm0@irun.org helbide elektronikoan. Edonola ere, Kultura Arloak azpimarratu duenez, “proaktiboa” izango da: “Hiriko artisten eta gainerako kulturgileen sarearen barruan identifikatu ditugun profesionalengana joko dugu, baita lokalizatu ez ditugunengana, gure alboan nahi baititugu pentsatzekoa denez”. Alde horretatik, komunikazioa hobetzea aurreikusi da, ahalik eta profesional gehienengana iristeko. Era berean, hitzordua eskatuta, Kulturako teknikariek zalantza guztiak argituko dizkiete interesdunei, eta eskatzen dieten informazioa emango.
Esan bezala, agenda bat sortzea da helburua, eta, lehenengo edizioan bezala, irizpide teknikoen arabera baloratu beharreko ezaugarri hauekin bat etorri beharko du: ekitaldiak puntualak izan ahalko dira, eta etekinak sortzailearentzat edo kultur eragile edo entitatearentzat izan beharko du zuzenean; ahal den neurrian, norbanakoekiko lanari emango zaio lehentasuna, kontuan izanik zenbat eta handiagoak izan taldeak orduan eta baliabide gehiago kontsumitzen direla eta kontsumo horrek eragin txikiagoa duela taldekide bakoitzaren ekonomian; formatu txikietan lan egiteari (pilulei) emango zaio lehentasuna, gune alternatiboetan (Menchu Gal aretoan, Amaia KZko dantza aretoan, kalean…) lan egiteari, eta proposamen bereziak egiteari; jarduera gehien programatzen diren datak saihestuko dira; eta proposamen berritzaileak eta kultur eragileen arteko elkarlana eta sorkuntza sustatuko dira.
Hartzaileak
Kulturaren edozein arlotako pertsona fisiko edo juridikoek parte hartu ahal izango dute programa honetan (arte eszenikoak, ikusizko arteak, literatura, komikia eta ilustrazioa, musika, ikus-entzunezkoak, diseinua eta abar), eta lehentasuna emango zaie kulturaren edozein arlotan lan profesionala egiten dutenei, bizilekua Irunen dutenei eta lana hirian egiten dutenei. Era berean, pandemiaren ondorioz bizitza kulturala gelditu izanaren ondorioz diru-sarrerak nabarmen murriztu zaizkienei erreparatuko zaie.