Ziztakak Irunen kultura eta euskara uztartuko dituen espazio berri bat sortzeko prozesuari eusten dio. 2022ko lehen hilabeteetan Kulturakada burutzen ari da Ziztaka, hilero Irunen kultura modalitate ezberdinei lekua emateko. Bien bitartean, Harreman Biraren bitartez Ziztakako kideek udal alderdi politikoen uste eta iritziak bildu dituzte. Maddi Sanzek eta Beñat Altzagak Ziztakak datozen hilabeteetarako markatutako helmugen berri eman dute.
Zein izan da Harreman Biraren helburua?
Beñat: Harreman Birak erantzun dio hirugarren foroan ateratako mandatuari. Ziztakak dagoeneko bi urteko ibilbidea egin du, ibilbide oparoa, eta hirugarren foroan bi gauza proposatu ziren. Batetik, proiektuaren ardatz eta ezaugarri nagusiak eta, bestetik, proiektua aurrera eramateko lankidetzarako proposamena. Proposamena zehatza bezain lausoa zen eta guk mahai bat sortu nahi genuen, alderdi politiko guztiekin bilduz proiektua hezurmamitzeko, nahiz eta guk jada bizkarrezurra izan. Beti azpimarratu dugun moduan, proiektu hau irundar guztientzako proiektua da, guztien eta Irun hiriaren mesederako. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu udalaren paper aktiboa. Jendeak hirugarren foroan begi onez ikusi zuen proposamena. Alderdi politikoei bi galdera zehatz aurkeztu genizkien. Alde batetik, proiektuarekiko adostasuna eta, bestetik, proiektuaren bueltan elkarlanean aritzeko prestutasuna. Alderdi guztiekin bi erronda egin dira PPrekin izan ezik, haiek ez baitziguten erantzun. Bigarren errondan, aldiz, alderdi guztien iritziak eta zertzeladak jaso genituen.
Berriki egindako laugarren foroak zertarako balio izan du?
Maddi: Foroan Beñatek azaldutako guzti hori jendeari helarazi genion, hau da, alderdi politiko bakoitzarekin egindako lanketaren ondorioa. Era berean, hemendik aurrerako pausoak zehaztu genituen. Foro oso goxoa izan zen. Hasieratik argi daukagu Ziztakako kideak gutxi batzuk izan arren, herri mailako ekimena dela eta herriko jendearekin batera egin nahi dugula. Foroan jasotako proposamenekin aurrera egitea da gure helburua.
2022an Kulturakadari ekin diozue. Nola baloratzen dituzue orain arte egindako ekimenak?
Maddi: Otsailekoa oso polita izan zen. Irungo 5 artistek beraien lanak astebetez Irungo lokaletan erakustea lortu genuen, ohikoa ez den zerbait. Otsailaren 12an Museo Ibiltaria ekintza egin genuen eta lokal batetik bestera ibili ginen artista bakoitzak bere lana zertan datzan azaldu zezan. Gainera, establezimendu euskaldun bakoitzak zer eskaintzen duen azaldu zigun. Ekintzak lankidetza sortu eta saretzen jarraitzeko aukera eman zigun. Ziztakaren hasieratik argi izan dugu proiektuarentzat ezinbestekoa izango dela bidean saretzea.
Martxoan, berriz, literatura izan da protagonista, ezta?
Maddi: Martxoaren 12an San Juan plazan egon ginen ekintza guztiz ezberdin batekin. Lupe Lekuonak ipuin-kontalariak haurrentzako ipuina kontatu zuen. Ondoren, Joseba Larratxe “Joseviski” komikigileak tailer bat eman zuen eta, amaitzeko, Itxaro Borda etorri zen euskara, emakumea eta literatura ardatz zituen hitzaldi batekin. Otsailekoarekin alderatuta oso ezberdina, baina, azken batean irundarrok hiriarentzat sortutako beste ekintza bat izan zen.
I. Ziztaka Literatur Lehiaketa antolatu duzu ere. Zertarako?
Maddi: Lehenbiziko kontakizun lehiaketa martxan jarri dugu, euskara hutsean Irunen egiten den lehenbiziko lehiaketa. Ideia handinahi bezain polita da. Irungo hainbat idazlerekin elkarlanean sortu dugu epaimahaia osatu ahal izateko. Oinarriak Ziztakaren sare sozialetan ikusgai daude eta maiatzaren 12ra arte zabalik egongo da parte hartzeko epea. Edonor gonbidatzen dugu bertan parte hartzera.
Orain arte antolatutako ekintzetan hiriko espazioak baliatu arren, Ziztaka espazio berri baten beharra defendatzen jarraitzen du?
Beñat: Bai. Kulturarekin edonora iritsi behar garela erabaki dugu, baina Irungo egoera soziolinguistikoa kontuan izanda, hiriak euskara eta kultura uztartuko dituen espazio bat behar duela argi dugu. Egun ez dago horrelako espaziorik eta alderdi politiko guztiek behar horrekin bat egin dute. Izan ere, Ziztakan Irungo euskal kultur ekosistema osoak du lekua eta haiek gabe ez gara inora iritsiko. Espazio horri askok euskararen itsasargia deitu izan diogu eta hori lantzeko udalarekin mahai bat sortuko dugu. Bide laburra izango ez den arren, arian, arian, zehetzen da burdina. Proiektuan sinetsita gaude eta denok elkarrekin solairuz solairu itsasargi hori eraikiko dugu azkeneko bonbilla piztu arte.
Zeintzuk izango dira datozen hilabeteetan eman beharreko pausoak?
Maddi: Apirilaren 9an Korrika badator eta 9aren eta 10aren arteko gau horretan pasako da Irundik. Ziztakako kideak Korrika Kulturalarekin batera elkarlanean ari gara eta apirilaren 9rako egitarau polit bat ontzen ari gara. Urte zailtxo batzuk pasa ostean, Korrikaren etorrera ospatu beharra ikusten dugu. Egun osoko egitaraua prestatzen ari gara: goizean poteo musikatua, bazkaltzeko elkartuko gara, arratsaldean haur eta gazteentzako jolasak izango ditugu, meriendatzeko txokolatada, Burrunba elektrotxarangarekin Mosku inguruan ibiliko gara eta eguna bertso musikatuen emanaldiarekin eta kontzertu polit batekin amaituko dugu.
Maiatzean Kulturakada zikloa amaituko dugu, maiatzaren 21ean Junkal plazatxoan egingo den antzerki batekin. Ikasturtea bukatzeko, ekainaren 11n ziurrenik, Ziztaka 2.0 eguna egingo dugu. Ikasturtea indarrez bukatzeko balioko digu egun honek, baina ez genuke aurreko ekitaldi guztiak bezala egin nahi, hau da, denon artean antolatu nahi dugun zerbait da.
Beñat: Harreman Birari dagokionez, azken foroan proposatutako mahaiaren sorrerari bide emateko, udal alderdi guztiekin bilduko gara hirugarrenez. Bertan Ziztakak mahai horren sorreraren alde egitea erabaki duela azalduko diegu eta pixkanaka horri forma emango diogu.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.