Kurdistango eta Kanariar uharteetako doinuak entzun ahal izango dira Urdanibian

Abuztuaren 21ean hartuko du Irunek Bidasoa Folk jaialdiko emanaldia

Folk-a izaten da abuztuaren bigarren erdiko soinu banda Txingudi badian. Munduko hamarnaka lekutako doinuak ekarri ditu jada Bidasoa Folk festibalak Hondarribiko, Irungo eta Hendaiako kale eta plazetara. Aurtengo edizioak aurrekoen bidea jarraituko du. Eszenatoki irekietan izango dira emanaldiak, doan, eta talde eta doinu anitzak ezagutzeko aukera emango dute. Kontzertuen ordutegia aurreratu dute oraingoan, familiak erakartzeko intentzioarekin.benito cabrera

Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak zazpi kontzertu antolatu ditu Bidasoa Folk festibalaren XVI.ediziorako. Hondarribian hasiko da, abuztuaren 19an, Arma Plazan. Hinka hirukotea ariko da lehenengo, 20:30etatik aurrera. Lapurdiko kostaldean sortutako taldea da. Dantzarekin lotutako musika tradizionala, doinu modernoagoekin uztartzen dute. “Inspirazio tradizionaleko talde modernoa da”, argitu dute jaialdiaren antolatzaileek. Oihartzun handiko talde batek hartuko du lapurtarren lekukoa: Altan irlandarrak. Azken urteotan, eta musika tradizionalaren esparruan, beti ere, nazioartean arrakasta gehien izan duen taldea dela baieztatu dute antolatzaileek. Milioi bat disko baino gehiago saldu dute, hamabi urteko epean.

Hurrengo egunean, abuztuaren 22an, Hendaiako Gaztelu Zahar frontoian izango da hitzordua, 19:00etatik aurrera. Bertara gerturatzen direnek emanaldi hirukoitzarekin gozatuko dute. Hendaian ariko diren hiru taldeak lotuko dituen haria, Portugalgo musika izango da. Hasteko, Aqui Há Baile taldea ariko da. PédeXumbo elkartearen eskutik sortu zen 2011n, Portugal hegoaldeko Alentejo erregioko dantza errepertorioari bultzada emateko asmoz. Amaieran, Joao Afonsok eskainiko du kontzertua, bere taldearekin. Mozambiquen jaio zen arren, txikitatik Portugalen bizi izan da. Gainera, Portugalgo musika tradizionaleko abeslaria du osaba, Zeca Afonso. Tartean, Fran Lasuen eibartarra eta José Luis Canal bilbotarra ariko dira. Tangoarekin edo jazz-arekin batera, fado portugaldarra ere badago euskal bikotearen errepertorioan.

Talde exotikoena, Irunen

Urdanibia plaza izango da Irungo eszenatokia, eta abuztuaren 22an hartuko du emanaldia, igandearekin, 20:00etatik aurrera. Gani Mirzo musikari kurduak eskainiko du lehen kontzertua. Turkia, Siria, Iran eta Irak artean dagoen lurraldea da Kurdistan, eta estaturik ez duen herria bizi da bertan. Gani Mirzo laud eta konposizio irakasle izan da Sirian. Gaur egun, musika orientaleko departamenduko burua da Bartzelonako Musika Eskolan. Estilo kurdua, orientala eta flamenkoa nahasten ditu bere konposizioetan. Mirzoren ondotik, Benito Cabrerak joko du Urdanibia plazan. Musikari kanariarra da, eta timple instrumentu tradizionala jotzen du. Musika klasikoarekin eta pop-arekin uztartzen du, dena den.

Kontzertuak eskainiko dituzten zazpi talde edo artisten maila nabarmendu dute antolatzaileek. “Kalitate handiko egitaraua du Bidasoa Folk-ek”, adierazi du Richard Irazusta Hendaiako hautetsiak. Munduko musika ezberdinen bidez, Txingudiko aniztasun kulturalaren balioa azpimarratzea da Bidasoa Folk-en helburua. Bide batez, badiako hiru herrien arteko lankidetzaren adibide egokia dela aipatu du Miguel Ángel Páez Irungo alkateordeak. Hautatutako data kontuan hartuta, agerikoa da udako bisitariei begira prestatutako ekimena ere badela. 3.000 ikuslekoa izaten da batez bestekoa, azken edizioetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude