Kutxa Bira ekimena Irunera iritsi zen apirilaren 20an. Iparra Hegoa elkarteak bultzatutako ekimenak Euskal Herria eta diaspora elkartzea du helburu. “Bizi gira… kutxa bira” lelopean, ekimena 72 herrietatik igaroko da Segurara iritsi aurretik.
Kutxa Bira ekimena Argentinako Patagoniako ipar-ekialdean dagoen Viedma hiritik abiatu zen martxoaren 20an. Ekimenak Diasporatik Euskal Herrira salto egin ostean, Kutxa Biraren ibilbidea Seguran amaituko da maiatzaren 30ean. Egitasmoaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, Patagonian hasiz, ekimenaren barnean euskal diasporari ahotsa eman nahi izan zaio. Izan ere, ekimenaren bultzatzailea Iparra Hegoa elkartea da, 25 urtez euskal nortasuna, euskararekiko atxikimendua eta herri izatearen kontzientzia pizteko konpromisoari eutsi dion elkartea.
Bidaia luze horren erdian, egitasmoa apirilaren 20an arratsaldeko 19:00etan iritsi zen Irunera eta San Juan plazan Irungo AEK eta Irungo Harrera Sareko kideek ongietorri beroa egin zioten. Irunen geldialdia egin ostean, kutxa Hondarribira pasa zen apirilaren 21ean.
Ametsen kutxa
Egitasmoaren protagonista nagusia egurrezko kutxa bat da, Eneko Bachilerrek eta Nagore Zalduaranek diseinatua eta eraikia izan dena. Herriz herri igaro ostean, euskal amets eta nahiak biltzeko helburua du. Kutxaren barnean Euskal Herri osoari zuzendutako manifestua gordeta dago, egitasmoaren geldialdi bakoitzean irakurriko dena. Horrez gain, Kutxa Birak egurrezko kutxan herri bakoitzak helarazitako aldarrikapen mezuak bilduko ditu, hurrengo herriari zuzendutako gonbidapen mezuaz gainera.
Irunen apirilaren 20an egindako ekitaldian AEK eta Irungo Harrera Sareko kideak izan ziren protagonista nagusiak. “Mugak gaindituz euskararen herria, harrera herria” leloan oinarriturik antolatu zen Irunen Kutxa Bira ekimenaren harrera ekitaldia. Ekitaldiaren hasieran zurezko kutxaren barnean gordetako eta Amets Arzallusek idatzitako mezua irakurri zen plazan bildutakoen aurrean. Herriz herri zabaldutako mezuaren irakurketaren ostean, ametsak idazteko ordua iritsi zen. Horretarako antolatzaileek plaza erdian arbel zuri erraldoi bat kokatu zuten eta bertaratutakoei errotulagailuak eskaini zizkieten horma hutsean euskara, euskal nortasuna eta Euskal Herriarekin loturik nahi zutena idazteko aukera izan zezaten. AEK eta Irungo Harrera Sareko kideak izan ziren haien mezuak idazten lehenak eta minutu batzuen buruan hutsik zegoen panela hiritarren amets, ideia eta desioekin bete zen.
Ekitaldia amaitu aurretik, Beñat Altzagak AEK-ko ordezkariak Irungo hiriaren aldarrikapen mezua irakurri zuen: “Mugak dauden lekuan zubiak baleude, denok bat eginda bageunde, batetik bestera joateko aske bagina, euskara bihotzetik ezpainetara zabalduko bagenu, munduko beste hizkuntzekin aberastuko balitz, hemengoak eta hangoak bereiziko ez bagenitu, gure Euskal Herria denona balitz, geurera datozenei harrera duina egingo bagenie, ez geundeke gaur hemen. Gaur ametsak egia bihurtzeko etorri gara, beraz, eraiki ditzagun zubiak, euskararekin eta beste doinuekin osa dezagun sinfoniarik ederrena. Ez dago ez pertsona ez hizkuntza ilegalik. Inor ez da inor baino gehiago. Poza izan dadila denon poza”.
Ekintza puntuala
Kutxa Bira ekimenaren xedea osasun-krisiaren eragina arintzea da. Izan ere, birusaren zabalpena ekiditeko neurrien ondorioz, Korrika eta beste ekimen batzuk ezeztatu, atzeratu edo modu oso mugatuan egin behar izan dira. Antolakuntzako kideek nabarmendu dutenez, egoerarengatik bertan behera gelditu diren ekimenak “ordezka ezinak” diren arren, euskal nortasuna, euskararekiko atxikimendua eta herri izaeraren kontzientzia sendotzen duten egitasmoak sustatzea beharrezkoa dela uste dute. Dena den, Iparra Hegoa elkarteak adierazi duenez, ekimena ez da urteetan irauteko asmoarekin jaio, osasun krisialdiaren testuinguruan jaio baita. Beraz, helburua behin bakarrik egitea da.