LA BASU, rap abeslaria: “Sentimenduak kaleratzeko erreminta da rap-a”

Ez ohiko irakaslea dute Irungo Mendibil Formazio Zentroko Ile-Apainketa zikloko ikasleek. Hasieran mesfidantzaz hartu zuten, baina gaur egun, mirespenez hitz egiten dute La Basuri buruz. Ezizen horrekin ezaguna da Elena Caballero bizkaitarra (Etxebarri, 1983), rap-aren munduan, eta azken aldian, handik kanpo ere bai. Rap tailerrak ematen ditu, eta urriaz geroztik, Letxunborro hiribideko Mendibilen ari da.

 

Nolakoa da ikasleen taldea?

Hamabost neska dira, 14-17 urte artekoak. Ile-apaintzaile izateko ikasten ari dira. Ikastetxea utzi dute denek, eta hemen amaitu dute, ikasteko gogorik gabe. Haien motibazioa pizteko bidea izan daiteke rap tailerrena. Lehen egunean, iritsi nintzenean, errezeloz hartu ninduten, ez nindutelako ezagutzen.

“Ondo konektatu dut neskekin”

 

Hori aldatu al da?

Bai, eta azkar gainera. Ondo konektatu dut neskekin. Haiekin hitz eginda, eta sakonduta, jabetu naiz haien bizitza ez dela batere erraza izan. Baina nirea ere ez. Horretan bat egiten dugu. Barruan dauzkagun sentimenduak kaleratzeko erreminta da rap-a, hala izan da niretzat, eta haientzat ere izan dadin espero dut.

Zer egiten duzue tailerretan?

Raparen historia azaltzen diet, eta gero, metrika, errima eta gainerako elementuak ikusten ditugu. Abestiak aztertzen ditugu, eta sortzen ere ahalegintzen gara. Flamenkoan eta beste estilo batzuetan arituak dira neskak, eta fusio bereziak egiten ditugu batzuetan.

Zer da rap-a, zuretzat?

Nire bizimodua da. Hogei urte daramatzat rap-a egiten, eta gaur egun dena da niretzat, baita nire lanbidea ere. Nik aukeratu nuen bizimodua da, eta oso harro nago hautu horrekin.

90eko hamarkadan hasi zinenean, emakume bakarrenetakoa izango zinen Euskal Herrian.

Urtetan izan naiz emakume bakarra, baina zorionez, hori aldatzen ari da. Tailerretan ditudan emakume askok oso ondo idazten dute. Baina gero beldurra diote oholtzara igotzeari. Gizonezkoek lagun talde handi baten babesa edukitzen dute beti. Emakumeak, rap-ean oso gutxi izaten dira. Erreferenteak falta dira.

Gaztelaniaz hasi zinen, baina euskaraz ari zara gaur egun. Euskarazko rap-ean, are minoritarioagoa da emakumeen presentzia.

Gaztelaniaz hasi nintzen, nire inguruko errealitatea hori zelako. Nik euskaraz ikasi dut, baina familian, lagunartean, inork ez zuen euskaraz egiten. Aire es vida diskoa idazten ari nintzela, euskaraz saiatzeko gogoa sentitu nuen. Garai horretan ikusi nuen gizonezkoen taldeak euskarazko rap-a egiten ari zirela, eta nire buruari erronka jarri nion.

 

“Koaderno pila bat ditut, euskarazko zirriborroz beteta”

 

Eroso al zaude euskaraz idazten?

Niretzat oso zaila izan zen, hasieran, euskaraz idaztea. Kontuan hartu hamabost urte inguru eman nituela euskaraz hitz egin gabe. Koaderno pila bat ditut zirriborroz beteta. Hasteko, Aneguriarekin Trakamatraka egin nuen, eta irudi potentea izan zen: bi emakume euskarazko rap-a egiten. Harrera ona eduki zuen, eta bide horretatik jarraitzea erabaki nuen, euskara sustatzeko, eta emakumezko erreferenteak sortzeko. Azaroaren amaieran disko berria aterako dut, guztiz euskaraz, eta emakumezkoek egina, %100. Euskarazko hamar kantu dira, eta kolaboratzaile guztiak emakumezkoak. Nire buruari jarri nion helburua beteko dut horrela.

Nabarmendu nahi nuke, abenduaren lehenean, hizkuntza gutxituen inguruko festibal batean egongo naizela, Italian, Euskal Herria ordezkatzen. Horretarako rap abeslari bat aukeratzea ez da ohikoa izaten, eta oso pozik nago. Rap-arekin beste zirkuitu batean sartzeko modua da.

Ate batzuk ireki dizkizu euskaraz aritzeak, baina beste batzuk itxiko zizkizun.

Estatuko rap-ean noizbait eduki nuen tokiaren zati handi bat galdu dut, euskaraz aritzeagatik. Baina momentu honetan argi daukat egin nahi dudana. Ez dakit momenturen batean gaztelaniaz ariko naizen berriro. Baietz uste dut, nire oinarria delako, eta batzuetan beharrezkoa delako. Hala ere, oso pozik nago egiten ari naizenarekin.

Rap tailerrez harago, harremana duzu Irungo hip hop mugimenduarekin?

Urte pila bat daramat Irunera etortzen, Irungo Hip hop eta reggae mugimendua erreferentea delako. Stepirekin, Bad Sound System-eko Djarekin grabazioak egin izan ditut. Ni gaztea nintzenean, Bilbokoak, Gasteizkoak eta Irungoak besterik ez geunden. Festibaletan elkartzen ginen, eta harremana oso ona izan da beti. Azken urteotan Fermin Muguruzarekin ere aritu naiz kantuan, eta esperientzia itzela izaten ari da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude