Labore Txingudik helburu berriak finkatu ditu dendaren irekieraren lehen urteurrena igaro ostean

Urriaren 12an urte bat bete da irabazi asmorik gabeko Labore Txingudi elkarteak Irungo Uranzu kaleko 13. zenbakian denda ireki zuenetik. 200 bazkide lortzeko hasierako helburua bete ostean, elkarteak dendaren irekiera ordutegia luzatzeaz gainera, diru-bilketa kanpaina abiatu du. Dornaku Lantz Labore Txingudi elkarteko kideak dendaren helburu berrien inguruan mintzatu da.

Nolakoa izan da dendaren irekieraren osteko lehen urtea?
Egia esan pozik gaude, gustura pasa da lehen urte hau, nahiz eta tartean Koronabirusaren kontu guztia iritsi. Urriaren 12an dendaren irekieraren urteurrena bete zen. Hasiera batean 200 bazkide lortzeko helburua jarri genion geure buruari eta 209 bazkide gara dagoeneko. Inguruko jende asko hurbildu da dendara, baita auzokideak ere, beraz, erantzuna ona izan dela uste dugu eta pozik gaude lortutako emaitzekin.

Pozgarria izango da hasieran markatutako helburuak lortu dituzuela ikustea, ezta?
Bai, gauzak oso erritmo onean joan dira, alegia, espero genuen bezala. Ezusteko bakarra Covid-19a izan da, baina, lan asko egiteko aukera eman digunez ezustekoak ondorio positiboak ekarri dizkigu.

Nolakoa da dendara hurbiltzen den bezeroaren profila?
Bazkide formatua dugu, beraz, bazkide zenbatekoa handitu dela baieztatu dezakegu. Hortaz gain, inguruko eta auzoko jendeak denda arrunt modura erabiltzen du gure saltokia, hortaz, jende askok denda erabiltzeko hautua egin duela esan dezakegu. Dendara kalitatezko produktuen bila etortzen diren etxeko-andre asko dauzkagu gure bezeroen artean.

“Hasiera batean 200 bazkide lortzeko helburua jarri genion geure buruari eta 209 bazkide gara dagoeneko”

Dendaren irekiera ordutegia zabaltzea erabaki duzue, zergatik?
Lehen urtea izanik gauzak pausoz pauso egin nahi genituen, lehenengo oinarri sendo bat genuela bermatzeko. Hasieran goizez irekitzea erabaki genuen bakarrik, baina, dendaren bigarren urtea hasteko arratsaldez ere irekitzea erabaki dugu. Hortaz, ordutegi komertziala arrunta dugu urriaren 13tik aurrera.

Ordutegi zabalak bezero berriengana iristeko aukera emango dizuela espero duzue?
Bai, bakoitzaren lan-ordutegiekin uztartzea errazagoa izango dela uste dugu. Jende asko denda ezagutzeko asmoarekin etorri da, baina, ordutegia dela eta ezinezkoa izan zaie benetan egunerokotasunean erabiltzea.

Bigarren nobedadea, diru bilketa. Zein asmoarekin abiatu duzue crowfounding-a?
Orain arte beharren araberako inbertsioak egiten joan gara. Bertako barazkiak kontsumitzeko kamara-frigorifikoak izatea ezinbestekoa dela ikusi dugu, kalitatea eta kantitateak mantentzeko. Izan ere, banaketari dagokionez ez da erraza egunero barazkiak ekartzea. Bestetik, granela oihartzun handiko gaia da azkenaldian ahalik eta plastiko gutxien erabiltzeko tendentziaren barruan. Granel ontziek leku gutxiagoan gauza gehiago eskaintzeko aukera emango ligukete, baina, errealitatea granel ontziak nahiko garestiak direla da. Elkarte bat garenez, gauzak beti elkar laguntzari esker sortu dira eta, laguntza deialdia bazkideez gainera, gizartera oro har zabaltzeko modu egokiena zela iruditu zitzaigun.

Diru-bilketa Itsulapiko plataformaren bitartez abiatu duzue. Zergatik plataforma hau?
Itsulapiko saltsan ibiliz ezagutu dugu. Plataforma egokiena zela iruditzen zitzaigun, euskarazko azpiegitura eskaintzeaz gainera, informazioa gazteleraz eta frantsesez ipintzeko aukera ematen zigulako eta gure egoera linguistikoa dela eta egoki ikusi genuen. Momentuz oso pozik gaude hartutako erabakiarekin.

Zein diru kantitate bildu nahiko zenukete?
Minimoa 4.000 eurotan jarri dugu kamara-frigorifikoak erosi ahal izateko. Batez ere, Hondarribiko nekazariekin lan egiten dugu eta nekazaritza arlo horri lehentasuna eman nahiko genioke. Aukera balego, 8.000 euro bilduko bagenitu, granel ontziak erosiko genituzke. Bi zifra horien artean ibiltzea lortuko bagenu oso pozik egongo ginateke.

Ekarpenak egin ahal izateko epemuga zehatzik ipini duzue?
Plataforma berak kanpainaren hasieratik amaierara 40 eguneko epea uzten du. Bilketa urriaren 5ean hasi genuen, baina, gauzak mugitzen ari direla ikusten badugu, kanpaina luzatzen ahaleginduko ginateke. Helburua, 40 horiei eustea da eta, horren ostean, ahalik eta gehien zabaltzen saiatzea.

“Labore sustatzea bertako ekoizleak, bertako kontsumoa eta

kontsumo arduratsua sustatzeko modua dela ulertzen dugu”

Jasotako ekarpenak eskertzeko modua topatu duzue ere?
Bai, ekarpenak egiten dituztenek dendan bertan Labore Txingudiko poltsak jasotzeko aukera eskaini nahi izan dugu. Jutezko oso poltsa erosoak dira, besotik zintzilik eramatekoak. Sari sinbolikoa da eta, horrekin batera, dendara hurbiltzeko gonbidapena luzatu nahi izan dugu.

Ekintza horien bitartez kontsumo arduratsuaren aldeko jarrera sustatu nahi duzue?
Bai, ulertarazi nahi dugu gurea erabileran denda arrunt bat dela, baina, irabazi asmorik gabeko elkarte bat garen aldetik, gure helburua argoekologia eta bertako kontsumoa sustatzea da. Hortaz, Labore sustatzea bertako ekoizleak, bertako kontsumoa eta kontsumo arduratsua sustatzeko modua dela ulertzen dugu.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude