Landetxa Kirol Taldea, gazteen irribarrea helburu

1982ko ekainaren 11n saskibaloi talde sortu zena, urteen poderioz, futbol talde izatera pasa da. Gaur egun, 6 taldek eta 150 gaztek osatzen dute Landetxa Kirol Taldea. Etorkizunera begira, emakumezko talde bat sortzea eta auzoan erabilera anitzeko kantxa bat eraikitzea dira euren erronka nagusiak.

alevin

Egunero, Ugaldeko futbol zelaia Landetxako jokalari gazteen ilusio eta lan gogorraren lekuko da. Jokalari onak izaten irakasteaz gain, Miguel Angel Sanchez presidentearentzat, oso garran-tzitsua da “giza-balioak indartzea eta kirolaren bidez gure gazteak heztea”. Baloia gogor astintzen diharduten Alain Pardo eta Jon Mejias nerabeek urtebete daramate klubaren diziplinapean. Aurtengo denboraldia ez da espero zuten bezain ondo hasi. Hala ere, egoera hobera egiteko gogor lehiatzeko prest daude. “Kopan ondo jokatu nahi dugu, Ligako zapore gazi-gozoa kentzeko”. Horretarako, taldeko kide guztien lana ezinbestekoa da. Alainen ustez, “gutako bakoitzak bere gaitasunak ditu eta ahultasunei dagokienez, elkarrekin gainditzen saiatzen gara”.
Bolondres nekaezinak

cadete a
Landetxa K.T.an, ezinbestekoak dira itzalpeko langile nekaezin guztiak, hauen lanari esker jarraitzen baitu klubak martxan. Agustin Eceiza koordinatzailearen esanetan, “egiteko asko dago. Izapide guztiak eta jokalari guztien fitxak bete behar dira, ordutegiak eta desplazamenduak antolatu, eta abar. Ez da lan erraza; hala ere, umeen zoriontasuna ikustean , merezi du”. Presidentearentzat ere, hau da aberasgarriena. “Umeen irribarrea ikustearen parekorik ez dago”.
Lander Martiarena jokalari gaztearentzat, garrantzitsuena da umeak ondo pasatzea eta ahal duten gehien ikastea. Entrena-tzailea izateaz gain, jokalaria ere bada Lander. “Ahal dudan hoberen antolatzen saiatzen naiz. Umeekin bukatzen dudanean, etxera joan eta nire entrenatzeko poltsa prestatzen dut”.
Elkartruke Txapelketa
Urteak dira Landetxa Kirol Taldeak txapelketa hau antolatzen duela. Aurtengoa, ordea, berezia izan da, trenbidearen etorreraren 150. urteurrenarekin bat egin duelako. “Leku gehiagotan ezagutzera eman nahi genuen gure burua. Hori dela eta, Gabonetan egin dugu txapelketa. Madrilgo talde bat, Palentziako bi, Gasteizko beste bat eta Irun-Madril trenbidearen ibilbidean kokatutako Gipuzkoako talde guztiak etorri dira” dio presidenteak. “Antolakuntzari eta kirol alderdiari begiratuta, oso pozik gaude lortutakoarekin. Orain, Madrilen ekaina hasieran jokatuko den itzuliko txapelketaren zain gaude”.

Juvenil A
Etorkizuneko erronkak
Datorren denboraldira begira, helburu nagusia da emakumezkoen futbol taldea osatzea. “Gure hirian tradizio handiko klubak daudela badakigu; hala ere, goranzko eskari honi erantzuna ematen saiatuko gara”. Horretaz gain, lokal soziala egokitzea, Elkartruke Txapelketarekin jarraitzea eta eskubaloi eta saskibaloi sailak sortzeko kantxa balioaniztuna lortzea dira Landetxa Kirol Taldearen beste erronka nagusiak. Horretarako, erakunde eta zaletuen laguntza ezinbestekoa izango zaie.
Informazio gehiago:
http://landetxakt.net/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude