Lanean ari dira Ribera beken irabazleak

Irailean aurkeztuko dituzte ikerketetan oinarritutako artelanak

Antropologia eta artea uztartuko dituzten bi proiektu saritu ditu Ribera beken lehen edizioak. Gorka Alvarezek eta Alazne Corralek antzerki foro bat egingo dute, konpondu gabeko gatazka baten inguruan hausnartzeko helburuarekin. Iker Eizagirrek eta Oier Gilek, azken bi hamarkadetako aldaketek Irungo identitatean izan duten eragina aztertuko dute, ikerketarekin lotutako arte ekintza bat burutzeko. Irungo Udaleko Kultura arloak antolatu du beka. 9.000 euroko diru-laguntza jasoko du proiektu bakoitzak, eta irailera arteko epea izango dute bikoteek, ekimena aurrera eramateko. Ribera jardunaldien bigarren edizioan aurkeztuko dituzte emaitzak.

Hamarkadetan zehar Bidasoari bizkarra emanez hazi eta gero, ibaiertzera hurbiltzeko saiakera egiten ari da Irungo Udala, arlo ezberdinetan. Iaz, Abenida zubiaren mendeurrenaren hariari tiraka, memoria historikoaren inguruko zenbait proiektu martxan jarri zituen. Arte garaikidearekin uztartuta, adibidez, Ribera jardunaldiak antolatu zituen irailean, Bitamine Faktoria artisten kolektiboarekin elkarlanean. Diziplina ezberdinetako hamar artista baino gehiagoren lanak aurkeztu zituzten, egun batez, Abenida zubiaren inguruan. “Arte garaikidearen bidez, Bidasoa ibaiari, memoria historikoari eta muga kontzeptuari buruz hitz egingo zuten proiektuak sustatzeko helburuarekin sortu zen Ribera”, azaldu du Juncal Eizaguirre Kultura arloko ordezkariak: “Gure hiriaren identitateko elementuak dira, gure iragana azaltzen dutenak”.

Ekimenak jarraipena izango zuela aurreratu zuten orduan. Orain, izen bereko beken irabazleen berri eman dute. Bertako artistak antropologoekin, soziologoekin, historialariekin edo hezkuntza arloko profesionalekin harremanetan jartzea izan da bekaren helburua, diziplina arteko bikoteak osatuz. “Ezaugarri horiek dituen proiektu bakarra da gure inguruan”, azpimarratu du Eizaguirrek. Bekaren oinarriek proposatutako profilak betetzen zituzten Alazne Corral artista donostiarrak eta Gorka Alvarez antropologo elorriotarrak. “Urteak generamatzan elkarrekin lan egiten, Zapalduen Antzerkia tailerretan”, azaldu du Corralek: “Deialdia ikusi genuenean, zer proposatuko genuen hausnartu, eta aurkeztea erabaki genuen”.

Corralen ikaskide izan zen Iker Eizagirre, antropologian. Oier Gil artistaren laguna da, eta aspaldian zebiltzan elkarrekin lan egiteko gogoz. “Ikusi genuen aukera polita zela gure lanaz liberatu eta denbora eskaini ahal izatea gure hiriaren inguruko azterketa bat egiteko”, adierazi du Gilek. Irundarrak izanik, Ribera ekimenaren inguruko ikuspegi hurbilagoa dute. Ondorengo hausnarketa egin du Iker Eizagirrek: “Irungo ekonomia hirugarren sektorean zentratzen hasi da, eta horrekin lotuta, beharrezkoa da Irun turismo merkatuan kokatzea. Horretarako, Bidasoa ibaia eta muga erreklamo ona izan daitezke”. Logika horretan kokatu ditu Oier Gilek, udalak Bidasoa ibaiari begira egindako beste zenbait ekintza, Oxinbiribiletik Behobiara joango den egurrezko pasabidearena, adibidez: “Guggenheim efektu moduko bat bilatzen dute, bidasoar erara”.

Globalizazioa eta irundar identitatea

Iritzi horiek plazaratzeko argudioak dituzte Eizagirrek eta Gilek, sakon aztertzen ari baitira Irun hiriak azken hamarkadetan izan duen bilakaera. Irailerako aurkeztuko duten esku-hartze artistikoa prestatzeko, ikerketa antropologiko mardula egiten ari dira. Hiriak azken hamarkadetan jasan dituen aldaketak aztertuz hasiko direla azaldu du Iker Eizagirrek: “Asko eraldatu da hiria, arlo produktiboan, alde batetik: aduanen amaiera, desindustrializazio prozesua, ekonomiaren tertziarizazioa etab. Bestetik, alde erreproduktiboan: familia ereduetan, aisialdi ereduetan, kontsumo ohituretan etab.”. Argi dute aldaketak ez direla Irunen soilik gertatu, horregatik, testuinguru orokorrago batean kokatuko dituzte. Globalizazioak zein inpaktu nagusi izan dituen azalduko dute. Marko teorikoa osatuko dute, bildutako material bibliografikoarekin.

Ondoren, aztertutako aldaketa guzti horiek, Irun hiria ulertzeko moduan, eta irundar identitatean zein eragin izan duten ikertuko dute. Horretarako, elkarrizketak egingo dituzte irundarrekin. Arteari ere erreparatuko diote, eta besteak beste, kaleko arte espresioak aztertuko dituzte. “Ez da berdina Che Guevararen murala edo kantineraren eskultura ikustea. Bestalde, Irunen badaude hainbat arte espresio, mundu mailan ezagunak direnak, baina Irungo identitate hegemonikoak nabarmendu ez dituenak. Oteizaren eta Basterretxearen etxea zein egoeratan dagoen ikustea besterik ez dago”, argitu du Oier Gilek. Burutzen duten ikerketan oinarrituta, esku-hartze artistiko bat prestatuko dute Gilek eta Eizagirrek.

Antzerki parte hartzailea

Haien aurreko esperientzietan oinarrituta, herri antzerki talde bat eratuko dute Alazne Corralek eta Gorka Alvarezek Irunen. Memoria historikoarekin lotuta, konponbiderik izan ez duen gatazka baten gaia hautatuko dute parte hartzaileek, eta antzerkiaren bidez, haren inguruan hausnartu eta irtenbideak bilatuko dituzte. “Ikertzeko erreminta gisa ulertzen dugu antzerkia. Antzerki foroaren formatua erabiliko dugu: gaia hautatu, antzerki batera eraman, errepresentazio bat egin, eta haren inguruan hausnartu, eta alternatibak proposatu”, azaldu du Alazne Corralek. Jendearen ekarpenak, iritziak eta proposamenak bildu, sintetizatu, eta haiekin proiektu bat martxan jarri nahi lukete ondoren.

Gorka Alvarezek azpimarratu du ez direla ohiko antzerki zuzendariak: “Dinamizatzaileak gara, baina antzerkia, Irungo jendeak egingo du”. Alde horretatik, ziurgabetasun puntu bat dutela onartu dute. Ez baitira bertakoak, horrek dakartzan abantaila eta desabantaila guztiekin. “Inguru honetan genituen kontaktuetatik tiraka hasi gara. Zenbait kolektiborekin elkarrizketak eduki ditugu jada. Antzerki eskoletara ere joango gara, eta kartelak jarriko ditugu. Azpimarratu nahi genuke, dena den, ez ditugula antzerkilariak soilik nahi. Jende arrunta gonbidatu nahi dugu”, zehaztu du Corralek. Tailer irekiak egingo dituzte, jendeak dinamika proba dezan.

Momentuz, artista-antropologo elkarlana aberasgarria izan dela onartu dute bi bikoteek. Corralek eta Alvarezek denbora daramate lankidetzan, eta ondo ezagutzen dute elkar. Eizagirrerentzat eta Gilentzat, ordea, berria izan da esperientzia. “Lan egiteko bi ikuskera ezberdin dira, kontsentsu ariketa luzeak egin behar dira. Baina nik uste, antropologiaren ikuspegitik, artista batekin lan egitea ekarpen handia dela. Jakintza sozializatzeko modu ona da artea”, aipatu du Iker Eizagirrek. Elkarrenganakoa da interesa, Oier Gilek baieztatu duenez: “Artistok, askotan ikerketa bat egiten dugu, baina ez dugu inoiz sakontzen, antropologo batek egin dezakeen moduan”. Fruitu aberatsa eman dezake, beraz, antropologo-artista elkarlanak.

2 thoughts on “Lanean ari dira Ribera beken irabazleak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude