Lapurriturriko informazio puntuak “Polinizatzaileen pista-jokoa” estreinatuko du  uztailaren 15ean

Lapurriturriko Informazio Puntua –Aiako Harriko Parke Naturalean– Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko arloak bultzatzen du, eta udako denboraldiari jarraipena emango dio “Polinizatzaileen pista-jokoa” jarduerarekin. Proposamen hori berria da, eta uztailaren 15ean, larunbatean, egingo da, 11:00etan.

Jarduera horren asmoa da Lapurriturritik hurbil dauden bide-ertzetako izaki bizidunak ezagutaraztea. Haien artean, polinizatzaileen garrantzia azpimarratuko da; izan ere, animalia horiek lorez lore ibiltzen direnez elikatzeko, polena lore batetik bestera eramaten dute.

Jarduera oinez eta pista-joko baten bidez egingo da. Pista-joko horretan, izaki bizidunen irudiak eta izenak erlazionatu beharko dira, animalia bakoitza habitat batean kokatu, erle- eta liztor-motak bereizi eta abar. Jokoa amaitutakoan, birpasatu egingo da, joko dinamiko baten bidez.

Herritar guztientzako da jarduera, eta, bereziki, 6 urtetik 10era bitarteko umeak dituzten familientzako. Izena eman nahi duenak 010 telefonora deituz egin dezake, edo www.irun.org  webgunearen bidez, uztailaren 12a (asteazkena) baino lehen.

Lapurriturri, jardueraz betea

Lapurriturriko informazio-puntua maiatzaren 28an hasi zen lanean, gure natur ingurunean bizi diren hegaztiak ezagutzeko irteera bat eginez. Udan eta udazkenean beste txango batzuk egitea ere aurreikusten da. Jendeari arreta emateko ordutegia ohikoa izango da: ekainetik urrira bitartean, asteburu, jaiegun eta zubietan, 10:00etatik 14:00etara bitartean.

Lapurriturriko Informazio Puntuaren inguruan

Lapurriturriko informazio-puntuak hamabost urte baino gehiago darama bisitariei parkea ezagutarazten, eta hartarako, hainbat jarduera antolatzen ditu denboraldi osoan. Udaberrian, udan eta udazken hasieran jarduerak antolatzeaz gain, informazio-puntuan bertan parke naturalari buruzko informazioa ere ematen dute, paperean edo gidari batek azalpenak emanda, bost ibilbide tematikoen inguruan (elurzuloak, meatzaritza, ikazkintza, gerrak eta flora-fauna-ura) eta baita inguruko eskaintza turistikoaren inguruan ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude