Lakaxitako asanbladako kideek eta erabiltzaileek ere kezkaz bizi izan dituzte San Migel-Anaka planari buruzko berriak. “Izaera autogestionatuko gune bat beti bizi da mehatxupean”, onartu du Beñat Muguruzak. Gainera, proiektuari buruzko informazio guztia komunikabideen bidez jaso dutela salatu du. Horrela jakin zuten udalak eraikina erosi zuela, eta Hiri Antolaketarako Plan Bereziaren bigarren aldaketaren arabera ordenaziotik kanpo geratzen zela. Egoera horrek ekar zitzakeen ondorioen beldur, otsaileko udalbatzan Lakaxitaren etorkizunari buruzko galdera egiteko baimena eskatu zuten. “Udalbatzan hitz polit asko entzun genituen”, adierazi du Muguruzak. “Hamaika urteko ibilbidean lehen aldiz”, zehaztu du.
“Udalak gure lana onartu eta txalotu du, eta horrek lasaitasuna ematen digu”
Iune Trecet, Lakaxitako asanbladako kidea
Xabier Iridoy Hirigintza ordezkariarekin eta Mikel Orgallo arkitektura buruarekin bildu ziren ondoren, martxoaren 17an, egoeraren inguruko xehetasunak biltzeko asmoz. “Luze hitz egin genuen, eta nik uste zalantza guztiak argitu genituela”, baieztatu du Iridoyk. Lakaxitako asanbladako kideek ere balorazio positiboa egin dute. Plazaratu duten oharrean udaleko ordezkariei eskerrak eman dizkiete jasotako harreragatik, eta Lakaxitak hiriari egiten dion ekarpena aitortzeagatik. “Udalak gure lana onartu eta txalotu du, eta horrek lasaitasuna ematen digu”, aipatu du Iune Trecetek. Udalak eraikina eraisteko asmorik ez duela, eta Lakaxitak orain arte funtzionatu duen moduan aurrera egin dezan begi onez ikusten duela ere jakinarazi du Xabier Iridoyk: “Modu autogestionatuan funtzionatu dute orain arte, eta esperientzia baikorra izan dela uste dut. Zergatik aldatu orain arte ondo funtzionatu duen jarduera?”.
Aitzitik, eraikinaren jabetza Irunvi Irungo Etxebizitzarako Elkarte Publikoarena da. Hortaz, udalak du han gertatzen denaren gaineko ardura. Horregatik, eraikinak segurtasun neurri jakin batzuk bete beharko dituela aurreratu du Hirigintza ordezkariak. “Teknikari bat pasa beharko da ikuskatzera. Pentsatzen dugu etxea nahiko ondo dagoela, urte guzti hauetan mantentze lanak egin dituztelako”, azaldu du Iridoyk. Martxoaren 17ko bilerara, eraikina finkatzeko proposamena eraman zuten Lakaxitako asanbladako kideek. Baina Iridoyk argitu du aukera horrek beste egoera batera eramango lukeela: “Bide normatibotik eramango luke. Lakaxita eraikina ekipamendu publiko bihurtuko litzakete, eta arautegi estu bat bete beharko luke”. Beñat Muguruzak aurreratu du ez duela uste baldintza horiek betetzeko prest daudenik. Asanbladan eztabaidatuko dituzte aukerak, dena den.
Ospakizuna, Jaionen
Jasotako azken albiste onak ospatzeko aukera izango dute Lakaxitan era batera edo bestera parte hartzen duten guztiek. Apirilaren 23an gaztetxearen hamaikagarren urteurrena ospatuko dute, urteroko Jaion festarekin. Kontzertu ibiltaria irtengo da 17:30etan Moskutik, Urdanibia plazatik. Ondoren, festa luzea izango da Lakaxitan. Lakaxita beriola leloa hautatu dute aurten, Lakaxitak bere horretan jarrai dezan nahi dutela aldarrikatzeko. Bide luzea egin du modu autonomo eta autogestionatuan funtzionatzen, eta moldatzen eta eraldatzen ere jakin du. “Gaur egun ez dakigu nola deitu. Gaztetxe hitzak lotsa pixka bat ematen digu jada”, onartu du Beñat Muguruzak. Izan ere, gaztetxe klasikoetan ohikoak diren hitzaldiak, eztabaidak, kontzertuak, antzerkiak eta bestelako jarduerak hartzeaz gainera, elkarteen, kooperatiben eta beste zenbait kolektiboren egoitza ere bada. Hiritik At arkitektura sozialeko elkartea, Aldatsa eta Bare Alaia baratze kooperatibak, edo Stop Kaleratzeak plataforma dira horren adibide.