Rubén Martínezentzat Irunen Santiago zubitik gertu kokatutako skate parka bere bigarren etxea da. Larunbat goizetan skatean ibiltzen ikasteko eskolak ematen dizkie espazio honetan neska eta mutil gazteei. Konturatzerako 9 urte igaro dira irakasle moduan lehen skate eskolak eman zituenetik. Irungo Skate Eskolaren bitartez kirol honekiko zaletasuna zabaltzen eta erakusten saiatu da Rubén Martínez urte hauetan guztietan.
Irungo Skate Eskola sortzea erabaki zenuen Irunen horretarako beharra nabaritu zenuelako?
Eskola sortu aurretik, leku itxi batean skate eskolak ematea proposatu zidaten. Leku hori itxi zenean, guraso batzuek klaseak ematen jarraitzeko eskatu zidaten, eta Ficobako skate parkean klaseekin jarraitzea erabaki nuen. Bederatzi urte igaro dira gaztetxoei lehen eskolak ematen hasi nintzenetik.
Irunen skater asko daudela esango zenuke?
Bai, jende asko dago patinatzen duena. Hala ere, asko gustatuko litzaidake inguru honetan patinatzera animatuko liratekeen neska-mutil gazteak gehiago izatea. Aroka funtzionatzen duen kirola dela uste dut, hau da, badaude jende asko irristatzen den garaiak eta alderantziz, skater gutxiko garaiak ere badaude. Egia da oso kirol gogorra eta zorrotza dela, eta horregatik frustragarria izan daiteke. Horregatik, asko gustatu behar zaizu patinatzen jarraitu nahi izateko.
“Bederatzi urte igaro dira gaztetxoei lehen eskolak ematen hasi nintzenetik”
Orokorrean, zein da zure ikasleen profila?
Nire ikasleek 10 urte dituzte batez beste. Beren gurasoek ohikoa ez den beste kirol bat bilatzen dutelako animatzen dira neska-mutil asko patinatzera. Bestela, badira kirol hau asko gustatzen zaien gaztetxoak ere, eta zuzenean eskatzen dizkiete gurasoei kirolean hobetzeko eskolak. Horrela, gustuko duenak bakarrik jarraitzen du, konpromisorik gabeko eskolak baitira. Klase hauen helburua ondo pasatzera etortzea da.
Nola antolatzen dituzu eskolak?
Talde batekin bakarrik egiten dut lan, ikasle gehienek 10 eta 12 urte inguru baitituzte. Klaseetarako larunbatetan elkartzen gara goizeko 10:45etan Irungo Skate Parkean. Hori bai, udan klaseak goizxeago izaten dira tenperatura altuengatik.
Eskolarentzat funtsezkoa izango da Irunek horrelako skate park bat izatea, ezta?
Bai, niretzat leku hau nire bigarren etxea da. Egia da eguraldiak % 100ean baldintzatzen duela kirol honen praktika. Horregatik, ondo legoke skate parkeak teilape bat izatea, euria egiten duen egunetan ere patinatu ahal izateko. Uste dut espazio hau duela 14 urte inauguratu zela eta nik uste dut ordutik ez zaiola mantentze lan handirik egin. Behin baino gehiagotan idatzi dut udalera, zatiren bat konpon dezatela eskatzeko. Beraz, ondo legoke etorkizunean espazio hau gehiago zaintzea.
“Salto egitean datzan olliea bezalako trikimailu soil batek aurretiko lan handia eskatzen du”
Skatea gainean aritzeko gorputz guztia erabili behar da?
Bai, gorputzeko atal guztiak lantzen diren kirola da. Oso kirol fisikoa eta aerobikoa dela esan daiteke, baina, aldi berean, baita oso psikologikoa. Azkenean, dena lotuta dago, bai gorputza, bai burua.
Beraz, zer trebetasun dira beharrezkoak kirol honetan ona izateko?
Garrantzitsuena gustuko izatea da. Hori funtsezkoa iruditzen zait, iraunkortasuna baita benetan hobetzen lagunduko dizuna. Hala ere, argi dago zenbaiti besteei baino hobeto egokitzen zaiela, dela fisikoki, dela mentalki beste batzuk baino trebeagoak direlako, hori ere argi dago.
Ikaskuntza-prozesuan erorketak saihestezinak dira. Nola egiten duzu jendeak erortzeko beldurra gal dezan?
Horretarako, funtsezkoa da zeure buruarengan konfiantza izaten ikastea, eta nik hori lotzen laguntzen diet. Jende asko ikasten hasten da skatean irristatzen jakin gabe, eta bere buruan irabazitako konfiantzari esker orain oso ondo patinatzen du. Uste dut zeure buruarengan sinesten ikastea oso garrantzitsua dela, ez kirol honetarako bakarrik, baita bizitzan ere, oro har.
Banakako kirola izan arren, balio asko lantzen dira?
Bai, noski. Kirolarien arteko errespetua asko lantzen dugu, batak bestea babes dezan. Garrantzitsua da ondo pasatzea, elkarren artean lehia txarrik sortu gabe.
Nola animatuko zenuke zalantzan dagoen hori skatea probatzera?
Bizitzan bezala, zerbaitetan interesa duzunean uste dut egin dezakezun onena probatzea dela. Azkenean, irristatzea ondo pasatzeko egiten dugun zerbait da, eta probatzen baduzu eta gustatzen ez bazaizu, beti izango duzu ez errepikatzeko aukera. Gainera, gustatzen zaizula ikusten baduzu, oso garrantzitsua da saiatzen jarraitzea, nahiz eta hasieratik onena ez izan, oso kirol teknikoa baita. Salto egitean datzan olliea bezalako trikimailu soil batek aurretiko lan handia eskatzen du. Pertsonaren arabera, ikaskuntza arinagoa edo azkarragoa izango da, baina saiatuz gero, beti lortzen da.
Uste duzu helduagoak direnak ere patinatzen ikasteko garaiz daudela?
Bai, nola ez. Noizbait helduren batek klaseren bat eskatu dit eta eman egin diot. Beraz, inoiz ez da berandu patinatzen ikasteko eta edonor saiatu daiteke.
Eskolaren barruan, zer helburu dituzu etorkizunera begira?
Egia esan, etorkizunera begira ez dut helburu handirik. Izan ere, agian hauxe da nire azken urtea skate irakasle bezala. Orain 42 urte ditut eta ia 10 urte daramatzat skate eskolak ematen. Oraindik eskolak eskatzen jarraitzen dizkidaten gurasoak ditut, baina ikusiko dut ea hau nire azken urtea izango den edo ez irakasle bezala.