LAURE RODRÍGUEZ, feminista musulmana: “Emakume musulman bat komunikabideetan protagonista denean, gorputzagatik edo janzkeragatik izaten da”

Itzalean egon izan da, hamarkadetan zehar, feminismo islamikoa. Periferian, bai islam-aren munduan, baita feminismoarenean ere. Haren oihartzuna, alabaina, zabalduz doa pixkanaka. Laure Rodriguez Quiroga (Paris, 1975) da mundu mailako aktibista nagusietako bat, eta Irunen bizi da, gaur egun. Feminismo Islamikoko Nazioarteko Kongresuko zuzendaritzako kidea da. Bere ikerketen eta liburuen bidez, emakume musulmanaren inguruko estereotipoak apurtzeko lanean ari da, buru-belarri. Falsos mitos de la mujer en el Islam (Editorial Almuzara) da argitaratu duen azken liburua.

Parisera migratu zuten galiziarren alaba da Laure Martinez Quiroga. Frantziako hiriburutik Irunera lekualdatu ziren, haurra zela, eta bertan hazi zen. Gero, ia bi hamarkada eman ditu munduko leku ezberdinetan bizitzen, Bidasoa aldera bueltatu aurretik. Testuinguru katoliko batean hezia izan zen arren, helduaroan, islam-ak erakarri zuen. “Ezingo nuke esan zehatz-mehatz noiz eta nola izan zen. Prozesu luze baten ondorioa da erabakia”, azaldu du Rodríguezek. Azpimarratu du, dena den, islam-a ez duela erlijiotzat hartzen: “Ez da erritual-espirituala bakarrik. Askoz zabalagoa da, munduan egoteko era bat, bizimodu bat, azken finean”.

Feminismo ateotik zetorren Laure Rodríguez, baina ez zitzaion iruditu islam-arekiko kontrajarria izango zenik. Are gehiago, baieztatu du Islam-ak feminismoa “berezkoa” duela. Koranaren irakurketa feminista egiten du Rodríguezek, baina bistan da ez dela interpretazio zabalduena. Pozik dago, hala ere, feminismoa gero eta gehiago hedatzen ari delako komunitate musulmanetan: “Jarraipena izango dugu, belaunaldi berrien partetik. Indartsu datoz, formazio akademiko handiarekin”. Beste kolektibo feminista batzuekin harremanak estutzea lortu dute, gainera azken aldian. “Matxismoaren aurka indarrak batzea da asmoa”.

“Islamaren interpretazio misoginoek lotura handia dute tradizio katolikoarekin”

Islam-aren interpretazio matxista nagusitu da, leku eta testuinguru batzuetan. Zergatik?

“Gehiengo musulmana duten herrialdeen historia aztertuta, konturatuko gara une batean biraketa bat egon dela, matxismorantz. Hain zuzen ere, Europar kolonizazioaren garaian gertatu zen hori. Europako herrialdeetan nagusi ziren genero teoria guztiak, kolonietan zabaldu ziren orduan. Beraz, islamaren interpretazio misogino horiek lotura handia dute tradizio katolikoarekin”.

Munduko 200 herrialde baino gehiagotan presente dago islam-a. Gehienak, estatu laikoak direla nabarmendu du Laure Rodriguezek. Herrialde arabiarretan eta Afrika iparraldean kokatzen dugu begirada, gehienetan. Baina herrialde horietan, munduko populazio musulmanaren %14 baino ez da bizi. “Herrialdeetako politikak ez dira islam-aren ordezkari. Saudi Arabia eta Iran ez dira gure erreferente, Ameriketako Estatu Batuak kristautasunaren ordezkari ez diren bezala”, adierazi du Rodríguezek.

Emakume musulmanen inguruko estereotipo okerrak aztertu dituzu zure azken liburuan. Janzkerarena da zabalduenetako bat?

“Hala da. Komunikabide nagusiak arakatzen baldin baditugu, emakume musulman bat protagonista denean, bere gorputzagatik eta janzkeragatik izaten da, ia beti. Hori larria da, baina estatu honetako errealitatetik gertu dago. Kontuan hartu, urtarrilaren leheneko trending topic-a Cristina Pedroche telebista aurkezlearen soinekoa dela. Edo sexu erasoen kasuan, oraindik ere biktimaren janzkeran jartzen dela arreta”.

“Gizonezkoen arteko harreman homosexualetan jartzen da arreta. Lesbianismoa estali egiten da”

 

LGTB kolektiboaren aurkako jazarpena ere azpimarratzen da, komunikabide askotan. Zein neurritan gertatzen da?

“Hasteko, aipatu, gehienetan gizonezkoen arteko harreman homosexualetan jartzen dela arreta. Lesbianismoa estali egiten dela. Edonola ere, errealitatea da munduko 75 estatuk zigortzen dituztela sexu bereko pertsonen arteko harremanak. Eta horietatik, gutxienekoa direla mundu islamikoko herrialdeak. AEBak dira horietako bat, estatu batzuetan odola ematea ere debekatzen baitiete homosexualei. Nire galdera da, zergatik ez dira halako gauzak agertzen, komunikabideetan?”.

Ez dira akordioak betetzen

Espainiako estatuan, estatu demokratikoa izanik, emakume musulmanen eskubideak errespetatzen ez direla azpimarratu du Laure Rodríguezek. Adibide esanguratsu modura, azaldu du Espainiako estatuak ez dituela emakumezko imam-ak onartzen. “Beste herrialde batzuetan badira, baina Espainiako estatu demokratikoan ez. Matxismo hori estatuak berak sustatzea oso larria da”.

Emakume edo gizon, musulmanen eskubideak urratzen dira Espainiako estatuan, Atzerritartasun Legean sartu gabe, baita bertan jaiotakoak direnekin ere. Leure Rodríguezek argudiatu du: “1992an kooperazio akordioen lege bat sinatu zen, eta oraindik ez da betetzen. Adibidez, gaur egun, hiltzen baldin banaiz, ezin naute hilerri musulman batean lurperatu. Ez dira existitzen. Eta duela 25 urte onartu zen eskubide hori. Ospitalean ingresatzen baldin banaute, ez dut halal menua jasotzeko aukerarik izango. Eta eskubide hori ere onartua dago”.

Azken ureotako atentatuen ondorioz sortutako islamofobiari ere aurren egin behar diozue orain.

“Gai horren inguruan, argitu beharra dago Koran-eko yihad terminoaren lapurreta bat egon dela, alde askotatik. Ahalegin edo esfortzu handia da bere esanahia. Ni adibidez, matxismoaren aurkako aktibismoagatik, yihadista naizela esan dezaket.

Alde horretatik, yihad terminoa bahitzen duen jende horri ezin zaio sinesgarritasunik eman. Argi dago haren burua musulmantzat eduki eta biolentzia erabiltzen duen jendea badagoela, jakina. Baina beste erlijioetakoak ere badira. Muturreko joerak mugimendu guztietan existitzen dira. Nire ustez, terrorismoaren aitzakiaz planteatzen ari diren segurtasun politikak ere aztertu behar genituzke. Huts egin dutela, eta kontrako eragina lortzen ari direla iruditzen zait. Segurtasuna armetan oinarritua dago, eta horrela, ezinezkoa da bakea lortzea”.

Feminismoak ekarpenen bat egin al dezake, bakearen alde?

“Indarkeriaren aurka egiteko ahalmena eta konpromiso irmoa du feminismoak. Indarkeria matxista, gerrak, terrorismoa, denek lotura bat dute. Lurraldeak edo gorputzak okupatzean datza indarkeriak, azkenean. Beste konflikto batzuetan emakumeok erakutsi dugu, indarrak batu ditugunean, lorpenak erdietsi ditugula. Euskal Herrian ere, emakumeen papera funtsezkoa izan da, nahiz eta hori ezkutatu izan den. Dena den, helburua ez da domina jartzea eta argazkian agertzea”. Lorpenak ezkutuan gera daitezen ahaleginduko badira ere, islam-ean feminismoaren alde lanean jarraituko du Laure Rodríguezek.

Metal musika islamikoa aztertzen ari da

Musulmana, feminista eta metal zalea da Laure Rodríguez. Estereotipo guztiak apurtzen ditu. “Ez dut musika arabiarra entzuten”, onartu du: “Metal zalea naiz. Begirada kolonial eta arrazistaren alaba naizenez, nire erreferenteak metal talde okzidental eta zuriak ziren. Ez nuen sekula pentsatu, mundu islamikoan ere metal taldeak egongo zirenik”. Denbora darama, ordea, gehiengo musulmana duten herrialdeetako metal musika aztertzen, eta harrituta dago egin dituen aurkikuntzekin. Zerrenda luzea osatzen ari da, 5.000 metal talde baino gehiagorekin.

Afrika beltzean, reggae-ak eta rap-ak presentzia handiagoa dute. Afrika iparraldean eta herrialde arabiarretan, metal taldeen kopurua esanguratsua da. Baina banda gehien, Asia hego-ekialdean daude. Emakume metal zaleen presentzia handia da, gainera, bertan. “Genero gogorrenak lantzen dituzte: trash eta death metala”, azaldu du, harriduraz, Laure Rodriguezek. Metal islamiko kontzertu bat, edo sorta bat, antolatu nahi luke, datorren urtean, Espainiako estatuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude